Prebentzio zerbitzuetako medikuei

2014ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Eztabaidaezina da gaixotasun profesionalen azpierregistro bat badagoela, zuen erakundeak (AEEMT) hala agertzen du. Iruzur honek enpresek egin beharko luketen arrisku higieniko, ergonomiko eta psikosozialen beharrezko prebentzioa ahazten laguntzen du.

Gaixotasunen jatorri profesionala estaltzeak Osakidetzaren aurrekontuei kalte egiten die, Mutuei dagozkien osasun kostuak bere gain hartzen baititu. Era berean, jatorri profesionala estaltzeak enpresek prebentziora bideratutako aurrekontuak murriztea eragiten du, Prebentzio Zerbitzuetako profesionalen soldata jaitsierei eta kaleratzeei mesede eginez. Baina, batez ere, kalte handiena prebentzioari egiten dio, gaixo dagoen langileari eta bere senideei, prestazio ekonomikoan galera eraginez. Jarduera zitala da eta irmotasuna eskatzen du errotik ezabatu ahal izateko. Azpierregistro hau, neurri handian, zuek susmoa jakinarazteko duzuen betebeharra ez betetzearen ondorio da.

Pedantea izateko asmorik gabe, Gaixotasun Profesionalen 1299/2006 ED-ak 5. artikuluan jasotzen duena gogorarazi nahi dut: Osasun Sistema Nazionaleko fakultatiboek, beren jarduera profesionala dela eta, gaixotasun profesionaltzat har daitezkeen eta lehenengo gehigarrian jasotzen diren edo beren jatorri profesionalaren susmoa egon daitekeen eta 2. gehigarrian jasotzen diren gaixotasunen berri dutenean, dagokion erakundeari jakinaraziko diote (Osalan, gure kasuan). Berdin egin beharko dute Prebentzio Zerbitzuko fakultatiboek beren kasuan.

Urtero milaka azterketa mediko egiten dituzue gaixotasunak ahalik eta azkarren hautemateko helburuarekin. Era berean, langileen Aldi Baterako Ezintasun epe luze baten ostean gaixotasunek izan dezaketen jatorri profesionalaren inguruan ikertu behar duzue. Osakidetzako medikuek ez bezala zuek lanpostuetako arriskuak ezagutu behar dituzue, baina interes maltzurrak direla-eta ez da aukera hori aprobetxatzen.

Duela urte batzuk, Prebentzio Zerbitzu batzuetatik (antza CCOOren presiopean) susmoen jakinarazpenari bultzadatxo bat eman zenioten, hala ere hau Hipoakusia edo zaratagatiko entzumen galerara mugatu zen. Inozoa ni, entzumen lesioak jakinarazita Tendinitisarekin, arnasketa gaixotasunekin, minbiziarekin eta abarrekin jarraituko zenutela uste izanagatik. Gaur egun atzerapausoa sumatu dut, Prebentzio Zerbitzuetatik ematen diren zifra barregarriengatik, eskandaluzkoagoa oraindik Osasun Publikoaren jarrera.

Baten bati mehatxuzkoa irudituko zaion gutun hau idaztean, jakin badakit erantzun zakar eta gutxi arrazoituak jasotzeko arriskua dudala.

Prebentzio aholkularitzan egindako boluntario lanean, iskanbilatsuak diren txosten medikoekin egin dut topo, odola irakinarazi didatenak. Premiazkoa da horrelako jardunak errotik kentzea, bereziki Prebentzio Zerbitzuetako medikuek hain etika gutxirekin egiten duten eta lan gaixotasunen jatorria estaltzean dautzan horiek.

Pertsonen artean, ohikoak eta ulergarriak dira akatsak, baina ez naiz horietaz ari. Eguneroko lanean onar ezin daitezkeen jarrerez ari naiz, defizit prebentiboaren ondorioz osasunaren gainean dituzten ondorioengatik gutxiespena erakusten duten horiek, biktimen informazio eta prestakuntza falta aprobetxatuz.

Lan gaixotasunen prebentzioa eta hauen bistaratzea, dudarik gabe, onuragarria izango da guztiontzat. Deontologia medikoa ez betetzeko aitzakiak erabiltzea nahiago duten horiek arriskuak hartzen dituzte beren gain. Espero dut etorkizunean ez zaiela errentagarria suertatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.