Alternatibako kidea

Pradales, Ortuzar… A ze azala!

2024ko azaroaren 15a
05:00
Entzun

Imanol Pradalesen esanetan, EH Bilduren eredu sozioekonomikoak bat egiten du behiak «ahitu arte jeztearekin»; Jaurlaritzarenak, berriz, behiak «zaintzearekin, ondo elikatzearekin, erreproduzitzen uztearekin...» (Iosu Alberdi, BERRIA, 2024-10-26).

Andoni Ortuzar EBBko presidenteak, bere aldetik, esan du Madrilen ez dagoela ados energia konpainien gaineko zerga luzatzearekin: «Ez da hil behar urrezko arrautzak erruten dituen oiloa». Izan behiak, izan oiloak, metafora horien atzetik EAJren iritzia oso garbia da fiskalitatearekiko. Ezin dira ukitu oligarkia energetikoaren mozkinak (eta beste oligarkarenak ere ez), horrek kalte egingo ligukeelako. 

Jakina, iritzi horren atzean oso garbi azaltzen da (uste ekonomikoaz harago) energiaren alorreko botere faktikoei dieten beldurra. Hori baita azken finean, ate birakarien bitartez, oligarken interesen kudeatzaile bihurtu den Josu Jon Imazen alderdikideen mehatxuekin: «zerga populismoak» arriskuan jarriko du industria. «Milaka milioi euro beste herrialde batzuetara desbideratuko dira». Ez da lehenengo aldia mehatxu hori erabiltzen dutela, nahiz eta jakin hori gezurra dela.  

Eta hori guztia, energiaren sektoreak inoiz baino irabazi handiagoak izan dituenean (baita bankuenak ere, zeinak aurten iaz baino %20 gehiago  irabazi duten batez beste). Irabazi lizunak, kontuan izanik ze zailtasun dituzten milaka herritarrek ekonomikoki hilabete bukaerara gaitasunez iristeko. 

Hau da, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) emandako informazioaren arabera, Iberdrolak 2.760 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen urtarriletik martxora bitartean, eta 1.485 milioi euro aurreko ekitaldiko aldi berean. Urtea bukatzerako historian lehen aldiz 5.000 milioi euro baino gehiago irabaztea espero du Ignacio Sanchez Galan buru duen konpainiak.

Repsolek, bere aldetik, 969 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen lehen hiruhilekoan, aurreko martxoa ixtean 1.112 milioiak baino %13 gutxiago, Henry Hub gasaren kotizazioak, merkatu estatubatuar eta energetikoarentzat erreferentzia denak, eta fintzeko marjina txikienak izan zituelako.

Emaitza doitua, negozioen funtzionamendua espezifikoki neurtzen duena, 1.267 milioi eurokoa izan zen, %33 gutxiago, baina halaz ere negozio bikaina burutuz.

Orokorrean, elite kapitalistak inoiz baino mozkin, irabazi eta etekin handienak dituen garaiak dira. Datuak hor daude:

2020az geroztik, munduko bost gizon aberatsenen aberastasuna, batez beste, %114 igo da, eta biztanleriaren %60 pobreenaren eskuetan dagoen aberastasuna, berriz, murriztu egin da hamarkada hasi zenetik.

Espainian, biztanleriaren %10 aberatsenak aberastasunaren erdia baino gehiago biltzen du, eta etxekoen unitate pobreenen %50 ozta-ozta iristen zen %8ra. Izan ere, lan-errentek errenta nazionalean duten partaidetzaren jaitsiera 80ko hamarkadatik azkartu da, ekonomia garatuetan zein besteetan. 

Oso modu nabarmenean, kapitalak lortu du gobernuak (neoliberal guztiak, eta guztiz neoliberal ez direnak ere) buru-makur jartzea haien mesedetan. Trantsizio energetikoaren aitzakian ere lortu dute zenbait proiektu berriztagarriak omen direnek (baina ez direnak, benetan) laguntza publikoak izatea, publiko-pribatu lankidetzaren mesedetan, non sektore pribatuak ateratzen dituen etekinak eta publikoak jartzen diruak (gehienetan musu truk).

Hor dugu adibide garbia, hidrogeno berdeko bere proiektuetarako laguntzak jasotzen ari dela Repsol. Uztailean Espainiako Ministroen Kontseiluak 160 milioi euroko laguntza onartu zion Petronorri, 100 megawatteko elektrolizagailu bat ezartzeko. Teorian, horretarako inbertsioa izoztua du Repsolek, baina jada egin ditu laguntza onartzeko tramiteak. Beraz, badirudi oraingoz inbertsio hori aurrera doala, presioak presio (Irune Lasa, BERRIA, 2024-10-23).

Horren atzean dagoena, oraindik batzuk jarraitzen dutela esaten, kapitalaren mozkinen baitan (zenbait eta irabazi handiagoa kapitalak, orduan eta mesede gehiago langilegoaren errentarentzat) mesedetzen dela hiritargoa; baina hori gezurra dela, inoiz baino garbiago dago.

Ezkertiarrok, berriz, justu kontrakoa irizten dugu. Dagoen aberastasuna, gutxi batzuen eskuetan metatzen dena, gutxienez birbanatu behar dela, eta hori fiskalitate progresiboaren bitartez egin behar baita... indar produktibo nagusien publifikazioa edo nazionalizazioa lortzen ez den bitartean (sozialiston helburua estrategikoa horixe baita azken fienean, eta errentaren birbanaketa, egungo gizarte kapitalistaren barruan justiziaren aldeko pausoak ematea litzateke). 

Arazoa edo gakoa ez baitago lotua soil-soilik behiak «zaintzearekin, ondo elikatzearekin, erreproduzitzen uztearekin...», baita ere behiek ematen duten esnea zeinen mesedetan elikatzen dugun.

P.S. Energia konpainien gaineko zerga berezia bertan behera uztea adostu du Espainiako Gobernuak, EAJ eta Juntsekin. Enpresek presio handia egin dute azken boladan eta «inbertsio estrategikoak arriskuan egon daitezkeela» mehatxu egin zuten. «Bukatu da arazoa», azaldu du Imazek harrotuta. Izan ere, euren sokako partiduen laguntzari esker lortu dute, beste behin, Espainiako Gobernua kikiltzea, menpeko bihurtzea, baina ez Euskal Herriaren interesekiko, kapitalarekiko, baizik.

Gora eta gora Euskadi, aintza ta aintza bere goiko kapital nagusiari!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.