Saharako herriak merezi du duintasunez bizitzea

Antonio Jose Montoro Carmona
2024ko urriaren 15a
05:00
Entzun

Basamortuko haize kiskalgarritik babesten duen melfa koloretsuaren aterpean, keinu iluna ezkutatu nahian dabil Mariem. Bigarren hilabetez, egun gutxi batzuetarako besterik ez da iritsiko banaketa-elikagaien kopurua. Begirada eszeptikoaz begiratzen die daira-n pilatutako zakuetan inprimatutako letra urdin handiei: PMA.

Lanpeturik darabil bere adimena, eskuragarri dituen elikagai kopuruei ahalik eta bizitza luzeena nola eman hausnartu nahian. Bere hiru seme-alaben muturreko argaltasunak alerta-egoera piztu du bere nerbio-sisteman. Zazpi urteko Fatima, bost urteko Embarek eta bi urteko Fadel inoiz baino ahulago sumatzen ditu, eta horri konponbidea ematean jarririk ditu bere baliabide eta zentzumen guztiak.

Bihar bere wilaya-ko ospitalera joaten saiatuko da, mediku batzordeetakoren batek lagunduko ote dien jakiteko. Auzokideek atzo adierazi zutenez, erizain talde bat iritsi berri da Bilbotik. Arratsaldean, Mohamed anaiari deituko dio. Espainiar estatuan bizi da duela urte batzuetatik. Bere eskutik diru pixka bat jaso ezean, ez daki nola biziraungo duten hurrengo bi asteetan. Pentsamendu horiek buruan bueltaka dituela, etxerako bidea hartu du haimen artetik igarotzen den bidexkan zehar. Lurzorua apaintzen duten arroka sendoetan begirada iltzatuta, arrastaka daramatza bere nekea eta letra handiak urdinez idatzirik dituen zakua.

Irudi hau alegiazkoa da. Mariem fikziozko pertsonaia da, eta ez dira existitzen bere anaia Mohamed ezta bere hiru seme-alabak ere. Bilboko mediku batzordea ere asmakeria hutsa da. Agian. Baina, egia esan, milaka izan litezke Mariem anonimo horiek Aljeriako saharar errefuxiatuen kanpamentuetan. Bertan, biztanleriaren %96 Elikagaien Munduko Programaren (PMA) laguntzaren mende daude eguneroko biziraupenerako. Gure kontakizuneko protagonistaren kasuan bezala, anemia moderatua edo larria duten emakumeak %50 baino gehiago dira Tindufeko sahararren kanpamentuetan.

Milaka haur ere badira, Fatima, Embarek eta Fadel bezala, desnutrizioa jasaten ari direnak. Eskuragarri dauden azken datuen arabera, Saharako haurren %50ek pairatzen dute arazo larri hori, eta horrek haien oraina eta, bereziki, etorkizuna kaltetzen ditu. Txikienen artean, %80k ez dituzte betetzen Osasunaren Mundu Erakundeak definitutako Gutxieneko Dieta Onargarri baten estandarrak.

Beste Mohamed askok, Espainiar estatutik edo munduko beste edozein herrialdetatik, sekulako ahalegina egiten dihardute kanpamentuetako familien gabeziak arintzen lagunduko duten euroak bidaltzeko. Beste hainbat erizain eta mediku Euskal Herritik, Espainiar estatutik, Frantziatik edo Italiatik joango dira Aljeriako hamada-ra, bihotza ukabilean dutela, beren seme-alabentzako laguntza eskatzen ari diren Mariem horiei guztiei osasun arreta ematera.

Irudi hori, fikzionatua bada ere, ezagutu beharreko zenbaki handien atzean ezkutatzen den errealitatea dugu: gaur egun, urriaren bigarren erdi honetan, 2024an saharar errefuxiatuen oinarrizko beharrak betetzeko behar diren 92 milioi euroetatik %31 baino ez dira bermatu. Nazioarteko komunitatearen gelditasuna da, batik bat, Saharar herria egoera humanitario larri honetan mantentzen duen faktore nagusia. Eta, bereziki, Espainiako Gobernuaren ahulezia diplomatikoa azpimarratu beharra dugu kasu honetan, krisi politiko honetan duen erantzukizun berezia ukaezina baita.

Zorigaitzak inoiz bakarrik etortzen ez direnez, duela gutxi gertatutako uholdeek nazioarteko ahanzturarekin eta arduragabekeriarekin bat egin dute, sahararren kanpamentuetako 300 etxe baino gehiagori eraginez, eta horietatik 141 erabat suntsituak izan dira. Oinarrizko gizarte-azpiegiturak ere, hala nola ikastetxe eta ospitaleak, jo eta deuseztatu ditu hondamendiak.

Testuinguru horretan, eta, Mendebaldeko Saharako egoerari dagokionez, Espainiar estatuaren kanpo-politikaren inertzia oso eraikitzailea izan ez arren, aukera dago Diputatuen Kongresuak gobernuari eska diezaion neurri bereziak har ditzan saharar herriari ematen zaion laguntza humanitarioaren finantzaketa-defizita partzialki arintzeko.

Espainiako estatuko gobernuaren eta parlamentuko talde sozialistaren teilatuan bi proposamen daude momentu honetan, sahararren premia humanitarioei berehala erantzuteko larrialdi-partida bat gaitzea eskatzen dutenak. Jarrera politiko antagonikoak dituzten alderdiek proposaturik, Sumar eta Alderdi Popularraren legez besteko proposamenak bat datoz puntu batean: Espainiako estatuak krisi humanitario honi erantzun bat emateko ardura du eta hori berehala egin beharra du.

Datozen asteetan, Espainiako estatuko gizarteak arku ideologiko osoan zeharka adierazitako aldarri honi gobernuak eta PSOEk emandako erantzunaren lekuko izango da Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Batzordea. Ez dago aurrekontuei egotz diezaiekegun ihesbiderik. Dena borondate politikoaren mende dago orain.

Egin dezagun guztiok deiadarra jokabide arduratsuaren eta gizatasun zentzuaren alde. Saharar herriak gure babes eta elkartasun guztia merezi du. Saharar herriak duintasunez bizitzea merezi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.