Bilgune Feministako kidea

Poliziak indarkeria matxista erreproduzitzen du

Ekhi Petriati
2024ko ekainaren 9a
05:00
Entzun

Duela gutxi, Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2016an Iruñean bortxatu zituzten bi emakumek aurkeztutako salaketa onartu du, Espainiako Poliziak, Fiskaltzak eta Nafarroako Auzitegiak erasotzaileak epaitzeari uko egin ostean. Izan ere, instrukzioan zehar funtsezko frogak desagerrarazi ziren, ikertuetako bat polizia baten senidea izanik. Kasu honek poliziaren jokabide matxistak jartzen ditu mahai gainean, eta ikusarazi, oinarrizko giza eskubideak urratzeaz gain, genero-indarkeria eta erasotzaileen zigorgabetasuna betikotzen direla.


Estrasburgok salaketa onartzeko hartutako erabakiak arazoaren larritasuna adierazten du, baina ezin dugu kasu isolatu modura ulertu. Esaterako, pasa den urtarrilean ezagutarazi zen Genero Indarkeriaren aurkako Unitateko ertzain batek eraso egin ziola zerbitzu horren beharra zuen emakume bati. Nazkatuta gaude: salaketa jartzen den unetik, oztopoz, aurreiritziz eta birbiktimizazioz betetako prozesuak igaro behar baitugu. Frogak desagertzeak eta erasotzaileak epaitzeari uko egiteak mezu argi bat bidaltzen digute emakume eta sexu-genero disidente guztioi: sistema ez dago gure alde.


Poliziaren jardunbide txarra ez da zabarkeria profesionala soilik, genero-indarkeriaren konplize aktiboa da. Poliziak, antza, herritarrak babestu eta justizia bermatu behar duenak, zigorgabetasun-kultura betikotzen laguntzen du, gizon-zuri-cis-hetero ez garen ororen aurka eginez. Frogak desagertzea —edo desagerraraztea— ezin da akats administratibo huts gisa ikusi, baizik eta emakume eta sexu-genero disidenteon aurka doan egiturazko jokaera gisa. Izan ere, egun polizia-indarren egitura patriarkala da eta genero-indarkeria iraunarazten du. Kultura patriarkala berresten baitu, genero-indarkeriaren salaketak minimizatzetik hasi eta justizia bilatzen duten emakumeak berriz biktimizatzeraino.

Egun hauetan Euskal Herrian izan den Silvia Federici gogora ekarriz, emakumeen gorputzaren gaineko kontrola funtsezkoa da kultura patriarkala iraunarazteko. Sexu-indarkerian eta ugalketa-kontrolean ikusten da hori, emakumearen gorputza gizonen eta estatuaren jabetzatzat hartzen baita. Bortxaketa kasuetan frogak desagertzeak kontrol horri eusteko eta emakumeek beren gorputzekiko autonomia irabaztea saihesteko ahalegin kontzientea adierazten du.

Ondorioz, generoari eta sexu-indarkeriari buruzko prestakuntza egokirik ez izateak kasuak gaizki kudeatzea eta salatzaileak berriz biktimizatzea dakar. Polizian eta instituzio judizialetan horrelako erasoek ondoriorik ez izateak bazterketaren eta abusuaren zikloa betikotzen du. Halaber, sexu-delituetan espezializatutako baliabide eta langile faltak kudeaketa txarra dakar. Ikuspegi feministatik abiatuta, justizia-eredu feminista bat aldarrikatzea ez da genero-indarkeriaren erantzuna hobetzea soilik; bizitza guztiak erdigunean jarriko dituen jendarte baten alde egiteko urratsa da.

Mugimendu Feministak urteetan egin duen lana eta borroka ezin dugu alde batera utzi. Emakume eta sexu-genero disidente asko urte askoz borrokatu dira indarkeria matxista agerian jartzeko, eta ulertzeko zer den, nondik datorren, baina baita aurre egiteko baliabideak sortzeko ere. Kide askoren lanak, sakrifizio eta pasioak, egungo egoerara ekarri gaitu eta kontziente izan behar dugu lan handia egin dela emakumeon eta sexu-genero disidenteon bizitzen alde.

Hala ere, oraindik ere jasaten dugun indarkeria bistakoa da, eta horregatik guk, feministok, justizia feministaren alde egiten dugu eta lanean dihardugu: hezkuntzatik hasita, sentsibilizaziotik eta instituzioetatik pasata, erasoen salaketa eta zigorgabetasunaren aurkako borrokaraino. Mugimendu feministak itxaropen-itsasargi izaten jarraitu behar du, erasotuen bizitzak erdigunean jarriko dituen justizia feminista lortu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.