Jon-Mirena Landa Gorostiza.

Portu eta Sarasola kasuaren lezioa

2018ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Estrasburgoko Auzitegiak, Giza Eskubideen gaietan Europan autoritate gehien duen Auzitegiak alegia, Espainia beste behin ere kondenatu du, Portu eta Sarasola kasuaren harira, 2018ko otsailaren 13ko (3. Aretoko) epai baten bitartez.

Epaia ezohikoa da; izan ere, lehenengo aldiz aspaldiko partez urraketa «sustantiboa» ere aitortzen baita: hau da, Estrasburgok dio Espainiako agenteek tratu txarrak eta ez-gizatiarrak eman zizkietela atxilotutakoei. Aurreko beste kasuetan, benetan zer gertatu zen jakin ezinean, kondena bakarrik «prozesala» izaten zen: hots, Espainiako autoritateei behar bezala ez ikertzea leporatzen zitzaien. Kontuan eduki beharra dago tortura definizioz ezkutuko lekutan gertatzen dela, lekukorik gabe, atxilotuak guztiz polizien eskuetan daudela. Horretan oinarrituta, Estrasburgok obligazio prozesala ezartzen die Estatuko ordezkariei: haiei dagokie gertatu denaren bertsio koherentea eta sinesgarria ematea. Haiek ikertu behar dute salaketak daudenean, haiek bakarrik argitu dezaketelako. Beste hitzetan: ikerketarik ez badago, ezingo da tortura dagoenik frogatu. Ikertzeko grinak nolabait frogatzen du noraino Estatua torturen aurka edo torturak estaltzeko tankeran dabilen. Laburbildurik: susmorik badago, ikertu egin behar da; ikertu ezean, kondena.

Portu eta Sarasolaren kasuan denok ikusi genituen susmo horiek eta bi: atxilotu eta berehala ospitalean bukatu baitzuten, kolpatuak goitik behera, saihetsak eta guzti apurturik. Tortura sofistikatuagoa, aztarna fisikorik gabekoa, aurrera eraman ahal den herrialdeetan gutxitan ikusten dira «beste garaietako» tortura basati fisikoak: horiexek, ordea, ematen zuen, gertatu berriak zirela 2008ko errege-egunean Guardia Zibilaren eskutik. Susmo horien aurrean Estrasburgok orain esan du, batetik, tortura-debekua alderdi prozesalean urratu dela behar bezala ikertu ez delako; baina, haratago joanez, aldarrikatu ere egiten du, tratu txarrak egon zirela: hots, urraketa alderdi sustantiboan.

Baina nola argudiatzen du Estrasburgok esandakoa? Hortan datza nire ustez gakoak.

Estrasburgoko epaiak dakarren alderdirik garrantzitsuena Espainiako Auzitegi Gorenari egiten dion kritika eta zuzenketa erabatekoa da. Gogoratu beharra dago Gipuzkoako Auzitegiak, 2010eko abenduaren 30eko epaiaren bitartez, Guardia Zibila kondenatu zuela, modu argi eta garbian, torturak zirela kausa. Tortura sistematikoki ukatzen den giroan, Portu eta Sarasolaren kasua Zigor Kode berriaren lehenengo kondena izatera deitua zenean, Auzitegi Gorenak horri buelta eman zion, eta absolbitu zituen Guardia Zibil guztiak. Gipuzkoako Auzitegiaren epaia txukuna izan zen, teknikoki: frogabidea oso ondo argudiaturik zegoen, batez ere auzi medikuen txostenean. Txostenei esker bi bertsioen atakatik aterabidea aurkitzen da. Izan ere, tortura kasuetan beti bi bertsio baitaude: atxilotuek torturatuak izan zirela zioten, alde batetik, eta, bestetik guardia zibilek ezetz, atxiloketaren aurreko plakaketa eta erresistentziaren ondorioa besterik ez zela. Horren aurrean, auzi medikuen txostenak erabakigarriak izan ziren.

Auzitegi Gorenak, aitzitik, goitik behera ukatu zuen auzi medikuen txostenaren indarra, Portu eta Sarasola ETAk aginduta gezurretan ari zirelakoan. Bada, Auzitegi Gorenak emandako bertsio hori ukatzen du indar osoz Estrasburgok: hor dago epaiaren koxka. Estrasburgok, nolabait, zera galdetzen dio Espainiako Auzitegi Gorenari: auzi medikuaren txostenaren bertsioa ukatzen baduzu, zein da zurea? Eta galdera horren aurrean Estrasburgok ez du zentzuzko erantzunik topatzen. Izan gaitezen gogorragoak: Estrasburgok Auzitegi Gorenaren argudiobidea hutsala, funtsarik gabekoa zela argi eta garbi salatzen du.

Areago: Estrasburgok zeharkako eran Gipuzkoako bertsioa lehenesten du. Eta ez bakarrik alderdi sustantiboan. Auzi medikuen txostenak gorabehera, berme prozesalen falta ere leporatzen dio Estrasburgok Auzitegi Gorenari. Azken horrek Gipuzkoan kondenatzeko erabili ziren frogak deuseztatu zituelako: lekukoak ez ei ziren sinesgarri; Portu eta Sarasola are gutxiago ETAk aginduta salaketa faltsuak egiten omen zituztelako, eta abar. Auzitegi Gorenak sendoa zen epaia hustu egin zuen, frogak «desagerraraziz». Gipuzkoako Auzitegiari ia «errieta» modukoa egin zion, etakideek ziria sartzen utziak zirela bortizki aurpegiratuz. Eta hara noiz eta zortzi urte beranduago, Estrasburgok Auzitegi Gorenak eman zuen bertsioa barregarri utzi du. Horretarako zera argitzen du Giza Eskubideen Auzitegiak: lehenengo instantzian frogatuta dagoena errotik berrikusi nahi bada, orduan ahozko epaiketa eta alde guztietara parte hartzeko aukera zabala eman beharra dagoela.

Auzitegi Gorena lotsatu beharko litzateke: alderdi substantiboan argudio falta eta alderdi prosezalean bermerik eza agerian gelditu direlako. Batek esan lezake, Auzitegi Gorenak torturak ba ote ziren bilatu nahian baino, ahalegin guztiak eta bi egin zituela Guardia zibilak «nola edo hala» zigorgabetzeko. Eta hori guztia beste gauzetan hain present dagoen Auzitegi Konstituzionalak kasu honetan hasiera batetik inongo parte hartze barik. Susmoa dago zenbait gaietan Auzitegi Konstituzionala ez dagoela, bere lana Estrasburgok egin behar duelarik.

Demokrazia da boterearen kontrola eta horretarako epaile-administrazio sendoa behar da. Noizko ausartuko da Espainiako Justizia-Administrazioa tortura kasuotan behar bezala aritzen? Hari eta hori gertatu artean, Estrasburgo dugu itxaropen bakarra. Estrasburgo bere mugekin: berandu baitator; kasuak berrirekitzera behartzeko indarra ez du-eta; Espainiako Estatuan neurri estrukturalak behartzeko indarrik ez duelako. Baina behintzat injustizia egin eta ukatu ondoren, lezioa ematen du: ez da gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.