Ehun mugimenduaren izenean

Saiatu gara

Miren Aranzabal Beitia eta Unai Apaolaza Amenabar
2025eko martxoaren 24a
13:01
Entzun 00:00:0000:00:00

Kataluniako prozesuaren aparrak desagertzen hasi zirenean sortu ginen, 2019. urtean. Jendartearen protagonismoari alderdiena gailentzen hasi zitzaion momentu berean. Elite independentista Espainian ezinezkoa zela esatetik Espainian aukera leihoa zegoela esatera pasatu zenean hasi ginen ibiltzen. Korrontearen kontra aritu gara urte hauetan.

Independentzia prozesuak aldebakartasunari lehentasuna eman behar ziola esaten bakarrenetakoak izan gara urte hauetan. Egitura politiko nagusien kontrako norabidean egin dugu igeri, beraz. Baina aldi berean, jendartearen zentzu komunarekin bat egin dugula uste dugu; denek baitakite, baita independentista ez direnek ere, Espainiak eta Frantziak ez digutela sekula autodeterminazio eskubiderik onartuko. Ezinezko bidea da aldebikotasun hutsarena gehiengoaren begietara. Horregatik, urte hauetan, gure ekintzen bidez beste bide bat posible dela ikusarazten saiatu gara; aldebikotasuna baztertu gabe aldebakartasunari lehentasuna ematen diona hain zuzen ere.

Ehun mugimendu herritarra eta autonomoa izan da. Horrek dituen tasun eta keria guztiekin. Bertuteei dagokienez, sinesgarritasuna lortu dugula uste dugu; gure ildo estrategikoa guk markatu dugu, ez beste inork. Eragozpenei dagokienez, berriz, baliabide falta izan da nagusia. Gure ekimenak aurrera ateratzeko baliabide humano eta ekonomiko nahikorik ez dugu izan. Hala ere, bost urte hauetan independentismoaren barruan entzuten ez zen diskurtso bat plazaratzen lagundu dugula uste dugu.

Konfrontazio egokiaren beharra azpimarratzen saiatu gara urte hauetan. Gainera, konfrontazio horren nolakotasunaz ere aritu gara. Burujabetza iraultza deitu diogu gureak diren burujabetzak esparru guztietan praktikara eramaten hasteari. Plazaratzen saiatu garen ideiaren arabera, gure burujabetzak lapurtu dizkigutenei burujabetza horiek eman diezazkigutela erregutzetik praktikan jartzera pasatu gara. Patriarkatuak, kapitalismoak, Espainiak, Frantziak, erdarek... lapurtu dizkiguten burujabetzak berreskuratzen hasteko ordua iritsi dela errepikatu dugu. Baimenik eskatu gabe. Norbanako eta komunitate moduan aske jokatzen hasteko garaia iritsi zaigula esan dugu. Burujabetza iraultzari hasiera ematea urgentea da.

Burujabetza iraultzak talka sortuko du alor diferenteetan gure burujabetzak berreskuratu nahi ditugunon eta gure burujabetzak lapurtuz pribilegioei eutsi nahi dietenen artean. Talka horrek sortuko duen konfrontazioa, konfrontazio egokia izango da jendartea mobilizatu eta polarizazioa sortzeko. Konfrontazio egokia izango da euskal errepublikaren aldeko nahia zabaltzeko.

Burujabetza iraultzaren ideian sakontzen hasteko asmoz erregistratu genuen joan den urteko maiatzean independentzia mozioa Plentziako udaletxean. Horrela, Plentziako Udala izan zen Euskal Herriko historiako lehen erakundea bere burua Euskal Errepublikaren parte deklaratzen. Ekainean argi esan genuen, gainera, Ehunen asmoa mozio horiek Euskal Herriko udaletxe guztietara eramatea zela. Eta horrek, independentismoa eskubideen aldekoa zela eta unionismoa eskubideen zapaltzailea zela agerian jartzen lagunduko zuenez, independentismoarentzat marko egokia sortuko zuela. Gainera, bagenioen mozioen onarpen zabal bat estrategia independentista egoki baten hasiera izango zela ere.

Plentziako mozioak herritar askoren ilusioa piztu zuela ikusita, azken urte honetan saiatu gara mozio hauek Euskal Herriko herri gehiagotara eramaten. Hala ere, elite independentistaren ezezkoak ekarri duen lan gehigarriari aurre egiteko Ehun ez da nahikoa izan. Lana izugarri zaildu digute. Horregatik, lan hau bakarrik ezin dugula aurrera atera onartuta, Ehun itzaltzea erabaki dugu.

Itzali aurretik, baina, Euskal Herri osoko 100 herritan independentzia mozioak erregistratu ditugu. Mozioen lehenengo olatua martxan jarri dugu, beraz. Ehunek aukera eman nahi die herri horietako pertsona eta alderdiei Euskal Errepublikaren aldeko prozesuan urratsak egiteko. Gainera, ehun.eus webgunean, mozioa sartu dugun herrien zerrenda argitaratzeaz gain, mozioa jaisteko aukera ere luzatu dugu. Horrela, mozioa erregistratuta ez dagoen herrietan edonork sartu dezan.

Inoren baimenari itxaron gabe antolatu zaitezte herrietan. Bultza itzazue mozio horiek zuen herrian udaletxeko Osoko Bilkurara eramateko eta bertan onartua izateko. Ehunek bide bat seinalatu du, herritar guztioi dagokigu Euskal Errepublikaren aldeko prozesuan urratsak egitea. Imajinatzen al duzue zuen udalak Euskal Errepublikaren parte dela deklaratuko balu herrian zer giro sortuko litzatekeen? Eta lehen olatu honetan Euskal Herri osoko berrogei herrik beren burua Euskal Errepublikako kide deklaratzeak zer eszenatoki politikotan kokatuko gintuzke? Independentismoak bide sinesgarri bat behar du ilusioa berreskuratzeko. Bide hori hemen dugu.

Olatu honen lehen bi tantak martxoaren 26an Durangon eta apirilaren 16an Gasteizen izango dira. Udaletxe horietako osoko bilkuretan Ehunen mozioa eztabaidatu eta bozkatuko baita. Durangokoa lehenengoa izango denez, bertan hitza hartuko dugu olatu honen inguruko ideia nagusiak plazaratzeko. Etor zaitezte.

Ehun laguntzarik gabe saiatu da, ez du lortu. Seguru gaude, baina, denon artean arituz gero lortuko dugula. Ekin diezaiogun!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.