Rosi Zarraren alarguna

Rosi Zarra: zaharrak berri?

Xabier Irazusta
2024ko ekainaren 22a
05:00
Entzun

Rosi, bai, hala esaten baikenion etxekook eta lagunek. Ekainaren 30ean 29 urte egingo ditu ertzainak 7-8 metrora jaurtikitako pilotakada batek eragindako infekzioaren ondorioz hil zela. Garbi geratu zen hori 2023ko urtarrilaren 26an, Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordearen aurrean egindako agerraldian edo lan-saioan. Geroztik, urtea eta sei hilabete joan dira, eta berririk ez «Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritza» organo kudeatzailearen aldetik. Halako organo baten aldetik beste enpatia eta hurbiltasun jarrera bat espero zitezkeen biktimenganako.

29 urte hauetan aurre egin diogu Rosiren heriotzari, bizitzak aurrera egiten baitu, baina nola egin aurre une hartan eraiki zen gezurrari, gure emazte, ama, senide, lagun Rosiren heriotza, heriotza naturala izan zela zioen gezurrari. Eta geroztik hori da egia ofiziala. Horrek etsipena, injustizia sentsazioa eta gaindi ezina den mina eragiten digu. Noiz arte? Horretara kondenatuta gaude betirako? Ez dugu erantzunik merezi Justizia(?) Sailetik? Ez al dago justiziarik biktima mota batzuentzat?

Azal ditzagun azken urte eta erdiko gertakariak kasuaren inguruan:

- 2022ko udan Giza Eskubideen Sailera deitu genuen eta e-maila idatzi, adieraziz Xabier (Rosiren alarguna) urteetan gora zihoala eta osasunez ez zegoela ondo, eta kezkatu eta sufriarazten ziola izugarri, emaztearen heriotza argitu gabe egoteak oraindik. Udazkenean izandako harremanen ondorioz, 2023ko urtarrilerako lotu genuen Balorazio Batzordearekin hitzordua.

- 2023ko urtarrilaren 26a. Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordearekin bilera Arantzazu hotelean.

Lehenik, senarrak eta alabek luze, zehaztasunez eta datuak erabiliz azaldu zituzten zoritxarreko egun hartako gertakariak. Uneko egoera, ertzainek jaurtikitako pilotakada, haien jarrera Rosi lurrean zela… Baita hurrengo egunetako bilakaera ere, infekzioak heriotza eragin zion arte. Hori guztia errespetu osoz, eta haienganako enpatia eta gertutasuna azaldu zuten batzordekideen aurrean.

Ondoren, Paco Etxeberria forentsearen galderei erantzunez, Rosiren jarraipena egiten zuen mediku nefrologoak heriotzaren arrazoiak zeintzuk izan ziren azaldu zuen hizkera espezializatuan, maiz, argibide arruntagoak erabiliz, guztiok ondo ulertzeko moduan. Ez zuten zalantzarako zirrikiturik utzi. Heriotza, pilotakadak eragindako infekzioaren ondorioa izan zen. Batzordeko parte diren forentseek ere ez zuten zalantza agertzeko moduko galderarik egin.

Oso gustura atera ginen saiotik. Gogorra izan zen, barnea astindu zigun, sendatu gabeko zauriak berriz zabaldu ziren, baina, aldi berean, ukendu modukoa eta sendagarria izan zen saioa. Behingoagatik, errespetuz, arretaz eta enpatiarekin entzunak izan ginen. Gaia ondo bideratuta zegoen bizipena genuen guztiok.

- Bizpahiru hilabeteren buruan, batzordeak euren erabakia hartu eta justizia sailera helaraziko zutela, eta handik jakinaraziko zigutela zerbait. Lasai hartzeko, baliabideak ez zirela ugariak eta denbora behar izaten zela.
Martxoaren 29an, e-mail bat jaso zuen Xabierrek adieraziz egun batzuen buruan etxeko posta helbidean espedientearen ebazpena jasoko zuela. Espedientearen izena: Victima: Rosa Zarra Marin. Zenbakia: xxxxx.

Gaur arte. Urte oso bat ondo pasatuta, eta berririk ez.

- 2023ko uztailean, Gasteizera deitu genuen ea zer gertatzen zen jakiteko. Gaia zaila zela eta luzatzen ari zela, baina udazkenean zerbait esango zigutela. Ezer ez. Udazkenean, onartutako lehen 66 biktimak aurkeztu ziren Kursaalean egindako ekitaldian. Bertan ez zegoen Rosi.

- Giza eskubideen zinemaldian, 2024ko apirilaren 13an, Indarkeriaren oi(h)artzunak filma eskaini zuten (Ikuslearen sariaren irabazlea). Filmaren amaieran elkarrizketa izan zen: bertan ziren filmaren zuzendariak, Tamara Muruetagoiena (torturen ondorioz hildako Esteban Muruetagoienaren alaba) eta baita Balorazio Batzordeko burua ere. Amaieran ikusleoi parte hartzeko tartea zabaldu zitzaienean, gure egoera azaldu genuen, urtea pasatua zela batzordearekin bildu ginenetik eta inongo berririk ez genuela geroztik. Batzordeko buruak esan zuen bertan ezin zuela azalpenik eman, oso logikoa, eta jarriko zirela harremanetan gurekin. Giza Eskubide sailean lan egiten duen langile publiko bat gerturatu zitzaigun irteeran eta gauza bera agindu zigun, jarriko zirela harremanetan berehalakoan. Gaur arte. Isiltasuna jaso dugun erantzuna.

Horren aurrean, guk, Rosi maitasunez, goxotasunez eta samurtasunez gogoratzen jarraituko dugu. Eta zauriak sendatzen uzten ez diguten gertakarien eta gezurraren (egia ofizialaren) aurrean, aitortza, justizia eta erreparazioa eskatzen jarraituko dugu. (Ekainaren 30ean,12:30ean, omenaldi xumea egingo diogu Amaran).

Tamarak erakutsi digu ez dela etsi behar, eta egiaren eta justiziaren bilaketa bera sendagarria gertatzen dela. Urtero-urtero, irekitzen baitzaizkigu zauriak eta berritzen mina, Rosiren urtebetetze egunean, edo heriotzaren urteurrenean, edo, edonor dela ere, pilotakada batez begia galtzeko arriskua duenean, edo orain dela gutxi futbola ikustera Anoetara zihoan emakume bat hilzorian egon denean…

Jasoko al dugu berri onik ekainaren 30a baino lehen? Berriren bat, behintzat. Hurrengo urtean, 2025ean, 30. urteurrena izango da. Ordurako bai berri onik? Edo berdin jarraituko dugu; zaharrak berri?

Artikulua honako hauek ere sinatzen dute:
Idoia, Amaia, Xabier, Gorka, Asier eta Maider Irazusta Zarra (Rosa Zarraren seme-alabak), eta Dani Goñi (gainontzeko senideen izenean).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.