Mendebaldeko Saharatik heltzen zaizkigun berriek ez dute ia inoiz sosegurik sortzen:bahiketak direla, etenik gabeko gatazkak Marokorekin, hildakoak, zaurituak, jazarriak, kolpatuak, erbesteratuak... onespenik jaso ez eta komunitate internazionalak erabat onartzen ez duen herrialdea, deserrian, Argeliako Tindufeko kanpamentuetan dago alboratuta. Marokok bere herrialdearen ehuneko portzentaia itzel bat indarrez bereganatu zien behin, Espainiar estatuak horrela nahi izan zuelako, eta ez du askatzeko imintziorik ere egiten, gainera, inoiz heltzen ez den autodeterminaziorako erreferendum baten esperoan.
Bere borondate eta izaera politikoa onartzen ez zaion herrialdea izaki, Euskal Herria eta bere gatazkarekiko badu parekotasunik, ageriko diferentziak diferentzia, eta horrek sortzen du halako lotura afektibo bat herri honekin. Herrialde honi laguntzeko egiten diren ahaleginak eta egitasmoak itzelak dira, kooperazio lan izugarria ari dira egiten hainbat eragile eta gobernuz kanpoko erakunderen aldetik, eta lan eskerga hori zinez onartu beharrekoa da.
Kooperatzeko modu asko dago, herri bati laguntzeko, haren arima, haren izatea onartzeko eta jazarrita eta deserrian daudenei duintasuna emango dion sostengu hori adar askotatik bideratu daiteke. Hori dela eta, azkeneko urteetan, ari da garatzen kulturatik kolaboratzeko biderik, eta arkeologia bitarteko tresna, herri honen iraganaren azterketan dabil Andoni Saenz de Buruaga arkeologoak gidatutako taldea. Eusko Jaurlaritza, Euskadi-Sahara Kultura-bilakaerarako Erakundea, UPV-EHU eta RASD-eko kultura eta protokolo sailari esker, kooperazio lan aberasgarri bat jarri da abian urtekako espedizio ugariren bidez.
Horietako batean parte hartzeko aukera eta ohorea izan genuen iaz, eta laster berriro han izango gara: Tiris-eko eskualdean. Tinduf-eko kanpamentuetatik 1.000 kilometro egoaletarantz zabaltzen den desertuan barrena, iraganarekin testigantzak bilatu, eta hango ondare material eta etnografikoaren katalogazio lan bat egitera. Lehendik ezagutzen ziren elementu apurrei, ehunka ondare elementu gehitu zaizkie, biziguneak kobazuloetan eta aire zabalean, labarretako artea, ehorzketa egitura monumentalak...ikusgarritasunetik aparte, behinola Sahara hezea izan zeneko komunitate neolitikoen testigantzak dira, desertifikazio eta aldaketa klimatikoak beste norabait eraman zituen komunitate nomada haiek, gauzak ia zeuden moduan utzi, eta hor goaz 5.000 urte beranduago arkeologo euskal-saharar talde bat aztarna horiek txunditasunez jaso eta erregistratzera.
Arkeologo ororen ametsa dirudi, arkeologiaren zentzurik erromantiko eta abenturazaleenari jarraitzen diolako, eta neurri batean horrela dela onartu beharrean nago. Halere, bizipen hori, lanbideak berak ematen duen gogobetetasunetik haratago doa, desertuak norberarengan sorrarazten duen biluztasuna, txikitasuna eta artzain nomada bakartiekin tearen bor-bor hotsaren inguruan egondako uneek, denboraren beste dimentsio batera zaramatzate, eta, batez ere, eskuzabaltasuna, elkartasuna eta talde kontzientzia da Saharako deserturik idorrenean sentitzen eta arnasten dena.
Mendebaldeko Saharar herrian egiten den lana oso esker onekoa da, gainera, oso ongi ulertzen eta baloratzen dute norberaren lana, eta, gainera, daukaten ondarearen oso kontziente dira, ia denek ikusi baitute neurri handiagoan edo txikiagoan, zu bila zabiltzan egitura hori, paretetako margo horiek, kobazulo hori, harri mota hori. Hiru denboren konjuntzio kurioso hori da Saharar herrian ere atzeman daitekeena, iragana oso presente dago orainean; eta orainalditik, etorkizuna, berriz, zalantzagarri gertatzen da.
Saharar herriaren etorkizunaren alde eman ahal den laguntza oro ongi etorria da, beraz, are ale bakoitzak egiten baitu desertua desertu; berdin dio zein alorretatik, RASD-eko egoitzan egin ziguten harreran Jadiya Hamdi kulturako ministroak esan zigun bezala: «...Janaria, arropa, sendagaiak, hezkuntza, eta hainbat oinarrizko baliabideak bezain garrantzitsua da kultura: kultura da herria herri egiten duena eta oraina ulertzeko ezinbestekoa da iragana ezagutzea».
Eta hortxe kokatzen da, hain zuzen, gure laguntza, iraganaren ezagutza horretan, ahal den modurik hoberenean, bitarteko mugatuekin, desertuak ezarritako baldintza gogorretan baino gogotsu egiten duguna. Hori baita, besteak beste, esperientzia sahararrak eskaintzen duen beste irakaspenetakobat: elkartasuna eta gogoa baldin badago, aurrera egin daitekeela paisaia etsigarrienean ere.
Sahara: elkartasun harea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu