Sailburuaren zorigaitza

2023ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Zortea daukat, aitortzen dut. Iruñeko inklusan gure birraitonari Feliz jarri zioten abizenez(Inocente Feliz Exposito), eta harrezkero senideok bizipoza banatzen dugu mundu zabalean. Beste batzuek, ordea, ez dute dohain hori. Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, kasu. Izenak berak doinu ikaragarria dauka: Bildarratz! eta sorgin sudurluze maltzurraren irudia datorkigu burura, mehatxari.

Bildarratzek ez zuen Francoren gomendioa aintzat hartu eta politikan sartu zen. Hori gutxi ez balitz bezala, politikan sartu eta politika egiten saiatu zen. Bere bulegoan lasai-lasai egoteko aukera izan zuen, legealdi pare bat eta enpresa publiko batean erretiratu. Baina ez, hezkuntza sistema hobetuko zuela agindu zuen, eta ordutik egunero damutzen da gizona. Okurritzea ere!

Zorte txarra Bildarratzena. EAEko Hezkuntza Lege proiektuaren aurre-akordioak Eusko Legebiltzarrean %90eko babesa izan bazuen ere, orain denak dira kexu. Irakurritakoaren arabera, dena egin du gaizki Bildarratzek. Estatistikoki ezinezkoa da hain oker egitea. Ezta nahita ere. Publiko zein itunpeko, lege proiektuak aldi berean denen alde eta aurka egitenei duenez, arima guztiak kontra jarri zaizkio. Egongo ote da Bildarratzen aldekorik?

Sailburuak ideia xelebreak ditu gainera. Esaterako, prozesua abiatzerakoan mundu guztia entzuteko hautu zoroa egin zuen. Ordainean, erarik garratzenean ikasi du jendeari entzuteak, edozein proiekturen porroterako bermea izateaz gain, osasun mentala arriskuan jartzen duela. Ez hori bakarrik, herriari zabaltzeak herriaren gabeziak erakarri ditu lege proiektura.

Batetik, hezkuntzari (eta eskolei) denetarik eta mailarik gorenean eskatzea denbora-pasa nazionala dela demostratu da. Segregazioaren auzia honen erakuskari dugu. Eskola segregazioa arazo bat da. Egia. Beraz, gehiegikeria batzuk zuzentzea helburu laudagarria liteke. Ados. Hala ere, eskola segregazioa seriotasun minimo batekin aztertu nahi badugu, ekonomiaren geografiari bost minutu dedikatzea ez legoke txarto. EAEan, langabezia tasa udalerri batzuetan ia %16 den bitartean, beste batzuetan ez da %3ra heltzen. Familia errentari dagokionez, udalerri batzuetan 30.000 eurokoa da eta beste batzuetan 70.000 eurokoa. Bada, ez diezaiogun legeari miraririk eska: segregazioak bertanjarraituko du eta Bildarratzek ez du komunismoa berriz ere asmatuko.

Bestetik, horrenbesteko zaratarekin, legean denetarik sartzeko tentazioan erori dira legegileak. Ondorioz, testu churrigueresco bat atera zaie. Hori gertatu da auditoretzaren gaiarekin adibidez. Antza denez, itunpekoak zikintzeko, norbaitek eskolen kontuak ikuskatu behar direlakoateraldia izan zuen. Zein ideia ona! Auditoreak eskoletan! Zelan ez zaigu lehenago bururatu? Legean sartuko dugu! Bada, gardentasunaren aitzakiarekin eskoletan funts publikoak xahutzen direlako ideia zabaldu da. Ederra. Bistan dago, aldiz, eskoletan auditoreak igerilekuak bezain lekuz kanpo daudela. Auditoretza baino gehiago, hezkuntzan behar dena eskolen gehieneko gastua adostea baita: funts publikoekin finantzatzen diren eskolen gastu estruktura zehaztuz, hain zuzen ere.

Era berean, egia absolutuaren jabe garela pentsatzeko joera dugunez, legea atontzeko prozesuan galdetua izan den orok bere proposamenak hitzez hitz aintzat hartuko zirela sinistu du. Interes, eskubide eta betebehar kontrajarriak elkar-biziko ez balira bezala. Eta lege proiektuak ez dituenez eragile guztiak ase, amorrua sortu du denengan.

Hori baita hezkuntza sistemaren maldizioa. Haserrearen eta zentzugabekeriaren helburu bihurtu genuela aspaldi. Iraganean, Rekalderi eta Buesari gertatu zitzaien bezala, hezkuntzan ardurak izateak sakratuena arriskuan jartzea (eta galtzea) ekar zezakeen. Egun, zorionez, irain publikora mugatzen da larruketa. Klima aldaketaren eraginez, hodei beltzek ez baitituzte gure kaleak gehiago estaltzen.

Izan ere, testu hau idatzi ahala, Bildarratzen aldeko sentimendua garatu dut. Garcia Marquezen Iragarritako heriotza baten kronika-ko pertsonaiak zioen moduan, hildakoaren alde egon behar delako beti. Eta inor ez badago Bildarratzen alde, ni bai! Ezinak legerik ez duela jakinda, ahalegindu delako. Eskatu dioguna guk geuk egiteko kapaz ez garelako. Dena aldrebes egin duelako. Zorigaitzeko sailburua delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.