Ezker Abertzalearen sektore guztiok gure herriaren errealitate soziopolitikoari egokitzeko ahalegin handiak eta beharrezkoak egin arren, gero eta nabarmenago geratzen ari da normalizazio prozesurik ez dela ematen ari. Honetaz ez ohartzea gertakizunen errealitate politikoa ez onartzea da.
Ezker Abertzaleak soilik aldebarkatasunetik egin diren urratsak egiteak, berez, prozesua ahalbidetzen duela ulertu nahi izan da. Prozesurik eman dadin, ordea, alde guztietatik borondatea egon behar du, eta, hemen, une honetan eta epe labur-ertainean, ez du ematen horrelakorik suertatuko denik.
Azkeneko adibidea, ETA erakundearen desarmatze keinuarekin batera ikusi ahal izan duguna: Espainiako eta Frantziako estatuek nazioarteko bitartekariei egindakoarekin, alegia.
Aldebakartasunak, berez, ez du, halabeharrez, aldebikotasuna ekartzen. Batik bat aldebakartasuna konfrontazio politikoa eta demokratikorako bide gisa ulertzen ez bada. Konfrontazio politiko hori gabe, Estatuek ez dute euskal herritarron borondatea onartzeko premiarik izango. Hori gabe, aldebakartasuna Estatuen beharretara egokitutako gidoi baten urratsen araberako jarduna baino ez da izango. Akats handia da pentsatzea gidoi hori jarraituz, nazioarteko balizko presio batzuek direla medio, Estatuak lotsagarri ala nabarmen utziko ditugula. Besteak beste, presio horiek, zantzu guztien arabera, ez direlako iritsiko.
Aldi berean, prozesurik ez dagoela gero eta argiago egonda ere, keinu, ekitaldi eta hitzaldi-sortak antolatzen jarraitzen dute, eta eszenifikazio hori ulertzeko gero eta zailtasun handiagoak ditu ezker abertzaleko jendeak.
Gertaera horien guztien ondorioa: (ezkerreko independentismoaren esparru soziopolitikoan) egun, harridura eta, laster, etsipena eta geldikeria. Eta hori ari da gertatzen, batik bat, beste mugimenduekin batera konfrontazio demokratikorako eta nazio eraikuntzarako urratsik egin ez direlako. Konfrontaziorik gabe ez dago prozesurik, urte luzez ikusi dugu Euskal Herrian, eta orain Katalunian.
Herri honek hitz egin du dagoeneko: hautestontzietan, erakundeetan eta kaleetan. Mintzo da, eta autodeterminazioa eskubidea bete nahi duela esan du, eskubide horren gauzatzean oinarria den estatus juridiko burujabea ezarriz. Alabaina, autodeterminazioa ez da Estatuen onarpen ofizialetik etorriko, errotik demokratikoa den aldebakarreko ekintzetatik baizik. Hemen eta Katalunian horrela izango da. Eta hori ekimen independentista batek bultzaturik, beste inork ez baitu honenganako inolako interesik.
85 urteetako bere ibilbide historikoan, Ezker Abertzaleak akats estrategiko nabarmen bat errepikatu du, behin eta berriz; hots, Euskal Herriaren askatasuna Estatu espainiarren demokratizazio prozesu baten eskutik etorriko dela pentsatzea. Akats hori egin da EAE-ANV sorreratik (Errepublika garaian) gaur arteraino. Aldiz, euskal herritarrok ezin dugu gure gain hartu gurea ez den erantzukizuna, espainiarrena baita, haiek ez zuten nahi izan, edota ezin izan zuten Estatu frankista genozidarekin haustura demokratikorik egin.
Konfrontaziorik ezak euskal gatazka politikoa ikusezin bilakatu du, bai nazioarteko foroetan, bai arlo politiko eta mediatikoan. Izan ere, Estatuen agendan, egun, lehentasuna Katalunian dago eta ez Euskal Herrian. Gatazka politikoa Espainiako Estatuaren agenda politiko eta eztabaidetatik desagertu egin da. Euren ustez, ez dago gatazka politikorik, elkarbizitzarako eta ordena publikorako hondar arazoa baizik.
Eusko Ekintzaren militantziaren ustez, herri honek independentzia, sozialismo, amnistia eta askatasunerantz urratsak egin ditzan eta alde guztientzat gatazkaren zauriak itxiko dituen irtenbide duina lortzeko, konfrontazio demokratikoa ezinbestekoa da, horrek bakarrik bilduko baitu behar den indar metaketa.
Prozesua, boluntarismoa eta errealitatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu