Prefabrikatutako greben pilula lasaigarria

2023ko urriaren 24a
10:36
Entzun

Urriaren 24 eta 25erako, gaur eta bihar, sindikatuek grebara deitu dute Hezkuntzan eta Sektore Publikoan. Eta azaroaren 30ean Greba Feminista, eta abenduaren 19an berriz ere Sektore Publikoa. Lau greba egingo dira ikastetxean bi hilabetetan, baina ziurrenik langileon asanbladarik batere ez. Gutako bakoitzak indibidualki erabakiko du greba egin ala ez: aukeraketa indibiduala eta askea... gure artean konfliktorik egon ez dadin.
Grebaren aldarrikapenak sindikatuek —subentzionatutako protestaren profesionalek— bidaltzen dizkigute, protestaren lehentasunak aldez aurretik jada egituratuta, prefabrikatuta... Hain da erraza; ez duzu ezer egin behar, guztia eginda dakarte. Egin beharreko bakarra da, menu batean bezalaxe, bata ala bestea aukeratzea, ala biak!... «Ui, niri 24koa gustatzen zait gehiago, hori egingo dut». Huelga a la carta. Hau bai askatasuna gurea, hau zortea!
Ikastetxeak mintegi-buruen bilera atzeratu du eta greba egun horietan zeuden bilera edo ebaluazioak atzeratuko ditu, bidea lautuz, konfliktoa egon ez dadin, noski.
Irakasleoi zuzendaritzatik galdetu digute greba egiteko asmoa dugun edo ez, eta ondoren galdetegiaren emaitzak gurasoei komunikatu zaizkie... konfliktorik egon ez dadin. Gero, greba egunean, manifara joango gara eta munizipalek bidea egingo digute, kotxeak geldiaraziz... konfliktorik egon ez dadin, badakizu.
Falta den bakarra, ikastetxetik manifara taxi bat jartzea da... Hau bihurtu dira gaur egungo grebak, eta asko aldendu dira jatorrizko grebaren zentzutik, non, besteak beste, konfliktoa, desordena eta kaosa sortzea ezinbestekoa zen. Egia esateko, greba egiteko modu honek plazebo hutsaren zantzu guztiak ditu; kontzientzia txarren aurkako plazeboa. Greba a la carta, baina, hori bai, konfliktorik gabe, desordenarik gabe.
Ez du inolaz ere aditzera eman nahi greba egiteko nahikoa motiborik ez dagoenik, baina benetan uste al du inork, prefabrikatutako eta subentzionatutako greba formatu honekin benetako aldaketarik lortuko denik, langileon kontzientzia txarra isilaraztea ez bada? Gainbeheran dagoen ongizate gizarte honetan, ez al dira langileon kontzientzia baretua eta aukeratzeko askatasunaren fikzioa benetan ezer aldatuko ez dela bermatzeko biderik eraginkorrena?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.