Musikaria

Randibu, Trump eta trumporrada

2025eko urtarrilaren 16a
05:00
Entzun

Randibu frantseseko rendez-vous moldetik datorren hitza da. Alegia botere handia edo diru ugari duenari egiten zaion balakua, trukean zerbait lortzeko itxaropenez. Donostian errege-erregina eta inguruko aristokratekin oso praktikatua izan zen, haien dirutzen apurrak herritarren poltsikoetan erori zitezkeelakoan.

Orain mundu zabalean randibu egiten hasi zaizkio Trumpi: Facebookeko Zuckerberg, Appleko Tim Cook, Silicon Valleyko izarrak, Wall Streeteko perlak, Disneyko printze eta printzesa guztiak… Aurrez esandakoak irentsi, damua agertu eta kito. Erraza da eta listoen ezaugarri: Aznarren aitonak egin zuen, baita Talgoa sortu zuen Alejandro Goikoetxea ingeniariak ere. Eta Elon Muskek bide bera ibili du. Printzipio etiko nagusi hauxe dute: neure interesei zer komeni, huraxe ona eta egokia. Kontua da ongi ulertzea norberaren interesak zein diren. Filosofoek diote Humanitatearen interesekin ongi uztartzen ez badira ez zaizkigula benetan komeni.

Gurean haserre haizea dabil benetako donostiarren artean: nori bururatu zaio Trumpen presidente karguaz jabetzea San Sebastian egunean jartzea? Donostiak eta Danborradak merezi duten distira ez al da bigarren mailan geratuko munduko hedabideetan? Izan da eskatu duenik alkateak Donald-i idaztea, atzeratzea erregutuz eta, trukean, 2026an Urrezko Danborra emango zaiola ziurtatuz. Baina agenda arazoak ditu Donald lanpetuak aldatzeko, Pelipe erregek diktaduraren urteurreneko lehen ekitaldira agertzeko bezala. Ulergarria. Neuk ere, ezer gutxi naizelarik, agenda arazo ugariak ditut.

Esaterako, agenda arazo batengatik ez nuen Libres e iguales,intelektual eta politiko hainbatek prestatutako dokumentuaren sinaduran parte hartu. Kuadrilla polita osatzen dute, Vargas Llosatik hasi eta Fernando Savaterrekin jarraituz, Cayetana edo Nicolás maiteak tartean direla. Zerrenda osoa San Sebastian egunean gure soziedadeetako batera gonbidatu beharko litzateke eta randibu apur bat egin, damutzeko beharra suertatzen bazaigu, gure alde egiteko pronto leudekeen adiskideak izateko.

Izan ere, orain oso harroxko agertzen bagara ere, gerta daiteke laster batean geure buruak arriskuan izatea. Honezkero, gu ere zerrenda batzuetan izango baikara (Elonek prest ditu) eta gerta dakiguke horietan afusilatzekoak izatea, tortura jasan beharrekoak, gure bizitzetako trapu zikinen batzuk aireratzekoak (ez duenik ba al da?), inongo laguntzarik ez jasotzekoak… Nik, aitortu behar, jada erabakia hartua dut: ez zait inportako, kontuak oso larri jarriz gero, damu publikoa agertzea. Konpainia txarrek eraman nindutela halako eldarniora eta bide zuzenean abiatzearen poza sentitzen hasi naizela esango dut.

Baina oraindik ez, soilik arriskua gainean ikusten dudanean. Bitartean dibertituagoa baita inkontziente izatea. Eta inkontzientea naizelako diot oraindik: Trumporradako danbor guztiek batera jo arren, ezin amatatu ahal izango litzateke mundu zabalean ahate lakatua Ameriketako Estatu Batuen erpinera iristeak sortu beharko lukeen hortz karraskaren oihartzuna. Baldin eta, umetan erakusten zigutenez, pertsonak animalia arrazionalak bagina. Ongi frogatua dago, baina, ez garela horrelakoak, txotxolo harroxko tropa baizik.

Aitorpenekin jarraituz, esan behar dut, behingoz —eta amorrua sortzen badit ere—, proposamen zentzuzkoa egin duela Donostiako Udalak aurtengo Danborradarako. Oilarren Zalditeriaren Konpartsako doinua ez jotzea Plaza Berrian bandera igo eta jaistean. Batez ere, deitu gabe ere, oilar gehiegi agertzen delako danborraden inguruan eta oilasko eta oilanda koitaduak zanpatuta hiltzeko arriskuan egoten direlako. Trumpek ez zukeen begi onez ikusiko neurri hau, gezurra delako klima aldaketa gertatzen denik plazan milaka litro alkohol eta hiru edo lau tona hauts lardaskatu ondoren, eta libertatearen aurka doalako. Ea enteratzen zareten.

Agian egun horretarako martxan izango da udalak Parte Zaharrean jarri nahi duen zaborren bilketa plan berria. Zakarrak biltzeko puntu finkoen ordez, mugikorrak ipintzea da asmoa. Horrela espazio publiko libre handiagoa geratuko omen da. Horretarako baditut nik bestelako proposamenak. Baina txistea ona da.

Mendi lagun moñoñoa aurten etxean geratuko da Gaztelubideko danborrada zuzendu ezinik. Ongi daki berak zenbat egur eman izan diodan, soilik benetako adiskideekin egiten den antzera. Baina orain agur gozoa bidali nahi diot. Bihotzez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.