PSOE sostengatzeaz

2019ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Zer dela-eta dagokie estatu barruko nazio ukatuei estatuaren gobernagarritasuna erraztea? Behar bada, horren truke, funtsezko zerbait lortuko dugulako? Begira Nafarroan nola jokatzen ari den PSOE, euskararen dekretuaren aurkako epaiarekin edo sinboloen legearekin; edota Katalunian, inor baino sutsuago 155. artikulua ezarri nahirik, autodeterminazioa erabat ukatuz edota erreferendumak legez eragotziz. Nik ez dut esango zer egin behar den, baina ez dut uste espabilatzeko modurik onena PSOEri laguntzea denik.

Hego Euskal Herrian Espainiarako egin diren orain arte azkeneko bi hauteskundeetan, apirilean eta azaroan, faxistak ustez bat-batean berpizten ari diren beldurrak eraman du jende asko PSOE bozkatzera. Espainiako eskuina hiru-buru agertu zen apirilean hautesleen aurrean, hidra beldurgarriaren antzera, eta, trifatxitoa gobernura iritsi ez zedin, boturik erabilgarriena PSOEri ematea zela iritzi zion askok eta askok. Azaroan, berriz, partidurik ultraeskuindarrena gailendu zaielarik beste bi bertsioei, nago beldurra areagotu egin dela, eta PSOE-Podemos aliantzari begira daude ezkertiar gehienak, salbazio-modu bakartzat.

Espainiako politikagintzan PSOE eskuina ez bada, eskuinaren politika berbera egiten duen alderdi sasiezkertiarra da. Batik bat, Euskal Herrian zein arazo nazionala daukaten herriei dagokienez, ez baitu arazo hori dagoenik onartzen, haren iritziz estatu espainiarrean ez baitago beste ezein naziorik, Espainia bat eta bakarra baitauka buruan. Horren aurka altxatzen den edonor bortizki kolpatuko du, eskuinak bezainbeste. Gauzak horrela, ene irudiz, nola edo hala PSOE sostengatzen saiatzeak, ustez betiko eskuinari ateak ixteko asmoz, arazo nazionalei dagokienez (eta sozialetan ere bai neurri handi batean) eskuinaren politika zintzoki beteko duen alderdi kamaleonikoa sostengatzeak, epeldu egiten gaitu, sorgortu, ilusio faltsuak sorraraziz. Eta ni horrek kezkatzen nau, ez beste ezerk.

Gaur egun PSOE siglapean gordetzen den nukleo gogorrak, aparatoak alegia, ez du zerikusirik Errepublikako edo frankismo garaiko alderdi sozialistarekin edo autodeterminazioaren aldeko pankartari eusten zionarekin. PSOEk trebeziaz kudeatzen du bere historiaren alde liluragarriena, sinetsaraziz eskuinaren balioen alternatiba izaten jarraitzen duela, eskuinak bideratuko ez dituen politikak sustatuko dituela, jendearen bizitza arintzeko eta arazoak konpontzeko tresna ezinbestekoa izango dela. Azken urteotako gobernantzan erakutsi duenak ez du hori adierazten, ordea: argindarraren prezioa justuago ez arautzea, soldaten izoztea, pentsioak soilik modu umiliagarrian igotzea, lege murriztaileak, zergen ezarpen justuak adosteko gogo-falta, etab. Biolentzia guztien kontra dagoela oihukatu arren sustatu duen GAL, gerra zikina eta azken boladan gure preso politikoen irteera blokatuta edukitzeak, berriz, ez du ezer onik itxoinarazten, hitz zuriak izan ezik. PSOE, 1978ko erregimenaren zutabe nagusia da, eta zutabe horretan zurkaizturik ez dago erregimen hartatik datozkigun zorigaitzak konpontzerik. Eskuinak gogo txarrez hartu zuen trantsizioa, PSOEk gogo biziz, baina beti jarrera iruzurgilea mantendu du, ezkerrekoak izan ziren merituak gogora ekarri arren sakonean gauza berbera erdietsiz: alegia, indar ekonomikoen lobbyei bidea erraztea, jendearen bizimodua egoera berdin nekosoan baldintzatzea, eta batik bat estatu barruko nazio ukatuei askatasunaren bidea beti trabatzea.

Hori dena hola bada, zer dela-eta sostengatu behar dute partidu independentziazaleek PSOE? Llotja de Marreko agiria sinatu dutenek nekez sinistu ahalko dute han idatzitakoa PSOEk beteko duenik. Eta agiri horren sinatzaileak ezinbestekoak baldin badira PSOEk goberna dezan, zergatik ez estutu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.