Behin baino gehiagotan amestu dut zinemara noala Godardekin. Harekin paseatuz, zinez gozatuko nuke, Karelia Slim zigarroetako bat errez —Anna Karinaren berezko xarmarekin ezin, baina—, gurean era nahasian plazaratu den zinema egitasmoaren (ke) lainoak uxatzeko abagunea. Galdera-egia artean, aukera galduetan —beste behin herri honetan— amai dezakegu.
«Profesionalizatzeko», egun, antza, ez ditugu nahikoa unibertsitate gradu, master, lanbide heziketa eta bestelako formakuntza bideak zinema profesionalak profesionalizatzeko. Beharrezkoa omen da profesionalen eskutik profesionalen profesioa sustatzea. Hona berriro ere eztabaida zaharra (eta zaharkituta) agerian: Zelan irakatsi zinema gaur, zinemak aspaldi utzi bazion zinema izateari?
Erabat zaharkituta dauden eskola ereduak errepikatzeko aukera (eta arriskua) ere egon liteke, irakaskuntza plangintza osoa arlo tekniko-teknologiko ultraespezializatu batetik soilik bideratzearen lilurari segika. Krisialdiarekin areagotu egin da lehendik zetorren «masteritis» eta «titulitis» irrika: zinema ikastaro bat bestea baino espezializatuagoa, profesionalagoa, praktigoagoa, etorkizun handiagokoa... profesionalen artean profesionalena bilakatzea, edabe bat edatea balitz bezala. Haatik, eredu zaharrak (eta zaharkituak) errepikatze horretan, zinemak berak bizi dituen etengabeko eraldaketak—egungo ekoizpen eta banatze modu berriak, kasu— aintzat hartzen ez badira, betiereko cul-de-sac batean aurkitu gaitezke.
Egitasmoaren ikuspegi posible bakarra, praxitik abiatzea omen da eta horretan akademiak, antza, ez du lekurik. Zelan da posible modu hain hertsi eta arinean praxia eta hausnarketa akademikoa banantzea? Akademiak ez du praxirik behar, ez praxiak akademiarik: Hori esaten ari gara? Egun, puntako teknika-teknologiak berehala zaharkituta gelditzen diren garaiotan, non bilatu, orduan, sormenerako eta hausnarketarako abagunea? Non gelditzen dira akademiak eskaintzen dituen komunikazio, arte eder, filosofia edota arkitekturaren ezagutzak, zinemaz pentsatzeko eta sortzeko hain beharrezkoak ditugunak?
Nire ametsetako ibilaldian, Godardek gogoratuko lidake zineman hiru operazio gainjartzen direla halabeharrez: pentsatzea, filmatzea eta muntatzea. Hurrenkera horretan, gainera. Pentsamendua eraiki eta ezagutza goratzeko gunea da akademia, eta akademiak gizartearekin du betebeharra eta konpromisoa. Hainbat kasutan, arlo profesionala, praxia eta akademia —beren arteko mugak gaindituta— elkarren mende eta elkar elikatuz bizi dira.
Ez genuke ahaztu behar zinema proiektua kokatuko den espazioa, kultura garaikideaz gozatzera eta hausnarketa egitera gonbidatzen gaituen zentroa. Zinema programazioa eta ikus-entzunezko hizkuntza berriak modu zabalean aintzat hartu behar direla defenditzen badu, profesionalak profesionalizatzeko proiektuak ere ez luke hori ahaztu behar. Zinemaz arituko gara edo, behingoz, ikus-entzunezkoaren kontzeptua barneratuko (eta erabiliko) dugu? Alegia, egitasmo ortodoxo bat jarraitu behar dugu edo ikus-entzunezkoa ikusi, aztertu, pentsatu eta sortzeko espazio (eta aukera) berri baten aldeko apustua egin?
Alde batetik, talentua erakartzea (eta atxikitzea) nahi omen da. Zelan baloratu talentua euroak mahai gainean ipini behar direnean? «Sosa duenak kontatu, poza duenak kantatu...». Hemen ere, arte-kultura esparruetan gertatzen den legez, EBE Sindromea deitzen diodanarekin topatzeko arriskuan izan gaitezke: Elitistak, Baztertzaileak eta Endogamikoak suertatu daitezkeen makroproiektuak.
Beste helburuetako bat industriaren ekoizpen sarearekin sinergiak sortzea omen da, — networkinga egitea, modako hitza baliatuz—. Demagun profesionalik profesionalenak, talentudunenak eta ultraespezializatuenak lortuko ditugula. Ba al dago industria egitura egonkorrik horiei guztiei irtenbidea emateko? Zertarako da profesionalik profesionalenak heztea, baldin eta gero lurraldeko testuingurua dinamizatzen ez bada, sormen aldetik zein arlo ekonomikotik: proiektuak garatzeko eta ekoizteko diru laguntzarik ez badago, hemengo ekoizleek apusturik egiten ez badute, proiektuak hedatzekobaliabiderik ez badago, azken finean, benetako aukerarik ez badago.
«Profesionalizatzeko» kontuarekin erabat galduta sentitzen naiz beti. Ez dakit arlo jakin batean profesionalik profesionalena izateak zer inplikatzen duen. Eta, egia esateko, berdin zait. Ez dakit Godard bera profesional bat den —zertan?—; ez dut pentsatzen berari ere asko axola zaionik. Benetan honetxek axola behar digu: edozein jakintzagaitan, aldaketa teknologikoez harago, garrantzitsuena —J. Rancièregaz guztiz bat nator— iritzi kritikodun pertsonak eta sortzaileak heztea eta lortzea (saiatzea behintzat). Benetan axola behar diguna jendea heztea da, eta ez soilik diru truke zinema ikasteko prest dauden pribilegiatu batzuk trebatzea. Lehenik eta behin, ikusleak hezi behar ditugu txiki-txikitatik. Zinemak eskoletan egon behar du, ez soilik zinema eskoletan.
«Profesionalizatzeko» aitzakian, denok, erakundeok elkar lanean aritzeko aukera galduko dugu. Berriro ere, galdutako aukerak gurean...
Profesionalak profesionalizatzeko profesioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu