Psikologia zein euskara ipar ditugunon arteko sarea osatzea ezinbestekoa zela agerian geratu zen 2019ko azaroan Eibarren ospatu zen Psikologo euskaldunen III. Topaketan. Halaber, premiazkotzat hartu genuen psikologia euskalduna egiten ari garenon lana bistaratu eta partekatzea; hauspotzea, azken batean. Zorionez, behar horiei guztiei erantzuteko tresna sortuko da gaurko egunez: GuNETuz webgunea, hain zuzen ere. Gainera, honen harira, aipatu egin behar da ezinbestez aurkezpen eguna ez dela ausaz erabakitakoa, ezta webgunearen izena ere. Batetik, datari helduz, apirilaren 7a Osasunaren Nazioarteko Egun bezala izendatua da. Maiz, osasunaz mintzo garenean, fokua soilik alderdi fisikoan jartzen dugu. Hala eta guztiz ere, aintzat hartu behar da halabeharrez osasuna ongizate fisikoa ez ezik, mentala eta soziala ere badela. Horrenbestez, osasunaren izaeraren osotasuna aldarrikatzeko asmoz aurkeztuko dugu GuNETuz, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean, gaur bertan. Bestalde, webgunearen izenari dagokionez, bere izana agerian utziko zuen deitura jarri nahi genion. Izan ere, psikologo euskaldunak saretzen (-NET) dituen gunea daGuNETuz, bakarra bere alorrean.
Berebat, ekarpena ez da soilik psikologo euskaldunentzat izango, euskal gizarteari eskuarki egingo zaion kontribuzioa izango da, handia gainera. Izan ere, bilgunea izango da, psikologian edo lotutako bestelako diziplinetan lanean diharduten profesional, ikasle zein erabiltzaileen bilgunea, hain zuzen. Berdinki, euskaraz eta euskalduna izango da, euskara hutsean izango baita, eta bertan euskaldunok hartuko dugulako parte. Gainera, euskararen erabilera zuzenerako baliabideak eskaintzen ditu. Bestalde, psikologia osatzen duten arlo ezberdinekin zerikusia duten ezagutzak hedatuko direnez webgunearen bitartez, dibulgaziorako aproposa da. Horren harira, besteak beste, psikologiaren arlo ezberdinekin zerikusia duten euskaraz egindako argitalpen, albiste, esku-hartze, teoria zein antzekoak partekatuko direnez, berritzailea ere izango da. Era berean, psikologo, aditu eta euskaldunentzat orain arte izan ez duten erreferentziazko euskarria izango da. Aurretik aipatutakoen harira, beraz, ezin uka daiteke parte-hartzailea izango dela, aipatutako komunitateari zuzendutako proposamena izanik beraien inplikazioa bilatuko delako. Halere, informala eta, aldi berean, formala izango da, baita dinamikoa ere. Izan ere, izaera informaleko zein formaleko parte-hartzea gauzatzeko bideak izango ditu, eta erabiltzaileen beharrei egokitzeko aukera emango du, gunea bizirik mantenduz. Baina, lasai, intuitiboa eta erabilerraza izango da baita, profil desberdinetako psikologoengana iritsi ahal izateko. Azken batean, lankidetzan oinarrituta egingo da, unibertsitate, ikertalde, erakunde edota eragileen arteko elkarlana sustatzeko. Bide horretan jarraituz, formazio sustatzailea izango da, psikologo euskaldunen arteko formazio kanalak sortu, autoformazioa bultzatu eta ezagutzak partekatzeko komunikaziorako espazioa izango baitu. Azkenik, parekidetzailea izango da, generoen arteko parekidetasuna sustatzea izango delako GuNETuz-en oinarrietako bat.
Laburbilduz, munduko edozein txokotan dauden psikologiaren arlo ezberdinetako euskal psikologoen komunitate birtuala sortzea ekarriko du webguneak. Zuk ere lorpen horretan parte hartu nahi baduzu GuNETuz proiektuan parte hartuz, kuxkuxea ezazu gunetuz.ueu.eus webgunean. Gu psikologoak elkartuz, gu saretuz, gure gunea da GuNETuz.
Zu ere egile izan zaitezkeelako, zure zain gelditzen gara!
Psikologo euskaldunen sarea osatzen hasi gara: GuNETuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu