Rojavako Iraultza hasi eta hamar urtera efemeride eder bat ospatzeko moduan egon gintezkeen —uztailaren 19an bete zen—; Siria Iparraldeko eta Ekialdeko herriek bizi duten egoera larriak, ostera, nazioartearen itsutasuna agerian utzi du. Proiektu emantzipatzaile horren suntsiketa saiakerak ez datoz soilik Turkiaren eskutik, botere inperialistek ere Kurdistaneko aurrerapauso demokratikoak amaitu nahi dituzte. Zer galduko du gizateriak Rojava albo batera utzia bada? Lurralde txiki horretan Iraultzak denboran mugarri nabari bat ezarri zuen. Eskualdean autoritateek garatutako politikak identitatearen, kulturaren, hizkuntzaren eta herri kurduaren existentziaren ukaziora bideratuta zeuden.
Eta herri kurduaz gain aramearrek, turkomaniarrek, armeniarrek, asiriarrek... aniztasun etniko oso batek hurbil ikusten zuen bere amaiera. Baina Rojavako Iraultzaren ulermena ezin da espazio geografiko zehatz batera mugatu, ezta mundu osoari buelta eman zioten ikur edo sigla batzuetara ere. Gizarte multietniko hori Iraultza bat martxan jartzeko antolatu zen, ahitu arte ISISaren eraso bortitzetik babestu zen, eta, bide batez, mendebaldeko lagunek finantzatutako basati horiengandik askatu zuen gizateria.
Gogoan izan dezagun 2014ko azaroaren 1a. Orduan YPG/YPJ babes indarrek Daesheko mertzenarioak Kobanetik kanporatu zituzten. Herri kurduak bere egitura demokratiko propioak garatzeko gaitasuna hamarkadetako garapen ideologikoaren emaitza da. Oinarrian daukate emakumearen askapena, gizarte askearen berme moduan ulertuta, eta demokrazia erradikala, oinarrikoa eta multietnikoa. Kurduen askapen mugimenduak Konfederalismo Demokratiko izendatu duen borroka politiko zabalago baten markoaren barruan. Gaur egun Rojavako gizartea Turkiaren inbasio berri bati aurre egiteko prestatzen ari da. Erdoganek iragarri du lurralde siriarraren 30 kilometro okupatuko dituela bere ejertzitoak segurtasun eremu bat sortzearen aitzakiapean. 2016tik hona Turkiak Rojavako lurraldean hainbat inbasio aurrera eraman ditu: Afrin, Serekaniye, Gire Spi, eta Kurdistan Hegoaldean yezidien lurraldea, errefuxiatuen kanpalekuak eta gerrillaren mendietako babes postuak bonbardatu ditu. Rojavako administrazioak argi dauka: X eguna ailegatu egingo da.
Izan ere, NATOren azken bileraren ondoren, Turkia neootomandarra inoiz baino harrotuago dago, eta asmo espansionista aurrera eramateko inoiz baino legitimatuago ikusten du bere burua. Administrazioaren Mendebaldeko sozio izendatutakoak otomandar plan espansionista geldituko dutela pentsatzea zitalkeria litzateke. Kontuan har dezagun Estatu Islamikoaren kontrako borroka, beste aitzakia batzuen artean, AEBek Iranek Siria hegoaldean egindako mugimenduak gertutik zaintzeko aitzakia izan zela. Beste aldetik, Errusiak Turkiarekin akordioa egin zuen YPG eta YPJei ultimatuma egiteko. Ultimatum horrek Rojavako eskualdea Siriako gobernu zentralaren eskuetan uztea eskatzen zuen, bestela, lurraldea inbaditu egingo zuten.
Assaden gobernuak ez dio Autoadministrazioari inongo aitortzarik eman, eta giza eskubideen antolakundeek salatu dute Afrin dela ziurrenik Siria osoan eskubideen zapalketa gehien bizi dituen eskualdea. Gertakari hori ez litzateke posible izango Errusia eta Turkiaren arteko itun hori barik. Dena dela, ez dugu ahaztu behar, Turkiak, Errusiak eta Iranek Siriako gerraren inguruan harreman marko propioa daukatela, Astanako itunak, hain zuzen ere. Horietan eragin eremuak banatu dituzte. Hau da, ez dago Turkiaren kontrako frontetik, ezta antzeko proposamenik ere. Are gehiago, Errusiak Siriako egoera erabili nahi izan du Turkia aliantza atlantikotik urruntzeko bere anbizio otomandar inperialak elikatuta. Ezkerreko indar garen heinean, kontu hori lehenbailehen asimilatu beharko genuke.
Inperialismoaren egungo errealitatea ez da XXI. mende hasierakoa, eta Irakeko porrotaren ostean Estatu Batuek Ekialde Hurbilean utzitako espazioak eskualdeko potentziak eragin eremu horiek okupatzera animatu ditu, Turkia eta Iran esaterako. Rojavako Iraultza fase berri batean sartu da, eta internazionalistok ezin gara erredukzionismo sinplistetan jausi. Rojavako herriak hamar urte daramatza borrokan, eta 12.000 borrokalari baino gehiago erori dira. Orain Rojavako Iraultzak dei egiten digu!
Rojava ekaitzaren jomugan iraultzaren 10. urteurrenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu