Publikoa, euskalduna, berdinzalea eta inklusiboa

Miren Gorrotxategi, Isabel González eta Iñigo Martínez Zatón
2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Igaro dira 30 urte Euskal Eskola Publikoaren Legeak ekarri zuen eskola akordiotik. Orduz geroztik, gure herriaren egitura soziala aldatu egin da, alderdi askotan. Behintzat, eragile politiko eta sozial guztiok ados gaude kontu honekin: lege hori agortuta dago. Era berean, agente guztiok bat gatoz aldatzeko unea iritsi dela esatean. Horregatik, joan den asteazkenean sortu zen Eusko Legebiltzarrean etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemari buruzko oinarriak zehazteko ponentzia. Hain gai garrantzitsuan ados jartzeko dugun borondatea irmoa da, baina kezkatu gaitu azken asteotan Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza handiena duten bi alderdiek hezkuntza publikoari buruz erabili duten kontzeptuak.

Joan den mendeko 80ko hamarkadako iraultza neoliberalera atzera egin nahi genuke, finantzen deserregularizazioan, lan-merkatuaren malgutzean, enpresa publikoen pribatizazioan eta sindikatuen zokoratzean oinarritu zen iraultza neoliberalera, funtsezko beste elementu bat badela gogora ekartzeko, fenomeno hori aztertu genuenean askotan aintzat hartu ez genuena: Margaret Thatcherrek hezkuntzan ezarri zuen «modernizazio kontserbadorea».

Bi izan ziren hezkuntza-eredu thatchertarraren ardatzak: alde batetik, ezagutza instrumental hutsa helburu ekonomikoetarako —irakaskuntzaren kalitatearen ordez—; eta bestetik, klase dirudunentzako hautatzeko askatasun faltsua —aukera-berdintasunaren eta gizarte-kohesioaren ordez—. Eredu horren atzealde ideologikoa oso kaltegarria da gizarte demokratikoentzat; izan ere, bi herritar mota ezartzen ditu: zerbitzuak ordainduz eskura ditzaketen herritarrak eta hori egiteko aukerarik ez duten herritarrak. Horrek esan nahi du zerbitzu publikoak subsidiarioak direla, gutxiegi finantzatuak eta baztertutako biztanleentzako baliabide gisa baino ez pentsatuak.

Izan ere, arlo publikoaren garrantziaz hitz egiten dugunean, argi dago ez garela hezkuntzaz bakarrik ari, gizartea ulertzen dugun moduaz baizik. Horregatik, guk hezkuntza-eredua publiko bihurtzearen aldeko apustua egiten dugu. Arlo publikoaren aldeko apustua egiten dugu baita ere osasunean, pentsioetan, egoitzen ereduan, garraioan, kultura- eta kirol-zerbitzuetan, eta abarretan. Koherentzia politikoko kontu bat da, euskal taula politikoaren ezkerraldean baikaude. Ezin liteke bestelakoa izan: publikoa, doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa.

Pandemia honek erakutsi digun zerbait da sendoa den guztia airean desagertzen denean, publikoa den guztiak hor jarraitzen duela. Publikoa den guztiaren indarra da komuna dela, horregatik babestu eta indartu behar dugu. Publikoa dena desegiteko bidean aurrera egiteak, ahulago bihurtzen du gure gizartea, desorekatuago, segregatzaileago, insolidarioago. Horregatik, jaitsiera demografiko konponezinaren aurrean, ikasgeletan haur faltari aurre egiteko modua zein izango den erabaki beharko dugu. Eskola pribatua funts publikoekin finantzatzen jarraituko dugu edo, aitzitik, indartuko al dugu hezkuntza sisteman publikotasunaren presentzia? Guk oso argi daukagu: eskola publikoa da herritartasun kritikoa osatzeko tresnarik onena; inklusioaren, aniztasunaren, laikotasunaren eta berdintasunaren balioak bermatzen dituena da, eta, jakina, haurrak euskaldunduko direla bermatzeko metodorik onena.

293/87 Dekretuak, hezkuntza-itunen erregelamendua onartzen duenak, argi eta garbi ezartzen du bosgarren artikuluan ikastetxeen sare pribatuak —itun-araubide baten bidez funts publikoekin sostengatuta daudenak—, euskal eskola publikoaren osagarri direla. Hezkuntza Saileko norbaitek azal lezake osagarritasunaren zer definiziok ahalbidetzen duen Euskadiko hezkuntzaren ia erdia itundua izatea? Hezkuntza-itun berriak ezin du anomalia hori blindatzeko balio. Eta eskaintzen duten zerbitzuaz ez ezik, titulartasunaz ere ari gara.

Euskal eskolak pairatzen dituen segregazio-maila kezkagarriek ez dute kausa bakarra; ezinbestekoa da hezkuntza-eragile guztiekin batera aztertzea zergatik heldu behar zaion modu eraginkorrean. Eta lege berriak arazo horri irtenbidea eman diezaion, hezkuntza akordioak berak baino lehen, inklusioaren aldeko akordio handi bat lortu behar dugu. Ikasleak jatorriaren eta errentaren arabera bereizten direla erakusten duten datuek sutan jartzen gaituzte. Ez dago eskubiderik. Hezkuntza gizarte bidezkoagoa eraikitzeko oinarria da, eta premiazkoa da bere baitan dauden desberdintasunak zuzentzea.

Azken batean, gure eremu politikoak publiko bihurtzerantz aurrera egitearen aldeko apustua egingo du, jakitun izanik prozesu hau oso luzea dela eta lana, elkarrizketa eta akordioa eskatzen dituela. Beste gai asko daude mahai gainean: euskalduntzea, bereizketa, «borondatezko» kuotak, matrikulazio-mekanismoak, jaiotza-tasa baxua, digitalizazioa, jantokiak... Eskola inklusiboaren aldeko apustua egiten dutenek gurekin kontatu ahalko dute. Azaroaren 6an Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak manifestaziorako deialdia egin du eskola publiko eta euskaldunaren alde. Has gaitezen norabide berean aurrera egiten, bidezkoa dena aldarrikatuz. Gu larunbatean hortxe egongo gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.