Joan diren hauteskunde europarretan aurrerakada handia izan dute populista deituriko mugimendu politikoek. Geroztik, luze eta zabal hitz egin da fenomeno soziopolitiko horren nondik norakoaz. Harridura eta berebiziko kezka eragin ditu Kontinente zaharrean.
Esan beharra dago, lehenik eta behin, oso gai korapilatsua dela populismoarena. Joera politiko arras desberdinak nahasten baitira hor. Europako iparraldean muturreko eskuin xenofoboa nabarmendu da gehienbat (Erresuma Batuan UKIP), eta hegoaldean, berriz, muturreko ezker erradikala (Grezian Szriza eta Espainian Podemos).
Populismo guztiak ez dira berdinak. Baina, eskuineko eta ezkerreko populismoak dauden arren, guztiek badituzte ezaugarri amankomun batzuk: partitokrazia deitzen diotenarekiko kritika zorrotza, klase politiko tradizionalarekiko arbuioa, ordezkatzen gaituen sistema demokratikoarekiko mespretxua, halako antieuropeismo lauso bat… Alde horretatik, Europaren egonkortasuna arriskuan jar lezakeen lurrikara da populismoen gorakada.
UKIP alderdi politikoak atera du boto gehien Erresuma Batuan. Alde batetik, zergen murrizte drastikoa, zerbitzu publikoetan inbertsio handiagoa, osasun sistema publikoa bultzaberritzea, gaztediarentzako gizarte zerbitzuak, etab. proposatzen ditu. Eta, bestetik, etorkinei bizileku baimena kentzea edota politikaren zein gobernuaren betekizuna gutxitzea nahi luke. Nigel Farage lider eszentriko eta berezia da oso, antieuropar amorratua, baina jende askoren sentipenekin bat egiten asmatu duena.
Marine le Penen Le Front National mugimendu populista erabateko garailea izan da Frantzian, botoen %26 aterata. Krisi ekonomikoaren eta azken urteotan frantziarreknozitzen duten identitate krisiaren emaitza da FN. Agintean dagoen Gobernuak eta Alderdi sozialistak ez diete herritarren nahiei erantzun.
Marine le Pen bere aita baino neurritsuagoa da, eta bere alderdia zentratzeari ekin dio azkenaldian. Itxura txukundu nahi dio Eliseora iritsi ahal izateko. Ezin da esan, bada, ezker muturrekoa denik, haren hautesle askok ezkertiartzat baitauka bere burua. Etorkin afrikar eta arabiarrek ere beldurra galdu bide diote.
Espainian harrigarria izan da Podemos mugimendu berriaren ezusteko arrakasta. Pablo Iglesias lider karismatikoaren buruzagitzapean, herritar askoren ondoeza eta amorrazioa adierazten jakin du. Ilusioa piztu du hainbat sektoretan. Antagonismo sinple batean oinarritu da bere mezua: «la casta» da etsaia. Elite politiko eta ekonomikoa, alde batean; eta jendea, bestean.
Sistemak huts egin omen du eta hutsetik abiatu beharra omen dago.Aldaketa ez, haustura behar da. «Zerua ezustean eraso». Teknologia berriak baliatuz, eite berriko alderdi politiko bat eraiki nahi dute, «plebearen iraultzarako». Barne pluraltasuna ez baino lidergo unipertsonala sendotu nahi luke Pablo Iglesiasek.
Bizitza publikoa moralizatzea, boterea demokratizatzea eta jendearen zoriona berreskuratzea (sic) ezinbestekoa da. Baina nola egin da kontua. Ikusteko dago zein izango den Podemos-en praktika politikoa hemendik aurrera. Jarrera maximalistak alde batera utzita, egitasmo zehatz eta egingarriak aurkeztu beharko ditu.
Populismoa, Marxek adierazi zuenez, ezarritako erregimen demokratikoaren porrotaren sintoma eta itxaropen berri baten adierazpena da, aldi berean. Kritika populistan eta honek eragindako ilusioanbadago egiazkoa den zerbait. Ezin daiteke gutxietsi, beraz. Populismoak gogoa berotzen du; demokrazia liberalak, aldiz, gogaitu.
Populismoaren arazo nagusia bere sinpletasuna dela idatzi du J. M. Ruiz Soroa bilbotarrak.Sinpletasuna, demokraziaren analisian, sintomak kausatzat hartzen baititu. Erredukzionismoan erortzen da, hartara: sistemak du erru guztia. Sinpletasuna, baita ere, lantzen dituen sentimenduetan: haserrea, sufrimenduarekiko enpatia, errukia. Arazo konplexuentzat irtenbide errazak eskaintzen ditu. Populismoak «herria» idealizatu ohi du, eta demokrazia liberala arbuiatu.
Hil berria den Ernesto Laclau pentsalari argentinarra izan da ezkerreko popularismoaren teoriko nagusia. Haren defentsan, La razón populista idatzi zuen 2005ean. Bazekien ez zela batere ortodoxoa ez ikuspuntu liberal demokratikotik ez marxistatik, baina «etsai komunaren kontra askotariko aldarrikapenak artikulatzeko» modurik onena zela uste zuen. Hegoamerikako erregimen ezkertiarrak goraipatu zituen eta, azken aldian, Argentinako kirchnertarrekin konprometitu zen politikoki.
Karl Popperrek Gizarte irekia eta haren etsaiak izeneko liburua idatzi zuenpolitika utopiatik bereizi nahian. «Pixkanakako gizarte ingeniaritza» proposatu zuen,helburuak mailaka lortzen saiatzen den metodo politikoa. Egin daiteke mundu hobeagorik, baina errealitatetik abiatu beharra dago. Politikan errealista izateak, halere, ez du kontserbadorea izatea esan nahi. Popperrek ez zuen helburu idealik kritikatu, «zeren gauza asko lortu baitira, beren garaian dogmatikoki ezin iritsizkoak deklaratu izan zirenak».
«Gizarte irekia» ez da gobernu mota konkretu bat, elkarbizitza modu bat baizik. Bertan gizabanakoen askatasuna, justizia soziala, biolentziarik eza etaminorien babesa dira balore oinarrizkoak. Gizarte irekian libreki eta arrazionalki eztabaida daiteke, eta ekonomikoki ahulak direnak babesteko instituzio politikoak daude. Liberalismoa eta estatu interbentzioa ez direla bateraezinak zioen Popperrek. Demokraziak ez bestek eskaintzen digu aldaketak bortxarik gabe egiteko aukera.
Demokrazia, zuzenbide Estatua eta pluralismoa dira europar tradizioaren zutabe nagusiak.
Populismoen goraldia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu