Radio Euskadi, Ortuzar eta 'publikotasuna'

Arritxu Iribar, Edu Lorza, Andoni Basabe, Jabi Estebanez, Eider Jauregi eta Jon Otegi
2014ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Luze eta zabal hitz egin eta idatzi da iragan apirilaren 29an EITBko Administrazio Kontseiluaren gehiengoak —soilik PPren kontrako botoekin— adostu zuenaren inguruan. Ez dugu bere edukia berriro azaltzeko asmorik, baina alboratzen ari diren hainbat eztabaida lehen lerrora ekarri nahi ditugu, Euskal Herrian eraiki nahi dugun publikoa den horretan eragin zuzenak dituztenak. Horixe da artikulu honen xedea.

Lehenengo eta behin, eragiten digun egoeraren jatorria azpimarratu nahi dugu. Gaur egun EAJko lehendakari Andoni Ortuzar EITBko Zuzendari Nagusi zen garaian, zuzendaritzak bazuen hainbat langile lan poltsa batean, euren gaitasunak deialdien azterketen bidez modu publikoan frogatuak zituztenak, baina auskalo zein irizpideren arabera beste profesional batzuk kontratatzea nahiago izan zuen. Egoera urteetan luzatu zen, harik eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak irregulartasun bikoitza antzeman zuen arte: fiskala, lau urtez EITBk ez baitzion Gizarte Segurantzari lau milioi euro inguru ordaindu kontratu mota hau dela eta; eta laborala, kontratuok behar baino denbora gehiagoan luzatu zirelako. Horrela bada, Ikuskaritzak zera ebatzi zuen, proba objektiborik gainditu ez zuten langile autonomo hauei enpresa publikoan kontratu mugagabe ez-finkoa egitea. Made in EAJ kudeaketa.

Egoera hau urteetan luzatu da maila ezberdinetako bidegabekeriak sortuz, bai lan poltsako langileekin, urteotan lanera deituak izan ez direnak, bai gainontzeko finkoekin, LPD bat gainditu behar izan baitute, aurreko horiek ez bezala. Erakundearen gainontzeko eremuekiko bidegabekeria ere bai, izan ere, krisi garaian EITBren aurrekontu orokorra murriztua izan denean ezin izan dira egin behar izan diren kontratazioak, plantilari zuzendua zen aurrekontuaren zati handi bat aipatu ditugun kontratazio irregular horiek ordaintzera bideratua izan delako. LABentzat, EAJren exekutiboak azken urteotan enteari egin dizkion murrizketak onartezinak dira, onartezina den moduan, ezer gertatu ez balitz bezala aritzea eta kontratazioari dagokionez desorekak sortu dituen egoera irregular bat babesten ibiltzea.

Akordioaren arabera kontrataziora bideratzen den aurrekontua ez da jaisten, hau da, langile kopuru bera kontratatzen jarraitu beharko du erakundeak. Hori bai, hemendik aurrera 49 modu finkoan eta departamentu eta funtzioetan modu orekatuago batean.

Gure ustez, bai akordioak berak bai honen inguruan sortutako iritziak jarrera partzial eta demagogikoen gainetik publikoa denaren eta enplegu publikorako sarbidearen inguruan eztabaida sakonak ekarri dituzte mahaira. Hauek nabarmendu nahi ditugu:

Nork kontratatzen duen: LABek behin eta berriz salatu izan du nagusiki EAJk egin duen EITB bezalako erakunde publiko baten erabilera alderdikoia. Irizpide digitalak —atzamarrez egiten direnak alegia— mugatu egin behar dira gardentasuna lehenesteko. Eusko Irratiaren egoerari dagokionez, zergatik Ortuzarren zuzendaritzak lehenetsi zuen kontratazio eredu hau? Kontratatuen balizko profesionaltasun handiagoagatik besterik gabe, era objektiboan frogatu ezin izan dena? Arrazoi ekonomikoengatik, kontratazioak egiteko garaian Gizarte Segurantzari kotizazioekiko era iruzurtian aurreztutakoa dela eta? Ala arrazoi politikoak direla medio, irratiaren ildo editoriala zehazteko garaian? Ondo legoke herritarroi azaltzea.

Nor kontratatzen den: irrati publikoak zerbitzu publikoa eskaintzen duen neurrian kontratazio irizpideak publizitatearen eta gardentasunaren printzipioen arabera izan behar dira. Aldeak alde, inori burutik pasatzen al zaio Osakidetzako mediku batek lanpostu finkoa edukitzea halako kudeatzaile batek atzamarrez kontratatu duelako irizpide horien arabera inolako meriturik frogatu gabe?

Zenbat kontratatzen den: EITBn egindako murrizketen jatorria onura sozial eskaseko gastu itzelak —AHT...— dituen aurrekontuetan dago. Egoera honi buelta ematea eta plantila egokia bermatuko duen diru saila eskaintzea ezinbestekoa da kalitateko zerbitzua emateko.

Uste dugu ez direla gauza bera lanpostu zehatz batzuk edukitzea eta enplegu publikoa eta kalitatekoa defendatzea, eta batzuen aldetik bi ideia hauek modu interesatuan nahasten ari direlakoan gaude. Gardentasun eta aukera berdintasunik eza, irizpide objektiborik gabe egindako kontratazioen bidez, publikoa denaren suntsiketaren arrazoi nagusietako bat da. Askotan bezerokeriaren edota administrazio publikoan ematen diren ustelkeria mota ezberdinen jatorria, hain zuzen ere, sarbide ilun honetan dago.

Zoritxarrez, kontratazio mota hau EAJren ezaugarrietako bat izan da denbora luzez. Baina lanpostu zehatz batzuen balizko defentsan sindikatu batzuk askotan sistema honi adierazi dioten babesari penagarri deritzogu. Eredu beraren bi aldeak dira, denbora luzez elkarrekin ibili direnak, baina krisi garaian arazoak ematen dituela dirudi.

LABen publikotzat guztiona dena ulertzen dugu, eta ez dela soilik guztion zerbitzuan egon behar dena, guztion parte hartzea eta kontrola ere bermatu behar duena baizik. Enplegu publikoa eta kalitatekoa inoiz baino beharrezkoagoa da. Zerbitzu publikoen eskaintza unibertsal baten oinarri diren lanpostuez ari gara. Eta gardentasunaren eta kalitatearen beharraz ari gara, bai zerbitzuaren sarbidean, bai lanpostuaren ezaugarriei dagokienez, behin-behinekotasun tasa ikaragarria den garai hauetan, gainera. Hauxe da LABek defendatzen duen eredua. Baita Eusko Irratian ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.