Rifeko Errepublikaren aldarrikapenetik 100 urte

2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
«Ez gara inoiz marokoarrak izan,geure Rifetik Makhzenari* zergarikordaintzen ez ohi diogulako. RifekoErrepublika aldarrikatu dugu, eta [...] gure independentziaren alde Espainiaren kontrako zilegizko gerra batean sartzeaez dugu baztertzen». Abd-el-Krim, 1921

Irailaren 18 batean, duela 100 urte hain justu, Abd-el-Krim presidenteak Rifeko Errepublika independentea aldarrikatu zuen, Rifeko gerrillarien eskutik Annualen Espainiako armadak izan zuen porrot odoltsuaren ostean (12.000 hildako baino gehiago izan ziren espainiarren aldean).

Rifeko independentziak 1921. urtetik 1926ra iraun zuen, Ajdirreko Parlamentuan ordezkatuak zeuden tokiko asanbladetan zuzenean hautatutako ordezkarien bitartez.

Erabat kolonizatutako Hirugarren Mundu baten baitan, nazio askapenerako borroka hau Bigarren Mundu Gerraren ostean jazoko ziren independentzien aitzindaria izan zen. Espainiako eta Frantziako gudaroste kolonialen kontrako gerrilla gudan, Abd-el-Krim lider herrikoi eta estratega handi gisa gailendu zen, Mao Zedong, Ho Txi Minh eta Che Guevara bezalako pertsonaien erreferente izanik. Chek, izan ere, Abd-el-Krim Kairon erbestean zegoela aurrez aurre bisitatu egin zuen.

Rifeko herria, amazigeraz mintzo dena —amazigh hitzak «gizon eta emakume askeak» esan nahi du—, beti bizi izan da askatasunean XX. mendera arte. Horrexegatik, hain zuzen, euren independentzia amorruz defendatu zuten inbaditzaileen kontra, emakumez osaturiko zerbitzu sekretua zuen 65.000 kideko herri gudaroste batekin. Errepublikak osasun, ogasun, ekonomia, barne afera zein hezkuntzarako ministerioak izan zituen, eta, gerra batean murgilduta egon arren, lan txukuna egin zuten eskolak, errepideak edota telegrafia sare bat eratuz. Estatu berria konstituzioa, bandera, ereserkia eta moneta propioa edukitzera ere iritsi zen. Azken finean, Errepublikak gizarte riftarraren modernizazioa ekarri zuen.

Alfontso XIII.ak zuzendutako ziape-gasezko gerra kimiko odoltsu baten ondorioz soilik izan ziren garaituak, Estatu Espainiarrak oraindik onartu ez duen ankerkeria baten bidez. Nazioarteko akordioak bortxatuz, Rifeko herriaren kontra 470 tona ziape-gas jaurti zituzten, uztak, abeltzaintza edota iturburuak suntsituz eta 100.000 hildako inguru eraginez. 1925eko irailean, Petain mariskalaren esku-hartzearekin 400.000 soldadu frantziar riftarren kontrako gerran sartu ziren. Honen guztiaren aurrean, 1926an Abd-el-Krimek amore eman zuen frantziarren aurrean, bere herriaren hondamendia ekiditeko eta etorkizuneko belaunaldiek borrokari berriz lotzeko asmoz.

Marokoren independentziaren harira (1956), Frantziaren txotxongiloa den erregimen neokolonial alauitaren okupazio militarrarekin, Rifeko herriak sarraskiak, euren identitatearen ukazioa, bazterkeria eta miseria pairatzen jarraitu zuen. Ehun urteren ondoren, oraindik ere, Abd-el-Krim oroitua eta maitatua da, eta bizirik jarraitzen du bere herriarentzat.

2016an izan ziren ehun mila lagun baino gehiagoko manifestazio aldarrikatzaileen harira, Rifek askatasunaren eta duintasunaren aldeko borroka areagotu du, auzo, herri eta hirietako asanbladetatik sortu den Rifeko Herri Mugimenduaren bitartez.

(*) MAKHZEN: arabieraz, antzinako Marokoko Estatua, eta gaur egun, haren itzalpeko gobernu edo oligarkia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.