Posible da beste herstura mota bat

2013ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Premiazkoa da paradoxa kezkagarri bat egiaztatzea. Alde batetik, FAOk (NBEren menpeko elikagai eta nekazaritza agentzia) dio elikagaien mundu ekoizpena %70 hazi behar dela, 2050. urtean planetan bizi izango diren 9.000 milioi pertsonak elikatzeko. Baina, era berean, onartzen du elikagaien ekoizpenaren heren batek gutxi gorabehera zaraman amaitzen duela. Europar Batzordeak kalkulatzen du urtero-urtero 89 tona elikagai botatzen ditugula; horrek esan nahi du 170 kilogramo hondakin botatzen ditugula Europako biztanle bakoitzeko.

Espainia jateko gehien alferrik galtzen duen seigarren estatua da: ia-ia 8 tona urtero. 2011n prestatutako Save Food txostenaren arabera, Euskadi da planifikazio okerra edo bilketa txarra dela-eta elikagai hondakin kopururik handiena sorrarazten duen laugarren autonomia erkidegoa (Andaluzia, Madril eta Galiziaren ondoren): botatako elikagaien %7,7 botatzea saihets liteke, beharrezko neurriak hartuko bagenitu.

Datuak berez kezkagarriak dira, baina are gehiago herstura nagusitzen eta inposatzen ari den garai honetan. Espainiako Elikagaien eta Nutrizioaren Agentziak emandako datuekin bat etorriz, lau adin txikikoetariko batek malnutrizioa jasan behar du Espainian. Horixe izan zen Nils Muiznieks giza eskubideen europar komisarioa gehien kezkatu zuen datuetariko bat, ekainaren hasieran Espainiara egindako bisitaldian. 2012ko urtarrilaren 19an, Europar Parlamentuak elikagaiak botatzea saihesteko ebazpena hartu zuen: EBn elikagaien katearen eraginkortasuna hobetzeko estrategiak (2011/2175(INI)).

Europar Parlamentuak deialdi bat egin zuen elikagaien katearen eragile guzti-guztiak zorrotz inplika zitezen, elikagai hondakinak ahalik eta gehien mugatzeko asmoz. Halaber, Europar Batzordeari honakoa eskatu zion: «eskuragarritasunik gabeko pertsonen kategorien artean doako birbanaketa bermatuko zuten enpresek lehentasuna izatea kontratuen esleipenean»; era berean, Batzordeari eskatu zion 2014a Elikagaiak Botatzearen kontrako Europar Urte gisa aldarrikatzeko.

Testuinguru honetan Nafarroako Parlamentuak elikagai hondakinen erabilerari buruzko 7/2013 Foru Legea onetsi zuen orain dela hilabete batzuk; lege horrek, Europar Parlamentuaren ebazpenak ezarritakoa jasoz, banaketa jardun egokietarako kode bat prestatzea aldarrikatzen du elikagaien soberakinen gainean, helburu hauekin: «kontsumigarriak diren elikagaien soberakinak murrizteko prozesuen eraginkortasuna hobetzea», «produktu horien soberakinak gizarte erakundeei emateko eta premiarik gehien duten pertsonen artean banatzeko mekanismoak ezartzea» eta «elikagaien kate guztia, hots, ekoizleak nahiz kontsumitzaileak, kontzientziatzea kontsumo arduratsua egiteko eta elikagai hondakinak murrizteko premiaren inguruan».

Aurten, Nekazaritza, Elikagai eta Ingurumen Ministerioak elikagai gehiago hondakin gutxiago estrategia aurkeztu du helburu honekin: 2020. urtea baino lehenago aurreikuspen edo planifikazio falta dela-eta zaraman amaitzen duen janaria erdira murriztea.

Azken urteotan herritarren elkartasun mugimenduak sortu dira eta eragin handiko ekimen azpimarragarriak eraman dituzte aurrera, hala nola, jatetxeetan eta supermerkatuetan baztertutako janaria biltzea eta banatzea edota gizarte erakundeen, elikagai bankuen, ekoizleen eta nekazarien arteko bitartekaritza eraginkorra. Aintzakotzat hartu beharra dago herritarren sare horiek betetako zeregina, bai eta gurasoek aurrera eramandako kontzientziazio eta salaketa kanpainak ere, ikastetxeetako jantokietan elikagai hondakinak kudeatzeko irtenbide bat bilatu nahian.

Herritarren mugimendu horien adibide eredugarriari jarraituz, botere publikoek beharrezko neurriak hartu behar dituzte elikagai hondakinen kudeaketa arduratsua bermatzeko. Kohesionatutako gizarte batek ezin onar dezake bere kideetariko batzuek gosea izatea, guztiontzako behar adina janari dagoenean. Botere publikoek «beharrezko neurriak hartu behar dituzte (…), eskuragarri dauden baliabideak erabiliz, gizarte eskubideen eraginkortasun osoa arian-arian eta bitarteko egokien bidez lortzeko» (Ekonomi, Gizarte eta Kultur Eskubideen Nazioarteko Itunaren 2.1. artikulua).

Izan ere, botere publikoen lehentasunezko helburua izan behar da janaria bezain oinarrizkoa den baliabide batek zaraman amaitzea saihestea, are gehiago krisialdi garai honetan. Elikagaien kudeaketan hersturak zentzua baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.