Hauteskundeak igaro ondoren epe luzeko hausnarketak plazaratzeko aukera egokia dela ematen du. Sarritan polizia-ereduaz eztabaidatzen da jada halakorik indarrean ez balego bezala. Baina egon badago eta, agian, daukagunaren kontzientzia argiaz hasi beharko ginateke etorkizunean aldaketak egin nahi izatekotan. Izan ere, Euskadik poliziaren eskuduntza 1980. urtetik aurrera eskuratu eta garatu zuenetik, Ertzaintza batez ere —eta neurri batean udal-poliziak ere— ezaugarri propioekin gauzatzeari ekin zitzaion. Ikus dezagun.
Inork ez du zalantzan jarriko Ertzaintza birjaiotzeko zorian zegoenean Gernikako Estatutua onartu berria zela, halako shock egoeran geundela segurtasunaren ikuspegitik, batez ere Guardia Zibilarengan eta Polizia Nazionalarengan herriaren gehiengo oso zabalaren aldetik inongo konfiantzarik ez zegoelako. Erabateko konfiantzarik eza zen nagusi arrazoi funtsatu eta boteretsuen eskutik, zeren eta diktadura osoan zehar giza eskubideen urraketa oso larri eta sistematikoak egiten jardundakoak zirelako aipatu estatu-poliziak, mota guztietako jende-multzoen kontra. Areago, oraindik ere demokraziarako iraganbidean eta denbora askoan, polizia-gorputz horiek jarraituko zuten tortura sistematikoa aplikatzen; errepide-kontroletan, indar ez-proportzionala lagun, hiritarrak hiltzen; eta oro har euskara eta euskaldunon izaeraz usaintzen zuenaren guztiaren aurkako jarrera ez-demokratikotik beraien lana eginez.
Trantsizioak ez zuen sakoneko garbiketarik egin esparru honetan, ezta argitu ere —are gutxiago epaitu— egindako sarraskiak. Gaurko terminologia-moldeaz esatearren: zoru etikorik ez; egindako delitu eta giza eskubideen urraketa sistematikoaren irakurtzeko orririk ez; atzean egondako erantzukizun indibidual zein erakunde-konplizitaterik argitzerik ez. Laburbilduta: horren gaineko egia, justizia eta memoriarik ere ez… gaur arte! Beraz, bide batez, ez dezagun hau guztia ahaztu gaurko indarkeria-eztabaida politikoetan serio murgildu nahi izanez gero.
Baina buelta gaitezen polizia-eredura. Ertzaintza lehenengo unetik deskribatu berri den eredu ez-demokratiko eta zapaltzailetik aldendu nahi izan zen, herritik sortu eta herriaren zerbitzura jartzeko asmoz. Horra hor ereduaren lehenengo zutabeetako bat ahaztu ezin duguna. Horregatik eta horren ondorioz premiazkoa zen polizia ahalik eta gehien herriko hizkuntza-errealitatetik ere hurbil egotea: alegia, euskalduntzea. Euskal polizia ereduaren lehenengo ezaugarria, beraz, bada ofizialak diren bi hizkuntzetan jardun ahal izatea egiten dituen mota guztietako zerbitzuetan. Herriak ikusi behar du Ertzaintzak eta udal-poliziak gure kultura —osoa— bere egiten dutela legez eta arimaz.
Ildo honetatik, gaurko errealitatera jauzi handi bat egiten, herritik hurbil ere egon beharko da polizia-eredua berdintasun eta aniztasunaren ikuspegitik. Iparrorratzak bailiran gizon-emakumeen berdintasuna edota kultur-aniztasuna erdigunean kokatu behar. Horrek planifikazioa ere ekarri behar du ertzainen aukeraketan eta esparru operatiboaren diseinuan, sexu (bai eta sexu-identitate, orientabide, genero eta bestelako) diskriminazioak bukatu aldera, batetik, eta, bestetik, kulturartekotasuna behar bezala integraturik egote aldera.
Esandakoaz gain, bada ereduaren beste zutabea: indarraren erabilerarena. Hemen abiapuntu gisa halabeharrez gure ibilbide historikoa ere kontuan eduki beharko genuke. Ezingo genuke ahaztu, lehenik eta behin, diktaduratik jarauntsitako estatu-polizien kontra-eredua. Hortaz, horri buelta emanez, giza eskubideen bermeak eta errespetuak beste zutabea behar du izan. Eta errespetuaz ari naizenean ez nabil, besterik gabe, legezkotasun printzipioaz. Alegia, Ertzaintzan hasieratik legea errespetatzeaz gain, harago joan nahi izaten zen, autoexijentzia-maila igoz. Horrek zubi ederra eraikitzen du giza eskubideen kultura erakundearen muineraino sar dadin. Eta honetan kontu handiz jardun behar dugu: hots, hauteskunde-kanpainan izan dugun ika-mika xinple eta azalekoa (armak bai ala ez) baztertu beharra dago errotik. Definizioz poliziak indarra erabili behar du, baina proportzioz eta neurriz une oro. Jarrera politiko populistek (polizia eta delitugilea aurrez aurre batuketa zero jokoarena kasu) ezin dute gobernatu eztabaida serio hau.
Bi ezaugarri daude, beraz, alderdi politiko guztientzako abiapuntu jarri daitezkeenak: batetik, hurbileko polizia herri-nortasunean oinarritu beharra, eta, bestetik, eskarmentu historikoaren poderioz giza eskubideen defentsa sutsua. Horiek biak onarturik, eredutik errealitatera norainoko aldea dagoen eztabaida genezake, hobetze aldera. Baina, nire iritzi apalean, eredu-eztabaida ez litzateke erabili beharko ika-mika hutsalerako tresna gisa.
Izan ere, kontsentsu politiko oso zabal baten bitartez aipatu zutabeak berretsiko bagenitu, geroko lan sektoriala esparru operatiboan (indar letalaren edo ez-letalaren protokoloetan, manifestazioen ingurukoetan, atxiloketaren ingurukoetan…) errazago lortzeko bidean geundeke, euskal polizia hobeagoa edukitzekotan.