Larraitz Ariznabarreta Garabieta.

Praktikoak

2012ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Praktikotasuna subalternitatearen etikari lotzen zaio sarri. Hots, menpeko direnak—botereak ahots propiorik aitortzen ez dien heinean— praktiko izatera kondenatuta daude. Gayatri Spivaki irakurri nion lehen aldiz aforismoa, berari zor diot epifania. Gerora, ideia berberarekin tupust egin dut hainbatetan, beren buruak menpekotzat izan eta askapen mugimenduetan murgilduta dauden hainbat idazleren izkribuetan —Toni Morrison nobelagile beltzaren, Mahmud Darwish poeta palestinarraren eta Rosa Linda Fregoso genero aktibistaren lanak lekuko. Irakurri nuen lehen unetik ulertu nuen proposizioak zer hausnartua bazuela gure sutondora ekarrita ere. Ezina ekinaren ekinez egina dio euskal esaera ezagunak, ez alferrik.

Labur esatearren, euskaldun abertzaleok ere praktiko gara oso. Gure esperantza eromen kolpez berpiztu nahirik —halabeha-rrez—, kultur eta gizarte aktibista bilakatu gara euskal herritarrok historian zehar. Larramendiren hitz apologetiko —eta erabat defentsiboak— baliatuz, El imposibletzat —gaindiezintzat— daukagun indar arrotzari gaina hartzeko ahalegina izan da gure aurretikoen praxi intelektualaren argumentarioa historiaren gurpilean. Euskal abertzaleon diskurtsoa, eta berdin jardun intelektual eta politikoa ere, urteetan —mendeetan akaso— izan da gure ideologiaren marjinalizazioa saihesteko ahalegin premiazko eta baitezpadakoa. Zer dira osterantzean Etxepareren hutsuneetan hutsunea betetzeko ahalegina, Garibairen zein Larramendiren lan apologetikoak, foru galtzeak ekarri zuen bizimodu tradizionalaren defentsa —Abadiaren lore jokoak eta garai hartako teatro berria barne—, gerra aurretiko kultur berpizkundea, ikastola mugimenduaren lehen eragileak, erbesteko hainbat gizon-emakume nazioneren kazetaritza, literatura, itzulpen eta saiakera obrak, frankismopean sator laneko hainbat herri ekimen zein kulturgintzako iniziatibak?

Abertzaletasun tradizionalak—zilegi bekit terminoa horrela erabiltzea, ñabardurak, bide batez, abertzaletasuna azken hogeita hamar urteotan sortu den perretxikoa ez dela gogorarazteko balio badu— etengabe eraiki eta berreraiki behar izan du diskurtso moral eta logiko bat ideologia hegemonikoa astindu, agerian utzi eta problematizatzeko enpeinu etengabean. Iraupena jokoan, euskarak —eta berdin euskal kulturak ere— intelektualen, kultur eragileen eta herri lanaren beharra izan dute botere arrotzaren probokazio sistematikoari ondo taxututako kontrargudioekin erantzun eta botereak ezarritako egia monolitikoa deslegitimatzeko intentzio antzuan. Gure kontakizun zador eta enkriptatuak —subjektu menperatuen eta hizkuntza menperatuaren ahotsa aintzat hartzen duen kontakizunak— identitate estigmatizatuak zein enblematizatuak iraultzeko borondatea adierazi du etengabe. Ez gara etnizistak, ez gara oldarrak, ez gara ezjakinak, ez gara hain nobleak ere. Garean gareana. Baina erakutsi al du inoiz botere arrotzak gu entzuteko intentzio txikienik? Ezezkoan nago. Entzungor antzematen dut nik. Erabat.

Boterearen jurisprudentzia legea da, eta —boterearen inguruan dagoen literaturak argi uzten duenez— boterea bat da, eta berau, errealitatean behintzat, fragmentaezina. Botereak disidentziaren likidazio estrategia du helburu; ez du zertan denborarik galdu diskurtso autokonplaziente, sofistikatu, atondu, txukun, txairo eta aldamiaturik eraikitzen. Indarrak politessearen eta kortesiaren beharrik ez du. Botereak ez esaten du. Kito. Egunkariak ixten ditu, guri dagokigunez bere legea ez betetzeko filuskeriak erabili, diru-laguntzak desagerrarazi, gure izateari erreferentzia egiten dioten terminoak —eta sinboloak— debekatu, indarrez isilarazi, kartzelatu. Puntakoetan ez zaigu inor gertatu ongile.

Horrela, euskaldunok —Sisifo kolektibo baten trazan— botere arrotzak behin eta berriz eraitsitakoa berreraikitzen topatzen dugu geure burua: «Praktikoak gara, ez gara desagertu». Gaurdaino bere horretan segitzen du gure ahalegin edo partisanismo nekaezin (?) eta esplizituak: kultur talde, bilgune, topagune, behatoki, kultur eragile, euskal curriculumaren inguruko batzorde, BERRIAren aldeko erle lan, euskara suspertzeko mintzalagunen ekimen, ikastolen aldeko diru bilketa, geu aintzat hartuko gaituen hezkuntza sistema propioa atontzeko ahalegin, denak dira izan —derrigorrez— identitate defentsibo baten isla; eta —bai— ekimen guztiek uzten dute agerian euskaldunon kemena, talde izaera kohesionatua eta, berdin, gure herri izateko nahia. Ez dago hau guztia zalantzan jartzerik, jardun horrexek iraunarazi baitigu urteotako deman, euskaldun zaharrok aspalditikan dugun teman.

Baina Gayatri Spivakek Indiako kolonizazioaren ajeak aztertu zituenean moduan, ez al genuke geuk ere dekonstrukziora jo eta geure jardunaren efikaziaz —eta kostuaz— hausnarketa zabaldu beharko? Can the Subaltern Speak?, horra Spivaken galdera zuzena. Berdin, lor dezake euskal kulturgintzak boterearekiko egiazko maila dialogikorik botere berberaren menpeko den bitartean? Badu gure ahotsak nahikoa indarrik? Ez ote dugu gure diskurtsoa ele arrotzaren oihartzun periferiko bihurtu? Egiten dugu nahikoa pedagogia eraginkor atzetik datozkigunei nazio testigua egoki pasatzeko? Ez ote dira gure artean adierazkortzen hasi aktibismo hutsaren neke historikoaren zantzuak? Badugu, finean, benetako ahotsik? Zinez, —ajeak aje— ez da erraza trebe xehatzen euskaldunon otea. Izan ere, ideologiak bide katramilatsu eta bihurriak erabili ohi ditu —erreparatu bestela Zizek, Bordieu eta Eagletonek diotenari— eta zurt, adi, erne topatzen ez duen oro irensten du bere indarraren mesedetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.