Que mas da decir 'etxe' o decir 'casa'

2012ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Txillardegirekin bildu nintzen batean, solasean lasai gindoazelarik, orduan atzerrian zegoen Eusko Jaurlaritzako buruzagi baten euskararekiko axolagabekeria agertu zidan. Aipatu buruzagia, ordea, euskal instituzio gorenaren ikurtzat jartzen zuen eta baita Eusko Jaurlaritzan aginte makila zuen alderdiaren sinbolotzat ere. Eta euskararen etorkizuna piperrik ere ez zitzaiela inporta adierazteko, aipatu buruzagiaren hitzak adierazi zizkidan: Qué más da decir 'etxe' o decir 'casa'. Alegia, garrantzizkoa independentzia lortzea zela, Euskal Herria euskaldunek kudeatzea, industria eta ekonomia sendoak edukitzeaeta hori edozein hizkuntzatan lor zitekeela. «Hori ez, ezin diagu inola ere onartu Euskal Herria Irlanda bis bihurtzea». Nik uste dut alderdi nazionalista haren euskararekiko jarrera dezente aldatu dela euskararen alde, horretarako Txillardegi eta txillardegizale porrokatu askok «urte kritiko haietan» egindako lanaren ondorioz izan bada ere.

Txillardegi gizon globala izan zen. Dena interesatzen zitzaion, dena aztertzeko gaitasuna zuen, jakitun zen guztia elkar erlazionatua dagoela. Hori bai, euskara izan behar zuen, ordea, oinarri jaso nahi zuen eraikinak. Bere iritziz ez zen aski euskararen alde gogor egitea, euskara jorratu, biziberritzen saiatu, mundu modernorako tresna egoki bihurtzen saiatzea. Euskarak pertsonaia indibidual jakintsu batzuen zientzia baino zerbait gehiago izan behar zuen. Herriaren eguneroko tresna zegoen bihurtu beharra. Eta lorpen hau politikan ikusten zuen, euskal gobernu independente baten euskarazko administrazio global baten eraginpean. Horregatik, politikari berebiziko garrantzia ematen zion, baina politika hori euskaraz hezur-mamitu behar zen, euskaraz eta hasieratik, honetan kontsekuente ez izateak Irlanda bis eraikitzera eramango gintuela eta. Koherente izan nahi horrek, arerio asko ekarri zion. Politikari askorentzat politika bera bihurtzen da helburu, Txillardegik argi zeukan, ordea, helburua, goi-helburua: Euskal Herria helburu.

Egunen batean Euskal Herri independente euskalduna ikusiko bada, euskara batuaren beharra inork baino lehenago edota behintzat zehazkiago ikusi zuen. Buru-belarri ekin zion hain funtsezko tresna lortu ahal izateko ekimenari. Ekintzailea zen denerako. Berak jarri zuen abian euskara batuaren prozesu luzea bezain korapilatsua, gero Koldo Mitxelenak Arantzazun taxuz eta zentzuz koroatu zuena. Iristear zegoen ikastolen munduaren eklosioak euskara batua behar zuen, testu-liburuak berdinak izan behar zuten Tuteran nahiz Maulen, Bilbon, Donostian, Iruñan nahiz Gasteizen. Idazteko euskalkien anarkia gainditu beharra zegoen. Hau edonork ikusten zuen, baina bidea irekiko zuen pertsonaia ausart bat falta zen, falta izan zen, Txillardegik arazoari kemenez heldu zion arte. Batuaren prozesua herrian txertatu zen eta lur emankor honek loratu eta fruitua emanarazi zion. Diktadura makur eta zital haren botapean ikastolen mundu miragarri bezain sinestezina mamitu zuen herriak badu etorkizuna.

«Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; baina estaturik gabe, ziur ezetz». Bereak dira hitz hauek. Berak esan ohi zuen erresumak erabakitzen duela hizkuntzen etorkizuna eta hau gero eta nabarmenago dela egia. Euskal Herria liberatzeko erakunde armatuaren izenaren bila zebiltzala, «Euskadi Ta Askatasuna» proposatu zuen Txillardegik. Independentzia izenean bertan. Bizitza osoan koherentea, kontsekuentea izan zen eta zintzotasun honekekarri zion, besteak beste, Euskaltzaindiaren beraren kondena. Inork merezi bazuen, Txillardegik ondotxo merezi zuen Euskaltzain osoa izateko ohorea, baina ez dakigu zergatik edo badakigu, Euskaltzaindiak ukatu egin zion ederki zor zion meritu hori. Seguru min egin ziola, edonork baitu laket esfortzuaren nekea onura ateratzen duenak aitortzea.

Kolosala izan haiz eta historiak, gure historiak, merezi duan aulkian jarriko hau. Horixe opa diat. Gu ere saiatuko gaituk etxe eta ez casa esaten. Agur eta ohore, Txillar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.