gorka julio
Talaios kooperatibako eta Euskal Herria Digitala-ko kidea

S2: sareak berreskuratu eta berrasmatu

2024ko azaroaren 12a
05:00
Entzun

Azaroaren 15ean Errenteria-Oreretan Euskal Herria Digitala osatzen dugun eragileek antolatutako hirugarren jardunaldiak egingo ditugu. Autodefentsa digital feminista lantzeko tailer bat eta digitalizazio demokratikoa oinarri izango duen hitzaldi bat izango dira bertan.

DonesTech-eko kideek Autodefentsa digital feminista tailer praktikoa eskainiko digute Torrekua eraikinean. Tailerrean arreta jarriko diogu mehatxu digitalen identifikazioari eta haien eraginei. Mehatxu horiek nola antzeman eta gure eguneroko errealitatean zer nolako ondorioak dituzten ulertzen saiatuko gara horretarako. Arrisku-egoerei aurre egiteko prebentzio- eta erantzun-estrategia nagusiak aztertuko ditugu.

Arratsaldean, Simona Levik El reto de la digitalización democrática izenburupean hitzaldia emango du Joxepa Antonia Aranberri eraikinean. Teknologiak nola erabili herritarren parte-hartzea eta aldaketa soziala bultzatzeko aztertuko dugu. Levik demokrazia inklusiboago eta irisgarriago baten alde egiten du, eta tresna digitalen beharra azpimarratzen du gardentasuna, kontu ematea eta herritarren ahalduntzea sustatzeko. Adibide eta hausnarketen bidez, hizlariak gaur egungo erronken inguruan pentsatzera gonbidatuko gaitu betiere demokrazia digitalaren alorrean.

S2 mugimendu deszentralizatu baterako deiadarra ere bada. Trumpak egiten jarrai genezake, baina sareak berreskuratu eta berrasmatzeko garaia iritsi zaigu. Bakoitzaren sareetan, erakundeetan, ekimenetan… erabili dezakegun sinboloa izan daiteke. Sareak berreskuratu eta hori egiten dugun bitartean berrasmatzeko hautua hartu nahi dutenen bandera.

Internet bidez sortutako oparotasuna, espoliatua izan da. Munduko administrazioen inoperantzia, begirada estrategiko falta alde batetik, eta oligarkia digital eta erraldoi teknologikoen oligopolioak bestetik... ezagutzen genuen Interneta desagerrarazi nahi dute, baina ez diegu utziko.

Kalean bezala, gure erakundeetan eta noski sarean ere borrokatuko dugu. Gure azpiegiturak garatzen jarraituko dugu, adimen artifizialeko eredu lurraldetu etiko eta askeak garatuko ditugu, online komunitate bizigarriak eratuko ditugu, software librea sortzen eta defendatzen jarraituko dugu, gure pribatutasunaren aldeko borrokan tinko eutsiko diogu, sarearen neutraltasunaren alde lerratuko gara, informazio sarbide librearen eta gardentasunaren alde egingo dugu.

Eta, une batez. Internet edo haren zati handi bat azpiratuko balute eta eskasia artifiziala bertan inposatuko balute ere, erresistentzia antolatuko genuke. Berriro ere deszentralizazioa baliatuz, baina prozesu konplexuak sinkronizatuz, bakoitzak bere ahalmenaren arabera, bakoitzari bere beharren araberako Internet bat berrasmatzea lortu arte.

Desiratzea ez da nahikoa, baina desiratzea ezinbestekoa da. Elkar zainduz eta gozatuz Internet berri bat irudikatu, egin eta egonkortzea lortu behar dugu, arduraz. Ez dago alternatibarik!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.