Quosque tandem, Aitor?

2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Aitor Montesek berriro ere iritzi-artikulu batean, agintarien aurkako salaketa medio, langile baten kontra egin du, eta bide batez, modu txarrean ukiturik utzi ditu haren lankideak ere. Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea (OEE) ere berba gogorrez astindu du, eta izan da imitatzailerik: ez da falta izan Osakidetzako hizkuntza-normalizazioko teknikariak larrutu dituenik, batek daki zergatik. Tiratzaileek zeri tiratu ez dakitenean nornahiri tiratzen diote, maiz, tiro oso larriekin.

Tamalez, pertsonak dira hain arin eta modu iraingarrian inarrositakoak, pertsona duinak, errespetua merezi dutenak, oroz gain, haien aurka ezer ez dugunean, golkotik ateratako eldarnioak ez besterik.

Alta, Aitor Montes zuzen dabil dioenean Osakidetzako Euskara Zerbitzua une kritiko batean dagoela, burua joan baita, hain zuzen ere, II. Euskara Planaren amaierako ebaluazio orokorra eta III. Euskara Plana diseinatu egin behar direnean. Horrela, pertsona zentzundun orok pentsatuko luke etena ez dela amildegi bihurtu behar, ahalik gehien egin behar dela une kritiko honetan jarraipena ziurtatzeko.

Nola bermatzen da premiazko jarraipen hori? Zerbitzuan Euskara Plana bultzatu duen teknikariaren laguntzaz, zeinek halaber Planaren bitarteko ebaluazioa kudeatu baitu, zein Euskara Zerbitzuaren zutabeetatik bat baita, eskarmentu handikoa, urte luzeetan erakunde handienetariko baten euskara-arduraduna izandakoa.

Hori guztia begi-bistakoa den arren, Aitorrek ez dakusa, noski, eta nahiago du bere gustu eta interesen araberako mundu bat irudikatu ezen ez aurrean duenari begiratu. Interesa zeinahi delarik ere, baina argi dago Aitor Montesek gutxi dakiela eta asko suposatzen duela.

Suposatzen du une honetan plangintzaz eta Euskara Zerbitzuaz arduratzen den teknikaria agintariek nahierara eta legez kontra aukeratu dutela; teknikari hori morroi hutsa dela, beldurtia, sabel eskertua, seriotasunik gabe jardungo duena; zerbitzuburu batek hizkuntza-politika erabakitzen duela, arauak ematen dituela, ez dagoela nagusien aginduetara; ezohikoa eta irregularra dela bitarteko une batean, iragankortasunez, teknikari batek, finkoa nahiz interinoa izan, goragoko funtzioak betetzea.

Aldiz, ba omen daki, gero agintariek bere gogara zerbitzuburu nor izendatuko duten: teknikari berori. Nire irudiko, hoberik ezean, ondo egingo lukete,teknikari morroi, ganorabako eta beldurti hori, segur aski, orain egokiena den bezala, gero ere aukerarik onena izan litekeelako.

Baina Aitor Montesek, jakin, ez daki ardura hartu duen teknikaria lankideek berek proposatu diotela Osakidetzako agintaritzari; lankideek berek, unearen izaera kritikoaz eta hautagaiaren balioaz jabeturik, erregutu eta konbentzitu behar izan dutela ardura har dezan; teknikari batek goragoko funtzioak hartu ahal dituela, iragaitzaz, finkoa ez izan arren, zeren, administrazioan, oraingoz, ez baitago kastarik; administrazioa erakunde hierarkikoa dela eta, horrela, nahiz teknikariak, nahiz atalburuak, nahiz zerbitzuburuak goragokoen esanetara daudela, legea betetzen den heinean, noski; Euskara Zerbitzuaren burua ez dela Osakidetzako organoetatik bat, ez duela araurik ezartzen, non eta ez den zerbitzu barruko funtzionamenduari dagokionez, eta jakina, ez dela inolaz ere botere legegilea, ezta gobernua ere; Euskara Zerbitzuaz iragangaitzez arduratzen den teknikaria langile esperientziadun, serio, zintzo, argi, bipil eta lankideek oso estimatua dela.

Oso bidezkoa den arren administrazioaren erabakiak eta agintariak kritikatzea, eta abagune egoki asko ez dira falta, marra gorri batzuk ez genituzke zeharkatu behar, kasurako, gure gogara edo interesarengatik pertsonak —arduradunak barne— modu merke eta makurrean laidotzea. Era berean, doilorkeria handia da argudioak mamitzerakoan lotura makurrak asmatzea, efektismo hutsaren bila, hortik gezur beltzak besterik ez baita sortzen.

Euskalgintzan ere hori ikusi behar?Izaitetik hek bezala Ortzi Jaunak zain nazala!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.