Larunbatean, urriak 25, 75. urteurrena bete da Evaristo Txurrukaren monumentua inauguratu zela Getxon, ibai ahoaren ondoan. Dorre-itsasargi gisa sortu zuten Miguel Garcia Salazar eskultoreak eta urbanizazioaren sortzaile Ignacio M. Smith arkitektoak. Bilbo-Neptuno elkarrizketa islatzen du: Itsasoa konkistatzeko Bilbok eginiko ahalegina.
Egun hartan bertan zabaldu zuten Deustuko zubi berreraikia. Ignacio Rotaetxe bide, ubide eta portuetako ingeniariak, Jose Ortiz de Artiñano industria ingeniariak eta Ricardo Bastida udal arkitektoak proiektatu zuten, eta diskrezioz inauguratu zuten altxamendu garaian, «inolako zeremonia ofizialik egin gabe», 1936ko abenduaren 13an, igandearekin, goizeko hamarretan, Ernesto Erkoreka alkate errepublikanoa buru zela. Handik laster lehertu zizkioten euskarriak, 1937ko ekainaren 18ko gauean, Eusko Jaurlaritzaren Defentsa Batzordeak hala aginduta, ezin erabilirik uzteko. Bastidari, udal funtzionarioa zenez, berreraikitzeko agindua eman zion Jose M. Areilzak, faxistek jarritako alkateak. Urtebete geroago hasi ziren zubia berriz altxatzen, Rotaetxek parte hartu gabe, baztertu egin baitzuten errepresio politikoan; zoritxarrez, ez gizarteak eta ez erakundeek ez dute merezi bezala estimatu haren lan oparo eta nabarmena: zubian plaka bat besterik ez, nekez ikusten dena. 1939ko urriaren 25an zabaldu zuten zubia, Generalisimoaren zubia izen iraingarria jarrita, alkatea Jose M. Oriol Urkijo zela.
Populismoa eta hanka sartzeak
Ez da onartzekoa erakunde batzuek hanka sartzea hiri eta herrietan oso garrantzitsuak diren proiektuen egiletzari eta jabetza intelektualari dagozkien kontuetan. Orain dela hilabete, Arkitektoen Elkargoko Bizkaiko Ordezkaritzaren Batzarrak hanka sartze larri bat egin zuen, protagonismo kontuengatik, Norman Foster arkitekto ospetsuari sari bat eman baitzion Bilboko metroaren egile delakoan. Eta nekez esan daiteke hark sortuak direla estazioak eta fosterito esan ohi zaien horiek ere. Egiaz, Rodney Uren arkitekto eta diseinatzaile prestigiotsuak proiektatu zituen; hark egin zituen bi lan zoragarri hauek ere: Canary Wharf Station (Londres, 1999) eta Olimpic Park Station (Sydney, 200ko Olinpiar Jokoak). Eta hura arduratu zen Bilboko metroa egiteaz, Foster&Associates enpresa handian; sormen bete-betean ari zela hil zen, 2012an. Ezin zaio gezurrik esan gizarteari, helburu pertsonalistak dituen arinkeria bategatik.
Urriaren 15ean, Deia-k hauxe argitaratu zuen, zoritxarrez arestian esandakoarekin bat etorrita, abuztuaren 19an iragarritakoa berretsiz:«Atzo, Bilboko alkate Ibon Aresok iragarri zuen Frank Gehry arkitektoa gonbidatuko duela Zorrotzaurreko zubiaren lehen harria jartzeko ekitaldira; hain zuzen, haren izena hartu du zubi horrek». Zorakeria hori, aurreko alkateak korrika eta presaka proposatua, hanka sartze penagarri bat da, administrazio publiko baten eta arkitekto ere baden alkate baten erabaki desegokia. Normalean, zubiek dauden tokiaren izena hartzen dute, inguruko eraikin nabarmen batena, edo, batzuetan, tokiko historiari dagokion pertsonaia ospetsu batena edo gertakari baten erreferentzia. Bilbok orain dituen hamahiru zubietatik Santa Isabel, Zubi Zuri (izen barregarriagorik) eta Arrupe pasabideek baino ez dute hausten irizpide hori.
Era berean, zubi horiek proiektatu zituzten teknikari bikain jadanik hiletatik inork ez du izan behar bezalako estimaziorik: Alejo de Miranda, Hoffmeyer, Goikoetxea, Uhagon, Alzola, Arzadun, Orueta, Gil de Santibañez, Ibarreta, Entrecanales, Petit, Ruiz de Velasco, Rotaetxe, Ortiz de Artiñano, Bastida, Batanero, Fernandez Ordoñez. Eta beste hainbeste bizirik daudenekin: Arenas, Calatrava, Manterola. Beharbada, Sarriko litzateke zubiarentzako izenik egokiena, gertu dagoelako. Edo Rotaetxe, omenaldi gisa, edo Azkuna alkatea, hark izan baitzuen ideia.
Oraingo asmoa ezin ulertuzko beste irain onartezin bat da. Lehenik eta behin, ofentsa bat da zubiaren proiektua egin dutenentzat, Arenas&Asociados Diseinu Ingeniaritzako Guillermo Capellan eta Hector Beade ingeniarientzat; izan ere, egilea haiek direla isildu, eta zerikusirik ez duen beste teknikari baten izena izango du, Frank O. Gehryrena.
Bigarrenik, horrek sekulako nahasmendua sortuko du: zubiaren izenak erakarritako bisitari edo azterlariak bestelako zubi bat ikusiko du, Gehryren eraikuntzazko ikuskizunarekin zerikusirik ez duena. Zubi hori nola egin erabakitzeko, aldez aurreko lehiaketa bat egin zen, eta epaimahaiak kontuan izan zuen, proposamen ekonomikoa ez ezik —zeinari garrantzi handiegia ematen baitzaio azken boladan—, proposamen teknikoa ere. Zubia neurritsua da eskalan, erritmo egokikoa, manierismorik gabea, ur gaineko kale zati gisa pentsatua; espaloiak, errepidetik fisikoki bereiziak, begira geratu eta lasai egoteko espazio longitudinalak.
Gehryri omenaldia egin eta haren izena betikotu nahi badute, nahikoa da Bilboko Guggenheim museoaren parean itsasadarraren gaineko tarte lerromakurrari Gehry Tribuna deitzea (ele biko izena, euskara eta espainola). Eta asmoa baldin bada Bilbon zubi bat egotea arkitekto bikain horrek egina, eska diezaiotela zuzenean, horixe da-eta gaur egun normalean erabiltzen den prozedurarik «demokratikoena».
Norbaitek jo behar du Gehryrengana —eta egokiena Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoak jotzea litzateke—, eta errespetu osoz eskatu uko egiteko ohore horri, oker iraingarri bat dela eta. Besterik gabe, eta hirian nagusi den anglofilia aprobetxatuz, esan dezala: «No, thank you very much! Nik ez dut egin zubi hori». Artista ospetsu horrek jasoak ditu sariak ugari, eta omenaldiak eginak zaizkio lehendik Bilbon eta Euskal Herrian (Eltziegoko Marques de Riscalen upategietako hotela).
Kutsu politikoko eta batere sentiberatasun kulturalik gabeko jokabide horiek itxuragabetu egiten dute euskal herriaren seriotasun eta zorroztasuna, eta famaren munduko arinkeria zabaldu. Areso, hobeto pentsa ezazu, ez egin elektoralismo populistarik, eta, batez ez, ez hanka sartu.
Erredakzioan itzulia
Populismo pontifikala, Gehry
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu