Alternatibako kidea

Polizia-ereduaz pare bat hitz

2024ko apirilaren 22a
00:50
Entzun

Herriko poliziaren ongizate emozionalak eta haren lanaren inguruan herritarrok dugun iritziak kezkatuta, Oiartzungo Udalak hauxe bera lantzeko prozesu herritarra abiatuko duela adierazi du. Poliziari dagokionez hitz egiten denean ezker iraultzailetik, sarritan hitzak errepikatzen dira. Hots, poliziaren eredua herriaren zerbitzura jarriz honen zuriketa besterik ez dela etorriko, eta honela kontrol soziala ezkutatuko dela. Azken finean, beharrezkoa denean gure kontra egingo duen egitura errepresiboa dela poliziarena. Horrelako hitzen azpian dabilen ideia beti bertsua izaten da: polizia bera dela arazoa, ez eredu bat edo beste izatea.

Gauza gehiago esan badira ere, oraingoz gaiari dagozkion bizpahiru kontutan sartuko gara.

Alde batetik, arrazoia dute (Pernandoren egia bezala) diotenean poliziak (estatua bera eta oro har bere instituzio nagusiek) estatu quo-a bideragarri mantentzea duela helburu, horren ondorioa bake soziala lortzea izanik. Alabaina, bake sozialaren inguruan interpretazio asko daude. Esate baterako, zapalkuntza soziala, nazionala zein matxismoa estaltzen duen sasi-bakeaz (Erromatar bakea deitu izan dena) legediaz eta jarduera polizialaz ari bagara, arrazoizkoa da uste izatea poliziaren eta instituzioen zeregina kaltegarria litzaigukeela. Baina ez dut uste polizia ereduaz ari garenean hori denik helburua. Aitzitik, zapalkuntza dagoen bitartean istiluak seguru izango dira, eta guk beti zapalduen alde eta egitate hori estaltzearen aurka egin behar dugu. Baina, badaude onuragarriak zaizkigun zenbait gatazka eta istiluen desagerpenak. Esate baterako, borroka armatua amaitzea, bultzatzen zutenek hala nahi izan dutelako, denon onerako izan da. Ala ez?

Izan badaude zenbait istilu herriaren lasaitasuna, elkarbizitza (kontzeptu hau beti ez da gaitzesgarria denen onerako denean) kaltetu edo inarrosten dutenak, eta horri aurre egiteko behar dira hala moduzko «ordenaren zaintzaileak». Adibidez, futbolaren aitzakian, talde batzuek jende arruntari erasotzen diotenean, edo jaietan genero erasoak gertatzen direnean; berdin gaueko ordu txikietan istiluak sortzen direnean jende arruntaren atsedena urratuz; edo lau sos kentzeko kale gorrian gaizkile batzuek aitona-amonei erasotzen dietenean, ez al dira behar hiritarren aldeko lege eta arau betearazleak? Deitu diezaiogun polizia edo udaltzaina. Beti bezala, kontua da zer legez, zer-nolako estatu eta instituzioez ari garen, nahiz eta denak gizarte burgesaren parte izan. Edo berdin zaigu diktadura edo demokrazia liberala, polizia guztiz errepresiboa edo lege demokratikoen bitartez kontrola daitekeena? Dena ez da zuri edo beltz. Hor datza gakoa.

Beste adibide bat, euskal estatu sozialistaren aldarrian dabiltzanei (aldarriekin ni ere ados nago) berdin zaie beren jarduera legala ala ilegala izatea? Toleratua, are onartua, edo zigortua? Eta behin delako estatu sozialista burutzen badugu, izango du poliziarik ala ez, eta izatekotan zein izango da bere izaera? Herritarren ongizatea zaintzeko ala zigortzeko? Sozialismo erreala zeritzan erregimenaren poliziak badu zerikusirik horrekin.

Anarkisten eta sozialisten azken helburua berbera da (Leninen Estatua eta Iraultza liburuarekin ados baldin bagaude), hau da, estatua eta klase sozialak desagertzea. Baina erregimen hori komunista litzateke, ez sozialista, zeina trantsizio epeaz definitzen den. Horretan datza sozialisten eta anarkisten arteko desadostasun nagusia. Anarkistek ez dutela estatua onartzen, ez kapitalista ezta sozialista ere, eta, kontsekuenteki, inongo poliziarik ere ez.

Eta beste mailako desadostasuna: sozialistek eta komunistek ez bezala (irakurri Leninen Ezkerkeriaren haur-gaixotasuna komunismoan), anarkistek ez dute onartzen demokrazia liberalen instituzioetan jardutea; alegia, honen barruan (kalearekin batera) herritarrentzat eta langileriarentzat ahalik eta lege eta erabaki hoberenak lortzea. Izan parlamentuetan edo udaletxeetan.

Gauzak garbi. Kapitalismoaren barruan gauzatzen diren aurrerapen progresista guztiek bi aurpegi dituzte. Alde batetik, aurre egiten diete errepresioari eta esplotazioari, eta, aldi berean, lortzen diren abantailak direla medio, baretu egiten dute egoera, eta, hein handi batean, kapitalisten onerako da hori. Horrekin esan nahi dugu grebaren ondoren soldata hobeak lortzea ez dela onuragarria, nahiz eta horren ondoren borroka eten aldi baterako? Gaira itzuliz, hau esanda, nahiz eta jakin polizia zer den, berdin zaigula nolakoa den?

Polizia edo armada ez da inoiz demokratikoa izango (armak erabiltzen eta estruktura bertikala duten instituzioak ezin dira demokratikoak izan); alabaina, bai kontrolatua eta arautua modu demokratikoz. Ez da gauza bera mozal legea-renbaitan aritzea, edo beste lege baten pean. Ez da gauza bera armarik gabeko udaltzaingoa edo armatua inposatzea denon kalterako, Jaurlaritzak nahi duen bezala. Edo zeregin ez-jazartzailea izango duen udaltzaingoaren aldekoa izatea. Ez da gauza bera eskuin muturreko sindikatu korporatiboen eraginpean ari den polizia edo beste motako sindikatuen pean ari dena. Ez da berdina torturatzeko aukera guztiak dituen polizia edo jarduera hori debekatua duena. Azken adibidea. Thatcher anderearen aroaren aurretik, bobbie-ek (polizia) ez zuten armarik erabiltzen eta ia ezta borrarik ere. EAJk erreferente omen zuen eredu hori. Baina meatzariak jipoitzeko behar zuen polizia antolatu eta egokitu zuen neoliberalismo berriaren agintariak. Harrezkeroztik, Britainia Handiko polizia askoz errepresiboagoa da.

Guardia Zibilaren, Polizia Nazionalaren eta Ertzaintzaren ferekak edo matte-matteak gozatu izan ditugunok (baita garai bateko Oreretako munipenak ere), ez diegu desio belaunaldi berriei trantze horretatik igarotzea. Horregatik, bai, beharrezkoa da polizia ereduaz hitz egitea, lege demokratikoez ahalik eta kontrolatuena egon dadin, nahiz eta jakin poliziak beti arazoa izaten jarraituko duela; baina jakinik arazo guztiak ez direla berdinak. Eta hori ez litzateke gauza txarra estatu sozialistaren alde jarduten dutenentzat ere. Ala zenbat eta errepresio gehiago, hobe?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.