Andoni Ortuzar.

Sabino Arana bizi da

2015eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Gaur ezagutzen dugun Bilbo existitzen ez zen garaian, 1865eko urtarrilaren 26an, Abandoko errepublikaren bihotzean, karlisten sendian jaio zen Sabino Arana Goiri, zortzi seme-alaben gazteena. Atzokoa, beraz, euskal herritar guztiok ospatu beharreko eguna zen, abertzale izan, zein ez. Duela 150 urte jaio zen, hasierako bultzadizoa eman ondoren, ordutik hona bidea argitu digun su garra piztu zuen pertsona, eta hainbat zailtasun eta eragozpen gaindituta, euskal gizartea oraingo autogobernu, garapen ekonomiko eta sozial eta nazio kontzientziara ekarri duena.

Sabino Arana jaio eta hazi zen gizartea aldaketa sozial, kultural eta politiko handien mende egon zen. Foru sistema indargabetua izan zen karlismoa armaz garaitua izan ondoren; ideia liberal zentralista eta laizistak loratu eta garatu ziren. Garai hartan, batera eman ziren espainiar batasun konstituzional berria, azken koloniak galtzea, iraultza industrialaren hasierak, jauntxokeria, immigrazioa, langileen esplotazioa, sozialismoaren sorrera… eta, aldi berean, euskal kultura, tradizioa eta hizkuntza —euskara— osatzen zuten nortasun multzoaren galera hasi zen, ordura arteko Euskal Herriaren izaera gorpuztu zuena.

Sabino une hartan heldu zen, Bizkaiaren eraldaketa ordura arte aurrekaririk izan ez zuen krisiaren zurrunbiloan astintzen zen testuinguruan. Eta masifikazio, kapitalismo eta zentralizazio politiko eta kulturala zekarten korronte indartsuak bizkaitar eta euskal gizartea jokaleku ezezagunera eramaten ari ziren bitartean, Aranak talde kontzientzia astindu zuen eta foruen indargabetzea baino lehenagotik zetozen ideiak agerrarazi zituen, orduko joera globalizatzaileen aurrean Euskal Herriaren biziraupena bermatu eta finkatuko zutenak.

Aranaren pentsamendua aldaba-hotsa izan zen aiurri guztietako milaka euskal gizon eta emakumeen buru eta bihotzean: langileak eta aberatsak, baserritarrak eta kaletarrak, Bizkaiko Enkarterriko herritarra eta Nafar Erriberarrak, zuberotarrak eta errioxarrak. Bere azkenetan zegoen kontzientzia iratzartzea ekarri zuen, desagertzeko zorian zegoen pentsamoldea. Nortasun ezaugarririk behinena hartuta —euskara—, erabat berreskuratzeko helburua jarri zion bere buruari —berak ere galdua baitzuen—. Baina, ekinaren ekinaz, bere inguru hurbilean berreskuratzeaz gain, bultzada handia eman zion gramatikan, ortografian eta etimologia arloan. Esparru publikora eramatea lortu zuen, hizkuntza babestuta zegoen nekazari esparrutik atera, eta hirira eraman zuen. Garai hartako pentsalari eta intelektualak ere mugiarazi zituen beren azterlanak euskal hizkuntzaren inguruan egin zitzaten.

Hizkuntzarena egin ostean eman zuen Sabinok bere hurrengo urratsa. Talde bat identifikatzeko ezaugarria ezarri zuen —Euskal Herria—, eta herritarrek Herri horrekin lotzeko duten borondatearekin uztartzea lotu zuen. Herriak Nazio izaera hartu zuen, naziotzat hartu zuen bere burua. Subjektu politiko bat ezarri zuen, ordura arteko mendeetan, bere antolaketan, bere erakundeetan —foruak— autogobernu berezia partekatu zuena, baina ordura arte bere errealitatea osotasunean ikusi ez zuena. Sabinok XIX. mendean sortu ziren korronte erromantikoak ezagutu zituen, eta bere inguruan aplikatu zuen une hartan eraikitzen ari zen Europa berrian suspertu ziren nazionalitateen printzipio bera.

Halaxe sortu zen Euskadi egitasmo politiko gisa, eta halaxe sortu zen orduko goibururik esanguratsuena: Euskotarren aberria Euskadi da. Berritzailea, apurtzailea, demokrata, pragmatikoa izanik, Sabino Aranak bere ideala garatu zuen, kontzientziak aberriaren alde irabazteko helburuarekin. Sinbolo batzuk eman zizkion, bandera bat —Ikurrina— eta himnoa —Eusko Abendaren Ereserkia—. Eta, azkenean, indar guztiak metatu zituen bere helburu guztiak lortzeko tresna sortzeko: Euzko Alderdi Jeltzalea. Berezia izan zen Alderdia diseinatzeko orduan ere. Udalerrien berehalakotasunean oinarrituta zegoen alderdia eratu zuen. Konfederala, berak nahi zuen herria bezalakoxea. Botere banaketan sustraituta zegoen egitura, humanismo kristauaren baloreekin konprometitua.

Aranaren konpromiso politikoak, bere aktibismoak —garaikideak konbentzitzeko asmo gisa ulertuta, bere egitasmoa bultzatzeko behar besteko gehiengoa izan arte—, agintariek jazarria izatea ekarri zioten, eta birritan eraman zuten espetxera. Baina, gogor zigortua izan zen arren, sekula ez zen ailegatu bidegabekeriari bortxakeriarekin erantzutera. Guztiz alderantziz: isilarazteko derrigorrari ideiekin erantzun zion; debekuei, ekitaldi publiko gehiagorekin; galarazpenei, inaugurazio berriekin. Gaixotasun batek, bat batean, goizegi menderatu zuen arte. 38 urte zituen zendu zenean.

150 urte igaro dira Sabinok Albiako etxean lehen argia ikusi zuenetik. Munduak mila bira eman ditu harrezkero. Euskadik, berak izendatu zuen herriak, Sabino bizi izan zen garaian ia pentsaezina zen modernotasun, gizarte kohesio eta garapena gozatzen du gaur egun. Bost urtetik gorako milioi bat eta berrogeita hamar mila euskal herritarrek —%55— euskaldun jotzen dute beren burua (euskara ulertzen eta hitz egiten dute, zailtasunez bada ere). Eta askok euskara hitz egiten ez duten arren, milaka Iñaki-k, Jon-ek, Koldo-k, Igone-k edo Kepa-k izena zor diote Sabino Aranari. Asko dira ikurrina bandera duten herritarrak, Luis anaiarekin batera hiru kolore gurutzaturik diseinatu zuen bandera.

Sabino Aranak, gaur biziko balitz, bere begiekin ikusiko luke bere amets eta helburu asko jadanik bideratuta daudela. Bere ideiak milaka hiritarrek partekatzen dituztela, eta aberri kontzientzia batek borondate askearen aldarria egiten duela orduko goiburu hura betetzeko: Euskotarren aberria Euskadi da. Demokrazian oinarri. XXI. mende honetan, gure etorkizunaren jabe izateko eskubidea dugun herritarrak gara, eta ez historia, kultura, tradizioa edo hizkuntza dugulako soilik, baizik eta baita printzipio demokratiko bat dagoelako ere.

Pertsonen borondatea da EAJ-PNVk mende berri honetan islatzen duen burujabetzaren goiburua eta helburua. Sabino Aranaren oinordekoak gara eta, fundatzaile dugun haren ondorengo garen heinean, Euskadiren askatasunerako hasi zuen bideari jarraipena emateko derrigorra dugu. Segurtasunez, irmotasunez eta lasaitasunez hitz eginez. Herritarrek adieraziko dituzten nahi eta erabakiak gogoan. Ezerezera jauzi egin gabe. Bizikidetza hautsi gabe. Atxikimenduak batuz. Ezberdinak errespetatuz. Eta Herriari hitza eta erabakia emanez.

Uztailean beteko da Sabino Aranak Euzko Alderdi Jeltzalea sortu zueneko 120. urteurrena. Gaur, atzo bezala, Euskal Aberria eraikitzeko tresna izaten segitzen dugu. Gaur, atzo bezala, Euskadirekin dugun konpromisoari eusten diogu. Ezerk edo inork ez gaitu bide horretatik aldenduko, ez eta gure ahaleginean ahulduko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.