Patxi Zabaleta

Preso politikoa eta amnistia

2014ko urriaren 11
00:00
Entzun
Espainian preso politikorik ez dagoela sinetsarazten tematuta dabil Espainiako estatua. Alderdi estatalistek lan horretan laguntzen dute eta Frantziako errepublikak ere babestu egiten du.

Estatua horren tematuta aritzearen arrazoia garrantzi handikoa da. Demokrazia eta preso politikoak egotea ez da inolaz ere bateragarria. Egiazko demokrazia baten ezin da preso politikorik egon; kontraesana da. Demokrazia duin batek ezin du eduki preso politikorik. Kontzientzia presoen eta preso politikoen amnistia nazioarteko kultura demokratikoaren eta bakezalearen baitakoa da, Espainiako Konstituzioan debekatua egon arren.

Hala ere, Espainiako estatuak berak bere ekintzekin, legeekin, jurisdikzioekin eta espetxe praktikarekin beste inork baino hobeto erakusten eta frogatzen du preso politikoak egon badaudela. Proiektu eta ideia politiko bakezale eta demokratikoak diskriminatzen eta kriminalizatzen dituzten legeak sustatu ditu Espainiako estatuak, eta oraindik ere mantentzen ditu. Indarkeria politikoentzat ez ezik, auzi soilik ideologiko eta politikoentzako jurisdikzio bereziak sustatu eta mantentzen ditu Espainiako estatuak. Dispertsioa bezalako ezohiko zigorrak —eta bidegabeak- ezartzen dizkie Espainiako estatuak preso politikoei. Nola esan dezake dispertsioa indarrean daukan estatuak preso politikorik ez daukala?

Zoritxarrez, Espainiako estatua eta bera babesten dutenak bere egoskorkeriarekin jarraituko dute, baina egia ere bada gero eta nabarmenago geratuko direla. Tortura saihesteko Europako Batzordea, Amnesty International eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak behin baino gehiagotan zigortu dute Espainia Parot doktrina ezartzeagatik, tortura salaketak ez ikertzeagatik, etab.

Garaiotan, Arnaldo Otegi preso politikoak eta Bateragune auziko bere kideek garrantzia berezia hartzen dute. Ikur enblematikoak dira. Jarduera soilik politikoengatik izan ziren zigortuak, baina ez dugu ahaztu behar beraien helburua bakea erdiestea eta politikaren jarduna duintzea ere bazela. Izaera politikoagoa duten presorik ezin da egon. Hala ere, hiru aldiz zigortuak izan dira beste horrenbeste instantzia jurisdikzionaletan. Hiru sententzia izan dituzte, lotsagarriak guztiak. Sententzia horiek astakeriak eta arrazoigabeak dira, eta horrek frogatzen du ezarritako zigorraren izaera politikoa.

Otegi eta Bateragune, duten zigorraren izaera politiko zalantza ezinagatik, froga dira preso politikoak ere badirela, bere jarduna arrazoi politikoetan oinarritua izan duten kontzientzia presoak badirela. ETA erakundeak funtsezko ekarpena egin behar zion bakeari: borroka armatua behin betiko etetea, desarmatzea barne. Eta egin du. Estatuak, bere aldetik, bere legeak, jurisdikzioak eta espetxe politika egokitu behar ditu, amnistiara iritsi arte; beharrezkoa izanez gero, Konstituzioa bera moldatu beharko luke. Horixe aldarrikatzen du bakearen bide-orriak, Gernikako Akordioak. Horrela izan da munduan izan diren, diren eta izango diren bake prozesu serio eta duin guztietan.

Amnistiaren aldarrikapena bakearentzat eta Euskal Herriarentzat ezinbesteko estrategia dela iruditzen zait; tolesturarik gabe eta ausardia osoz egin beharrekoa, gainera. Bateragunekoek sei eta sei urte eta erdiko zigor bidegabetik bost urte bete dituztenean, Otegiren eta bere kideen irudia eta ikurra —errespetu osoz— erabili behar da, bere burua demokratatzat eta zentzuduntzat duen orok ukatu ezin duena eskatzeko, preso politikoei amnistia dagokiela. Inoiz baino biziago dagoen aldarrikapena da, gure gizartea konturatzen baita aro berri batean sartzen ari garela.

Uxueko (Nafarroa) Jacinto Otxoa Martikorenak, Francoren espetxeetan denborarik gehien eman zuen preso politikoak, honako hau esaten zuen 70eko hamarkadako amnistiaren aldeko kanpainetan: nik gizarteari barkatzen diodala da amnistia. Jacintoren ideia bera hartuta hunkitzen gaituzte Bateragunekoek, espetxetik gorrotorik eta herrarik gabe aterako direla esaten dutenean.

Bakea da —berdintasunean oinarritutakoa— arrazoi politikoa duten indarkeria guztietako biktimei eskain diezaiekegun konponbide moralik sakonena. Biktimek bakeari egin diezaioketen ekarpen sinbolikoari preso politikoek egindakoa gaineratu behar zaio halabeharrez: bakearen lekuko enblematikoak dira, eta bakea askatasunean eta berdintasunean oinarritu behar da, galtzailerik eta irabazlerik gabe.

Espainiako kontzientzia preso eta preso politiko guztien artean —nola ahaztu Egin auziagatik preso daudenak!— Arnaldo Otegi eta Bateraguneko bere kideak eta kontzientzia preso guztiak nabarmentzen dira. Otegi, Bateraguneko gainontzeko kideak eta beste preso politiko guztiak gorrotorik eta herrarik gabe aterako dira espetxetik. Aske behar ditugu. Horixe da gizarteak behar duen amnistia eta horretan oinarrituko da euskal bakea, irabazlerik eta galtzailerik gabekoa izango dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.