Raimundo Sarriegi eta Serafin Baroja

2012ko abenduaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Duela hamar urte, —abenduaren hemeretzigarren egunean zehazki— 1915. Errezilen jaiotako gizon jator bezain langile eta borrokalaria, Trintxerpe herri bezala sortzen gehien lan egindako apaiza goraipatu nuen, eta ez bakarrik herritar guztien laguntzak uztartuz eliza eder bat eraiki zuelako, baita hezkuntza, kirola, musika, dantza eta beste hainbat arloetan urte askotan jardun zuelako, «bere» Gotzainak —itxuraz gaitza ez da berria— deserritu egin zuen arte. Han, Trintxerpen bertan, aldarrikatu nuen Serafin Esnaolak herritar guztien oroimenaz gain, beste zerbait ere merezi zuela. Herriko kale bat bere izenean ongi merezi zuela, alegia. Zorionez, nire aldarria balekoa izan zela esan behar dut.

Gaur beste Serafin bat dabil nire lerroetan, eta esan behar dut ildo beretik jotzeko asmoak ditudala. Gauza da, Donostia eta bere txoko politenetariko bat ezagutzen duten gehienek, askotan aurrez aurre jarri eta hainbat argazki ateratakoak direla. Raimundo Sarriegiren oroimenez egindako plaza eta eskultura ditut begiko.

Danborrada egunean, Sarriegiren musika entzutean, eta donostiar guztien belarriak tente, besoko ileak zutik, jartzen direnean, gutxik dakite kantatzen ari diren hitzak ez direla Raimundo Sarriegirenak, Serafin Barojarenak baizik. Eta hemen nire beste aldarria.

Serafin Baroja, 1840. urtean jaiotako donostiar petoa, Carmen Nessi Goñirekin ezkondua. Lau seme alabaren guraso. Zaharrena Dario, gero Ricardo—goi mailako margolari eta idazlea—, hurrengoa Pio, idazle mundu osoan ezaguna, eta gazteena Carmen, hau ere idazlea.

Ingeniaritza ikasketak egiteak behartu zuen alde batetik bestera ibiltzera. Huelva, Madril, Iruñea eta Bilbon bizi izan ziren Serafin eta bere familia.

Serafin Baroja, idazle bakarrik ez, baita borrokalaria ere, Donostiako boluntario liberalen konpainian ibili zen Bigarren Karlistaldian.

Denetarik idatzi zuen; besteak beste, lehen euskal opera ere idatzi zuen, 1878an, eta baita hainbat olerki ere Euskal-Erria aldizkarian.

Beraz, nahiz Raimundo Sarriegiren adin berekoa izan, biak donostiarrak, eta, norbaitzuk dioten bezala, baita nahiko lagunak ere, musikaria goraipatzen duen eskulturan zergatik ez da aipatzen Donostiarren martxaren hitzak Serafin Barojak idatziak direla?

Hau nire aldarria; laster duguhurrengo «danborrada», eta Raimundo Sarriegi omentzen duen eskulturan ikusi ahal izango al dugu ondorengoa: hitzak, letraren egilea, Serafin Baroja jauna da.

Bat ez, biek omendua behar ditugu. Ala ez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.