Sakanan bizi gara eta bertan lan egin nahi dugu, modu duinean. Ziorditik Izurdiagara doan bailara honetan beti jakin dugu langileoi dagozkigun eskubideak ez zaizkigula doan emanen, landu, borrokatu egin behar ditugula. Hala, jendartearen gehiengoa osatzen dugun langileok, gure eskubideak tinko defendatzeko apustua egin dugu hemen.
Lau urte dira, gutxienez, krisi sistemikoaren ondorioak larrutik ordaintzen hasi ginenetik. Gure begien aurrean ikusi ditugu lantegien itxiera justifikaezinak, langileen kaleratze masiboak, laguntza sozial eta zerbitzu sozialen murrizketak, bertako komertzio, ostalaritza eta abeltzainen etorkizuna iluntzen... eta ez digute eman inongo babes edo laguntzarik, ustez, denona den Nafarroako Gobernuaren kudeatzaileek. Muzin egin diete, beti, gure eskaera eta proposamenei. Gure ehun industrialak urteak daramatza hariak galtzen, eta ez dugu inoiz Iruñetik datorren jostunik ezagutu .
Ufesaren itxierak adierazi zigun atzetik zer zetorren, garai hartan sinistu ez bagenuen ere, handik aurrera Gamesa, Isphording, Igartex, Arfe, Inasa... itxi dituzte, ehunka langile kalean utziz eta etorkizunerako lanpostuak kenduz. Egun, 1.800 langabe inguru ditugu bailaran. Ez da egoera makala, hil ala bizikoa.
Eta, Sakanan bizi eta lan egin nahi genuela erabaki genuen. Hori izan da azken urteetan sakandarrok bildu gaituen esaldi borobila. Lelo horren pean hasi ginen bertatik bertarako alternatiba eta lan ildoak aztertzen, eztabaidatzen, konpartitzen eta adosten. Bertako enpresari elkarte, herri eragile, sindikatu eta alderdi politiko ia-ia denen artean, oinarrizko adostasunetara iritsi arte. Diagnosia konpartitu eta lan ildoak zehazteraino. Ezin ginen besoak gurutzatuta gelditu, goitik behera zerbait etorriko zen zain bageunde, jai geneukan!
Bertan jaiotako herri eragile baten eskuari heldu genion hainbat alderdi, sindikatu, enpresari eta eragilek, Sakanako Krisi Mahaia osatzeko. Eragile horren lan onari esker, ikuspuntu ezberdin, oso ezberdinak, genituenak elkarrekin jarri eta Sakanako egoera txarrari buelta emateko indarrak bildu eta proposamen bateratuak egitera behartuta geundela ikusarazi zigun, herri eragileak.
Hasitako bideari jarraikiz, sakandarrok, gure bailararen suspertze ekonomikoa nondik norakoa izan behar duen erabaki, eta bide hori, modu parte hartzailean egin behar dugula ikusi genuen. Jendartearen parte hartzea erraztuko duten sareak eta bideak zabalduz, iniziatiba ezberdinak koordinatu eta dinamizatuz, indarrak bilduz eta bertako aukerak potentziatuz.
Denon artean ezinbesteko zereginak definitu genituen: Sakanarako Plan Estrategiko bat egitea eragileen parte hartzearekin, bertako garapen sozial eta ekonomikoaz arduratuko den entitate bat sortzea, Nafar Gobernuari lankidetza iraunkorra eta behar adinako diru laguntza exijitzea eta gizartearen dinamizazioa bultzatzea, plataforma irekien bidez edo beste era batera, herritarrak sentiberatzeko eta ibarraren garapen sozio-ekonomikoan inplikatzeko.
Eta horretan ari gara buru-belarri, elkarlanez, bidea urratzen. Ez gara, izan beharko ginatekeen guztiok, baina ez dugu ilusioa galtzen. Jakina da, kosta egiten dela eguneroko lozorro indibidualetik esnatu eta lan sozialetan, taldekakoan murgiltzea etorkizuna egunez egun eraikitzeko.
Justizia sozialean oinarritutako jendartea eraikitzen aritzea da gure asmoa, lan produktibo zein erreproduktiboa eta aberastasunaren banaketaren beharra barneratuz, sistema publikoa eta zerbitzu sozialen indartzea potentziatuz, eta hori guztia, herritarren parte hartze eta inplikazio zuzenarekin. Horrek eginen baititu atzeraezin emanen ditugun pausoak. Oinarrizko kontzeptu justu horien aurrean, gehiengo zabala bildu eta antolatzea ez dela zaila sinistuz, abiatu dugu bidea. Ez dugu damurik!
Ez da erraza etsipena, beldurra, tristura, inpotentzia eta antzeko sentimenduen atzaparretatik irten eta borroka kolektibo zabal bat antolatzea, berriz ere ilusioa eta ditugun potentzialak berpiztuz. Batzuek eragile eta asanblada askotarikoetan parte hartuz, asko hainbat mobilizaziotara eta ekimenetara joanez, hitzaldi, tertulia, kanpaldi edo jardunaldietan iritziak konpartituz... denok dugu zeregina Euskal Herrian eta Sakanan.
Aspertzerik ez dago gure herri honetan, martxak, kontzentrazioak, okupazioak, manifestaldiak... eta, datorren 26an, beste pauso bat emanen dugu politika ankerren aurka eta burujabetasunaren alde, greba orokorraren eskutik. Bidea ez da hor bukatzen, baina protesta masiboki kaleratzeko bidegurutzea izan beharko luke, ondoren animo eta ilusioz betetako motxila bizkarrean hartu eta bideari ekiteko. Behatza jaso dezala politika murriztaile honek krisitik aterako gaituela pentsa duenak edo neurri horiek gure lurraldean aplikatzearekin ados dagoenak. Horiek izan ezik, beste guztiok atera behar dugu kalera gaur, bihar eta irailaren 26an.
Toki arrotzetan hartutako erabaki are arrotzagoak, zulora garamatzate. Erabaki anker horiek aplikatzeari utzi, aurrekontuetako murrizketak indargabetu eta krisiari buelta ematen hasteko neurriak hemen, gure herrian, adostu eta hartu behar ditugu. Sakanan eskala txiki-txikian egin dugun ariketa, Euskal Herrian eskala nazionalean egitea da erronka, besterik ez eta hainbeste, aldi berean. Ezin dugu etsi, ez baitago zulotik aterako gaituen beste biderik, eraldaketa sozial eta politikoa da gelditzen zaiguna. Kapital espainiarrak dakarren odolustea hamarkadetan jasan ondoren, babaloreena litzateke tiritak jartzen tenkatzea.
Sakanan bizi eta lan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu