Ainara Santamaria Barinagarrementeria.

Prebentzio gisa, zigorra

2017ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Suedian. 2018an. Bakarrik emakumeentzako izango den musika festibala. Horrela zioen albisteak, eta urruneko hotsak izan du oihartzunik lekuotan. «Nolatan, bada, soilik emakumeen gozamenerako izango den musika jaialdi bat?». Suediako Bråvalla musika festibal entzutetsuan emakumezkoek jasandako eraso sexistek eragin dute halakorik: lau bortxaketa eta gutxienez beste 23 sexu-eraso izan dira aurten, baina ez da gertaera isolatu bat izan, aurreko edizioetan ere antzeko joera izan baita 50.000 lagun inguru biltzen dituen festibalean. Ondorioz, jaialdiaren antolatzaileek hurrengo urtean ez dela festibalik izango azaldu dute eta gertatutakoaren gainean hausnartzeko baliatuko dute denbora tarte hau. «Eta gizonak zer?». Horrelako jai giro masifikatuetan etengabe errepikatzen den indarkeria matxistak eztabaida handia piztu du sare sozialetan, eta badirudi Emma Knyckaren proposamenak arrakasta izan duela: bakarrik neskek parte hartu ahal izango duten festibal bat antolatzea «mutilek behar bezala jokatzen ikasten duten arte».

Badirudi, beraz, 2018an Suedian izango dela alternatibarik emakumezkoak musikarekin gozatu eta seguru sentitzeko. Zorionez, Suedia ez da horrelako neurriak musikaren eta jaialdien esparrura eraman dituen bakarra. Electric Forest (AEB) eta Shanbhala (Kanada) jaialdiek ere gizonezkoak onartzen ez dituzten eremuak dituzte. Baina agian interesgarriagoa da Erresuma Batuko Glastonbury festibal ospetsuan gertatzen dena; izan ere, entzule gisa ez ezik, antolatze lanetan ere emakumezkoak dira protagonista. Glastonburyko The Sisterhood agertokian dauden artistak, langileak eta publikoa, oro da emakumezkoa. Etxera etorrita, Euskal Herrian bertan ere baditugu feminismoaren eta musikaren artean zubiak eraiki dituzten proiektuak: Mefsst eta Emarock dira horren adibide batzuk.

Bestelako esparru batzuetan ez dira hain arrotzak soilik emakumezkoentzako diren espazioak. Garraio publikoan ezagunak dira Mexiko, Tokio, Egipto, Filipinak, India, Malaysia, eta beste herrialde batzuetako metro zerbitzuak, zeinetan emakumezkoentzako bereiziak diren bagoi eta nasa zatiak dituzten. Edo Egiptoko taxi arrosak, non gidariak zein bezeroak, guztiak emakumezkoak diren. Istant batean bada ere, begirada lizun, hitz deseroso, nahi gabeko ukituetatik salbu izango garen denbora eta leku bat sortzen dute eremu ez-bateratuek.

Argi da soilik emakumezkoentzako diren espazioak irla bat direla eta ez dutela erroko arazoa konpontzen, baina esango nuke oso direla beharrezkoak, baita musikan ere. Horiek gehienetan emakumezkoen segurtasuna bermatze aldera sortutakoak izaten badira ere, nire ustez egiten duten ekarpena haraindi doa. Emakumeak ikusgarri gara horrelako espazioetan, elkarren artean bizipen eta ezagutzak trukatzen ditugu, gure arteko kidetza indartzen da eta, gainera, ondo pasatzen dugu. Ohituak gaude borrokarako espazio bereiziak sortzera; zergatik ez egin gauza bera plazerarekin?

Modu bateratuan ala bereizian ekitearena urte luzeetan itxi gabeko eztabaida dugula esan behar da. Galderaren aurrean dauden iritziak ere, hamaika. Ez da, ordea, kasualitatea langile bati bere eskubideak aldarrikatzeko orduan nagusiarekin batera ez borrokatzeko aukera aitortzea, eta logikotzat hartzea gainera, baina emakumeon aferarekin gauza bera ez gertatzea. Zenbat aldiz erantzun ote dugu galdera bera, «Eta gizonak zergatik ez?». Bada galdera aldatzeko garaia: emakumezkoak bakarrik eta zergatik ez? Nahiz eta kontraesankorra iruditu, nago espazioak bereiztea inklusiorako bide dela. Emakumeok jasaten dugun gutxiespen eta zapalkuntzarekin amaitzeko soluzio magikoa izan ez arren, emankorra izan daitekeen alternatiba da. Izan ere, emakumeak nagusi diren musika programazio batek erreferentziak sortzen ditu; gizonak agertokiaren pareko eremuan ez egoteak emakumeok dantzatzeko eta plaza hartzeko beste modu batzuk ekartzen ditu; teknikari lanak edota segurtasun lanak egiten dituzten emakumeak ikusgarri egiten ditu… Susmoa dut askeago eta seguruago sentitzen garen eremuetako indarra guztiontzako justuagoa den jendarte baterako indar bihurtzen dela.

Bereizia ala bateratua, baten ala bestearen artean erabakitzera behartuta gaudela ematen du sarri, eta horrela bada ere, arazoaren konponbideari bista luzez begiratuko bagenio batzuetan soluzio bikoitza topatuko dugula ohartzen gara: A ala B beharrean, A eta B. Zoritxarrez, ordea, datuek beraiek bakarrik hitz egiten dute eta Bråvallan bezala, gure herriko jai ezberdinetan erasotuak izan diren emakumezkoen zenbakiak nahikoa argi dira errealitate baten gordintasuna erakusteko. Agian, Euskal Herrian ere Suedian bezala, arazoa abordatzeko bista luzearekin jokatzea nahikoa ez izan, eta urgentziazko neurriak hartu beharrean gaude. Prebentzio gisa, gizonezkoak zigortzen hasi emakumezkook erasotzeari utzi arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.