Quousque tandem abutere, Catilina,
[patientia nostra?
Noiz arte abusatuko duzu, Katilina,
[gure pazientziaz?
(Zizeron, Katilinariak)
Zaila da ulertzen [...] garai [gai?] horiek erabiltzea, oraindik jakin gabe zein izango den behin betiko testua, konbokatzeko greba bat». Hauek dira azaroaren 30ean, Hezkuntzako lehen greba egunean, Jokin Bildarratzek esan zituen hitzik esanguratsuenak, ezbairik gabe. Tolosako gizasemeak ez zuen ulertzen zer dela eta harrotu dituzten hautsak modu honetan sindikatuek Hezkuntza Lege berria oraindik zirriborroa besterik ez denean. Greba «prebentiboa» izan dela, legea definitiboa ez delako eta oraindik ere aldaketak izan ditzakeelako. Sindikatuak builoso hutsak, eta irakasleak atzetik doan artalde petrala.
Bada, Jokin Bildarratzek egia dio: gurean lege berria oraindik ez da lege. Baina zer esaten den ongi ez pentsatzea berriketa-lekutan borborka dabilen kexa txinpartari gasolina botatzea bezala da, Jokin: legea oraindik zirriborroa bada, zer dela eta hainbesteko presa, presio eta agindu ikastetxeetan irakasleok programazioak lege berrira moldatzeko? Zein lege berri, Jokin? Zuk diozun moduan, denak gaude «oraindik jakin gabe zein izango den behin betiko testua».
Gaian profanoak direnentzat: Madrilek LOMLOE (enegarren Hezkuntza legea) ipso facto aplikatzea nahi du pare bat urtetan 2022-23 ikasturtetik aurrera; hau da, 2024rako LOMLOE denentzat bai ala bai. Aurten maila bakoitietan eta hurrengo ikasturtean maila bikoitietan. EAEn oso independente eta oso gu garelako, gure lege propioa hau zer den oso ongi jakin gabe aterako omen da Heziberri 3.0 edo halako izen batekin, jakin ezazu. Eta «omen» diot, oraindik zirriborroa delako. Baina Hezkuntza Sailak ikastetxe guztiak dantzan ditu maila bakoitietako programazio berriak atzoko nahi zituela esanez. Exijituz. Argi gera dadin: programazioak oraindik lege ez den testu bat oinarri hartuta egitea nahi du. Eta aplikatzea. Ikasturtea hasita dago, programazioak aurkeztuta eta lehenengo ebaluazioa pasatuta. Legea atzeraeraginarekin aplikatuko al dugu? Barkatu, zirriborroa?
Imajinatu Madrilen erabakitzen dutela Espainian beharrezkoa dela dauden ospitale erdiak ixtea, osasungintza publikoan dirua xahutzen delako. Eta lege bat egiten dute. Eta legea aplikatzeko pare bat urte ematen dituzte. Baina EAEn oso independente eta oso gu garelako, lege hori bera beste hitz batzuekin idatzi nahi dugu, Madrilgo legea bete beharrean gauden arren. Lege horri Osasunberriberria izena jarriko diogu —Osasunberri hartuta zegoen!—. Baina idazteko, Legebiltzarrean onartzeko eta aplikatzeko denbora gehiago behar dugu. Baina Madrilek bi urte utzi dizkigu eta bete beharrean gaude. Zer egin? Zirriborroa aurkeztu total, zakur bera lepokoa aldatuta eta mediku, erizain eta osasungintzako beste profesionalei esango diegu aplikatzen hasteko. Ez dakit, agian eska geniezaieke beraiek erabakitzeko zein ospitale itxi eta, mesedez, profesional erdiak etxean geratzeko. Baina, urtea hasi zenean ospitaleek irekita jarraitzen zuten, langileak lanera joaten ziren eta gaixoek ere gaixotzeko maniarekin jarraitzen zuten. Bada martxoan esango diegu denei urtarrilekoa aldatzeko otsailerako! Legea lege dela! Dura lex, sed lex. Baina zirriborroa ez da lex, Jokin.
Quousque tandem, Ioachine?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu