Porrot irudien urtea

2020ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Urte asko pasatu dira ikuskizunaren gizartean bizi garela esan zigutenetik; gaur edonork ditu eskura ikuskizunak erregistratu, gorde eta hedatzeko dispositiboak: nor bere publikoa da. Hala ere, teknologiak berriak izanagatik, gizarte deritzoguna beti izan da ikuskizun borroka eta irudikapen jokoa. Hartan, irudi batzuk gure desio, ilusio eta nahien agerraldi antolatuak dira, beste batzuk berezko gertaera eta indar ikusgaitzen agerrarazte saioak, datu zein iragarki gisa agerraraziak, eta beste asko, berriz, nahi gabean sortuak eta agertuak, garenaren aztarna. Nor, zer edo nolakoak garen jakiteko, irudi eta ereduen arteko aldeak, talkak edota kontraesanak begiratu behar ditugula uste dut.

Aurtengo irudi uzta oparoa izan da kontraesanetan, esango nuke ilusio eta asmoen kontrako irudi desleialak nagusitu direla. Tamalgarriak gehienak, porrot askoren adierazpide. Gutxienez publizitate eta ideologien irudiak zein ilusiozkoak diren, zein alegiazkoak diren, ikasi (ahal izan) dugu. Egia esan, ez da teoria kritiko edo susmoaren filosofietan oso aditua izan behar irudi kolektibo eta publikoen jokoan zenbat hipokrisia, ilusio faltsu, inozokeria, borondate oneko gezur, irudikeria interesatu, asmo on manipulatu edota auto-engainu dauden egiaztatzeko.

Urte buruan argitaratu ohi dira urteko argazki gogoangarrienak. Zein izan dira aurten publiko egin ditugun irudietan gehien ilusionatu eta desilusionatu zaituztenak? Nik baditut nireak: itxialdiko txaloetatik Euskaraldiaren aitzakian ospatu den txapa aratustera, hamaika aukera!

Itxialdiaren hasieran, herri solidario baten irudiak ikusi genituen laguntza eta zaintza sareei esker. Horrela apur bat ahaztu genituen harrapari aseezinen lasterketak superreko korridoreetan. Baina zaintzaren irudi polit hari laster hartu zion gaina jende listo, berekoi maltzurrek eman ziguten ikuskizunak. Nor ote ziren? Neurri batean edo bestean denok sentitu dugu gure baitan elkartasunaren nekea; balkoiko txaloak, kontrol soziala, desinteresa eta berekoikeriak soka-dantzan etorri zaizkigu.

Gizartearen ordezkari omen diren kargudun ofizialek ere hainbat irudi sano auzo-lotsagarri eman dizkigute. Ez dauzkat ahazteko espainiar militarren prentsaurrekoak, Murgaren komunikazio ezintasun aztoragarria, edota Urkullu eta Revillaren enkontruaren adarjotzea, eta lehenago eta askoz larriagoak, Urkulluk Zaldibarreko hondamendiaren lohiek bere jaka dotorea zikindu ez zezaten bota zituenak, nola ahaztu? Zenbat aldiz egin diote errieta jendeari, eurak zentzu gabeko komunikazio eta jardun nahasgarrian lokazten ari zirela? Benetan, ordezkari horiek irudikatzen duten jendartea izan nahi al dugu? EAEko hauteskundeek erantzun bat eman ziguten: bai. Ez dira gutxi euren kontzientziaren balkoitik paisaia eder baten bista dutenak. Pandemiak agerian utzi ditu ilusio zenbaiten faltsukeria, beste horrenbeste faltsukeriaren ilusioa ere bai.

Eta datorkigunaz zerbait ikasi al dugu? Pandemiak biluzik harrapatu omen gintuen, okerrak ulergarriak izan ziren, inprobisatu beharra zegoen. Neurri batean onartzekoa da desenkusa, baina hondamen sozio-ekologikoaren agendak ez du etenik izan. Kapitalismoaren eta desarrollismoaren sarraskia, bizitzaren pribatizazioa eta kapitalizazioa, maskara gabeko autoritarismo neofaxista eta abar ez dira geldotu. Gelditu al ditugu? Asko mobilizatzen den herri bat omen gara, ekitaldi politiko asko ditugu euskal plazetan ikusgai, tentsio nabaria dago kaleko ekimen eta agerraldi publikoen eta hedabideen errealitate publikatuen artean, eta beharbada, horregatik guztiagatik plaza eza izan da politikoki baldintza larriena eta prefigurazio zorrotzena. Estatu autoritarismoak, despotismo teknokratikoak eta plataforma kapitalista erraldoiek kaleak eta plazak husten eta jendeen bizimoduak monitorizatzen segituko dute horretara gozoro egokitzen eta ohitzen garen bitartean. Pandemian entseatzen ari garen gizartearen muina irudi bakar batean: kale hutsetan driver baten bizkarrean, Amazonen irriñoa.

Gizartea zerbitzu komertzialen sistema bat dela irudikatzen den bitartean pandemiaren ekonomia politikoa osoa ezkutatzen zaigu. Ikusi dugu nola, eskura ditugun baliabideak kontuan hartu gabe, norberaren erantzukizunari dei morala egiten zaion, Karidadeko telebentan bezala. Agertokian nagusi egin da botere pribatuaren eskuzabaltasun askea; atzealdean, ostendurik, uzten ditugu ahalmen pribatu eta erantzukizun merkeen eustarri diren zapalketa eta esplotazioa. Gauzak horrela, harritu behar al gara norberaren erantzukizunari deia eginda, ordainean, norberaren apeta eta erosokeria gailentzen direlako?

Juan Rulforen esaldi sonatu bat asko ibili genuen itxialdian, «elkarrekin salbatu ezean, banaka hondoratuko gara», bada, batzuek beti izan dute argi haiek ez direla hondoratuko, badakite besteen gainean zutituko direla. Eta zalantza gabe, beraiek dira eredu: bizi nahikara, eta zure duintasun morala osatu behar izanez gero, erruki keinuren bat erosi edo autozerbitzurako ideologia supremazistaren batean harpidetu.

Talka izugarri baten publiko interpelatua gara. Gure bizitzetan elkarren aurka joka ari dira bi eredu. Aspaldi bezala, baina pandemiak zaharberriturik, aurrez aurre ditugu kapitalaren botere pribatuak eta herrien bizitza eta oro har, bizitza, elkarri uko eginez. Herria ote gara? Elkarren ardura dugu? Elkarren zaintza, ongizate eta oparotasun komunak irudikeriak al dira? Marketin kontsolagarrian jausi gabe, nola erabaki eta antolatu herri egiten gaituzten xede eta ahalegin komunak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.