QR bat naiz

2021eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Bihoa aurretik txertoa jaso dudala, hiru txerto hain zuzen ere, eta ez nuke laugarrenik ere ukatuko horrela sendagileak eskatuko balit. Horrek, besteak beste, nire adinaren berri ematen du, hots, zehaztasunetan ibili gabe, ez naizela batere gaztea. Aitortza honek badu bere funtsa. Gure gurasoei eskatzen zieten Falangeko karneta ateratzea, lana topatuko bazuten; guri oihuka «Viva Cristo» esanarazten ziguten erakusteko Satanek ez zuela morroirik gure 9 urteko eskolan. Orain, berriz, gure seme-alabei eta guri QR bat erakustea eskatzen digute, zeinak zuzenik erakusten duen bat, bi edo hiru txerto jaso dugula, eta, bide batez, gobernuarekiko menpekotasuna, zeharka. Eta aldian aldiko hiritarrei ezarritako hiru kontrol mota horiek, itxuraz ezberdinak badira ere, funtsean badute zerbait komunean, balizko gizarte baten mesedetan halabeharrez egiten baitira.

Txertatuta egon arren badakit birusak harrapatu ahal nauela, eta badakit nik ere beste pertsona batzuk kutsatu ahal ditudala. Bai, horiexek dira txertoaren mugak, ez baikaitu erabat babesten. Muga horiek gorabehera, Eusko Jaurlaritzak egun batetik bestera funtzionario saldo ederra bildu du musu truk, dohainik, tabernari guztiak txertatuen eta ez-txertatuen kontrolatzaile bilakatu baititu, polizia lana eginez. Bestela esanda, mozkortzeko (edo ez) osasuntsu gaudela erakutsi behar dugu QRaren bidez.

Ez da makala tabernari hauek Eusko Jaurlaritzari orokorrean eta Herrizaingo Sailari bereziki egiten dioten lana, egunero, orduero, minutuero, Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionario berri hauek milaka eta milaka pertsonaren mugimenduak erregistratzen baitituzte, horiei guztiei buruzko hainbat datu jasoz: osasun egoera (txertatuta gauden ala ez), izen-abizenak, adina, jaiotze-eguna eta une jakin batean non egon garen baitakite aplikazio informatiko baten bidez. Horixe da nork bere buruari buruz tabernariei ematen dien informazioa QRa erakusten dien bakoitzean. Hori guztia Jaurlaritzari eta honek ezarritako neurriei jendearen atxikimendu maila ez aipatzearren. Jendearen eskubideen galera hori huskeria ote da onura handiago baten faborez? Bada besterik. QRaren bidez jakin daiteke gure ohitura sozialak nolakoak diren, noiz, non eta norekin ibiltzen garen. Hortik aurrera ez dakigu zer gertatzen den boluntario eta pote baten truke ematen dugun informazioarekin, ez dakigu nork nola erabiliko duen.

Diotenez, txertoa jartzea edo ez norberaren esku geratzen da, hots, norberaren borondatezko eginkizuna; baina inork hartu ezean, norberaren oinarrizko eskubideak desagertzen zaizkio, mugimenduarena eta intimitatearena besteak beste: QRa erakutsi ezean, hainbat esparrutatik baztertuak, markatuak.

Baina nola lortu duten tabernarien erabateko atxikimendua ordu gutxitan? Erraz: mehatxatuz. Bada, tabernariek QRa eskatu ezean, isuna jaso, espedientea ireki edota taberna itxi ahal baitzaie; hots, kale gorrian, lanik ez.

Esate baterako, demagun QRa erakutsi ondoren ezkutuko maitale bi elkarrekin biltzen direla taberna batera. Horren bidez, jakin daiteke nor norekin egon den, noiz eta non. Eta galdeketa trebearen bidez edo eskupeko beltzaren truke, tabernariak erraz esango luke nola zeuden jantzita edota zer hartu zuten, elkarri eskua eman zioten edo haserre zeuden. Hurrengo urratsa? Futurista izan gabe Amanece, que no es poco filmak erakutsi zuena, guardia zibil bi tabernaren aurrean paratu zirenean erabakitzeko nor sartu, zer eta zenbat edan behar zuten. Amaitu da intimitatea, amaitu da erromantizismoa.

Baina benetan eragingarria da QRa erakutsi beharra birusari eusteko? Sagarduik, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, harro aitortzen du erkidegoko biztanleen %90ek txertoa jaso duela. Proportzio horretan, pentsatzekoa da sarriagotan edo gutxiagotan tabernetara goazen bezeroon %90 ere txertatuta egongo garela. Zertan dator, bada, aldez aurretik ezagutzen den informazioa eskatzera, ia denok txertoa jaso badugu? Zer ekidin edo babestu nahi dute horiek bezalako neurri oldarkorrak betearaziz? Kutsatuen kopurua igotzen bada, ez da izango tabernetara sartzen den bezeroen %10ek eraginda, horiek txertatu gabe daudelako. Izan ere, gaur egun ondo dakigunez, txertatuta gaudenok ere birusaren eroaleak izan gaitezke. Eta bitartean, futbol zelaiak eta saltoki gune handiak beterik, leporaino, noiz eta jende gehien biltzen den tokietan Gabonen aurreko egunetan. Milaka eta milaka pertsona ibiliko dira egun horietan saltoki itxietan inolako QRrik erakutsi behar izanik gabe. Orduan, zertan dator tabernetan ezarri den kontrol hori?

Horiek bezalako neurriak hartuta, badirudi Eusko Jaurlaritzak zerbait egiten ari dela erakutsi nahi duela, benetan ezer egin gabe. Itxurakeria baino ez. Bitartean, hor daude, ahantzirik, lehen arretako sendagileak berrogeitaka gaixo egunero artatuz, eta Osasun sailburua gaixoei osasun zerbitzuetara mesedez ez joateko eskatzen.

Nora joango gara zaharrok gure ohiko bilguneak (tabernak, osasun zentroak eta jubilatuen lokalak) ixten badizkigute? QRa erakutsi nahi ezean, neure burua ikusten dut, gazteen antzera, parke eta zoko ilunetan lagunekin elkartzen garagardo baten inguruan, botiloia eginez. Gaztetuko nau horrek, poliziari iheska berriz. QRa erakutsi ezean, lege hausleak garela sinetsarazi nahi digute. Enfin, Jainkoak gobernu ongiletik libra gaitzala, ezen birusarena norberaren ardura baita.

Ezin dut amaitu kontatu gabe gaur bertan tabernari bati entzun diodana, mikro-makro matxismoaren esaldi horietako bat, QRaren bikaintasunak goraipatuz: «Bueno, orain behintzat badakizkigu neska polit guztien izenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.