Eguzki Urteaga.

Presidentetza hauteskundeen atarian

2017ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Frantziako V. Errepublika sortu denetik (1958) eta lehendakaria sufragio unibertsalean hautatzen denetik (1965), lehen aldia da presidentetza hauteskundeek hainbeste gorabehera izan dituztela. Sondeoen arabera, eskuinaren eta ezkerraren hautagaiak bigarren itzulitik kanpo geratuko lirateke. Izan ere, eskuinaren eta zentroaren primarioen ostean, emaitzak argiak izango zirela bazirudien, François Fillonen inguruko eskandaluak haren hautagaitza ahuldu eta zalantzan jarri du. Are gehiago, fillongate-k eztanda egin zuenetik, eztabaida politiko osoa afera horren inguruan antolatu da, Fillonek denbora osoa bere burua justifikatzen igaro baitu, eta gainontzeko hautagaiek eskuineko buruaren egoerari buruz jarrera bat hartu behar izan baitute. Horrek kanpaina bera parentesi artean ezarri du, eta egitasmo politikoen inguruko eztabaida zapuztu. Ikus dezagun hautagai nagusien egoera banan-banan.

François Fillonen kanpaina amets gaizto bat bilakatu da, ezin hobetu hasi ostean. Izan ere, Juppé zein Sarkozy zentro eta eskuineko primarioen faborito nagusiak zirelarik, Fillonek ustekabea eman zuen, %44a lortuz lehen itzulian eta %65a bigarrenean. Gehitzen badiogu eztabaida kalitatezkoa izan zela eta, batez ere, parte-hartzea oso handia izan zela, 4,7 milioi pertsonak bozkatu baitzuten, Fillon oso indartua atera zen primarioetatik. Sondeoek indar hori agerian uzten zuten, presidentetza hauteskundeetarako lehen itzulian %28 eta %30 bitartean ematen baitzioten. Kontua da Le Canard Enchainé astekariak informazio bat plazaratu zuela, eta agerian utzi Fillonek bere emazte eta seme-alabak kontratatu zituela laguntzaile parlamentario gisa, eta zalantzak daudela benetan lan hori egin ote zuten. Argitalpen horrek ondorio politiko eta judizial itzelak eduki ditu, batetik, martxoaren 15ean inputatua izateko arriskua baitu, eta, bestetik, bere kapital politikoaren zati handi bat galdu duelako, nahiz eta hauteskunde oinarri sendo bati eutsi.

Marine Le Pen, berriz, nahiz eta enplegu-fikziozkoak erabiltzearen susmopean egon, ez dirudi higadura politiko handirik jasaten ari denik. Hain zuzen ere, zundaketa guztiek %25 eta %26 bitartean ematen diote lehen itzulirako, eta bigarren itzulian presente izango dela iragartzen dute. Eta kasu honetan, edozein izanda ere aurkaria, %40a lortuko luke, alegia, eskuin muturrak bere historian zehar lortu duen emaitzarik gorena. Berak dauka hautesleriarik egonkorrena eta konbentzituena. Marine Le Penek Fronte Nazionalaren buruzagitza hartu zuenetik, eraldaketa estrategiko, organiko eta diskurtsibo bat aurrera eraman du. Bere itxura normaltzeari begira, adierazpen polemikoak alde batera uzteaz gain eta balio errepublikanoak bereganatzeaz aparte (modu interesatuan birformulatuz), bere programa sozioekonomikoa sendotu du, klase popularrak erakartzeko eta klase ertainak ez gehiegi beldurtzeko. Era berean, alderdiko koadroak formatzearekin batera, independenteak fitxatzen ahalegindu da.

Emmanuel Macron da, zalantzarik gabe, kanpaina honetako ustekaberik handiena. Administrazioko Eskola Nazionaletik pasatu ostean eta Rothschild Bankuan aberastu ondoren, bilakaera politiko meteorikoa izan du: lehenik, Eliseoko Idazkari Nagusi orde gisa, eta, ondoren, Manuel Vallsen Ekonomia ministro gisa. Nahikoa ez, eta 39 urteko arduradun politikoak, ordura arte inoiz hauteskunde batera aurkeztu gabe, En Marche alderdi politikoa sortu, eta presidentetza hauteskundeetara aurkeztea erabaki du. Hasiera batera, hautetsi gutxiren babesa eduki arren, kanpainan buru-belarri murgildu da, karisma zein erretorikarako gaitasuna erakutsiz. Era berean, bere hautagaitzari sinesgarritasuna eman nahiz, egitarau ekonomiko sendo bat eta programa artikulatu bat eskaini ditu, liberalismo sozialaren esparruan kokatuz. Argi dago, fillongate-k, François Bayrou-ren babesak eta Vallsen jarrera anbiguoak hauspo nabarmena eman diotela bere hautagaitzari. Gaur egun, zundaketek %25 inguru ematen diote, bigarren itzulirako aukera lortuz.

Benoît Hamonen egoera konplexuagoa da. Izan ere, ezkerreko primarioetan, ustekabean Manuel Valls eta Arnaud Montebourgi gailenduz, programa eraberritu bat eskainiz eta justizia soziala zein ingurugiroaren babesa hobetsiz, dinamika politiko eta elektoral bat sortzea lortu du. Bereziki hirietako ikasketadun gazteen interesa eta babesa lortu ditu. Primarioen amaieran, zundaketek %17 eta %19 artean aitortzen zioten, Fillonengana hurbilduz eta ezkerreko bozkatzaileen baitan itxaropen izpi bat sortuz. Kontua da sozialisten hautagai gisa aukeratua izan osteko hilabetea hautagai ekologista den Yannick Jadotekin negoziatzen aritu dela, azken horrek bere hautagaitza bertan behera utz zezan eta bat egin zezan Hamonekin. Epe horretan, ez du kanpainarik egin, eta sortutako dinamika zerbait moteldu da. Gaur egun, zundaketek %15 ematen diote, bigarren posiziotik 10 puntura.

Espero dezagun hurrengo egun eta asteetan, fillongate-a alde batera utzi, eta, primarioetan ikusi genuen bezala, eztabaida politikoa nagusituko dela, Frantziak erronka nagusiei aurre egin beharko baitie hurrengo bost urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.