Beste azaroak 25: genero indarkeriaren aurkako aldarrikapenak mundu osoan. Zer esan gaur, eta zergatik, beste egunetan baina ozenago? Zer bota jada adierazi ez dena? Zenbaitetan nekea nabarmentzen dugu, ez bakarrik gurea. Azkeneko hamarkadetan borroka honetan aritu diren mugimendu feministek mila bide asmatu dituzte mezua eraginkorra izan dadin. Sormena eta kemena ez dira falta izan, baina oraindik ere, eta aurrerapausoak mespretxatu gabe, horrenbeste urteren ondoren oinarrizko ideiak lantzen ari garenaren irudipena dugu. Horma berari jo eta ke. Eta behar-beharrezkoa dela esan beharrean gaude gainera, matxismoa hor dugu eta, talka gogorra egiten.
Genero indarkeriari buruz diskurtso ugari eraiki eta zabaldu dira gure gizartearen esparru publikoan. Horiek ez dira berriak, antzinakoak baizik, eta haien jatorria mugimendu feministan datza. Horri buruz entzun, hitz egin, irakurri, ikertzen da... Lege Integrala dugu, poliziak formakuntzak jasotzen ditu, komunikabideek gaia tratatzeko modua zaintzen hasi dira, arazoaren inguruko eztabaida plazaratua dago, sentsibilitate kanpainak finantzatzen dira, genero indarkeriaren kontrako munduko eguna ospatzen da...
Garaipen bikaina da honako hau, dudarik gabe. Zertan datza orduan gure deserosotasuna? Ea ezaguna egiten zaizuen: «Ezin da genero indarkeria onartu. Nazkagarria da. Gogaikarria. Larria, benetan. Genero indarkeriaren biktima horiek, ene, emakume gaixoak! Baina zer dela-eta ez dira banatzen? Zergatik ez dute salaketa egiten? Erasotzaile horiek, gizon madarikatuak! Lakra honen aurrean zerbait egin behar da. Arduradunak ardura daitezela. Bueno, egia esan, zerbait egiten ari dira, ezta? Legeak, kanpainak, itunak, hitzaldiak, jardunaldiak, erreportajeak, inkestak. Bai, arduratzen ari dira. Arazo hori duten emakumeak laguntzeko gauza asko egiten dute gauzak antolatu behar dituztenek. Zer jakingo dut nik, azken finean horrelako arazorik ez dut. Adituek, politikariek, epaileek egin dezatela. Izugarrizko arazoa dute emakume biktimek. Gaixotasun galanta gizon matxistek» Hori esaten dugu askotan. Eta beste hau ere pentsatu: «Niri ez litzaidake holakorik gertatuko. Nik badakit, eta ez beste horiek, gaixoak. Gu ez garen horiek. Nire seme-alabek ez diren horiek. Ni ez naizen beste horrek».
Arazo hau beste pertsonen arazoa dela pentsatzen dugunean, babesik gabe uzten ari gara geure burua. Indibiduo zehatzen kontua dela uste badugu, galtzen ari gara guregan arazo bera antzemateko gaitasuna. Horrela pentsatzen dugunean, gure buruari lapurtzen diogu mespretxu egoerak, jasandako kontrola edo errespetu faltak identifikatzeko aukera. Ez, ez gara bakarrik emakumeei buruz ari. Zuk ere, gizon, paragrafoa berriro hasieratik hartu, ea identifika zaitezkeen.
Pribatua politikoa dela aldarrikatzen zuten 1960ko hamarkadako feministek. Gure arlo intimoan eta etxean gertatzen dena emakumeek gizartean aurkitzen dituzten oztopo, desabantaila eta zailtasun guztien oinarrian zegoela erakutsi zuten. Familia-harremanak antolatzeko era, lanak banatzeko modua, eta amodioa eta sexualitatea ulertzeko ikuspegia gizartean emakumeek jasaten zuten menderatzearen oinarrian zeuden. Arlo publikoan ageria den desberdintasuna besterik ez badugu ikusten, sexismo eta matxismoaren erroak estaltzen ari gara, ez diegu aurre egiten. Horregatik, arlo intimoan emakumeei gertatzen zaizkien bidegabekeriak lehen mailako arazo sozial eta politikoa zela azpimarratu zuten emakume horiek.
Egun, aldiz, emakume eta gizonen arteko berdintasuna konkistaturik dagoelako ideia oso zabaldurik dago. Berdintasuna arlo publikoaren ordezkari askoren hitzetan eta egitasmoetan agertzen da, baita albistegietan, karteletan, eta testu liburuetan ere. Politizatu egin dela dirudi. Arduradunak gaiztoen kontra lanean ari dira, gaitza pertsona kaltetuengandik ateratzeko eta gaiztoak zigortzeko. Baina arazoa arlo publikora atera dugunean, gure etxeetatik kanporatu dugu akaso, eta horrekin batera gure harremanetan, gure familietan, gure baitan antzemateko gaitasuna. Arazoa instituzionalizatzean, politikari eta adituen kontura utzi da, gure bizitza despolitizatuz. Ezin dugu ahaztu gizarte matxista hau guztion artean bizirik mantentzen dugula, gizarte honetan jaio eta gizarteratu garelako. Geure buruari begirada berezi batez berrikusteko gaitasuna landu beharrean gaude. Infragorri argiak objektuen energia termikoa detektatzeko erabiltzen diren bezala, gure begiradak prest egon behar du, gizarte patriarkalaren seme-alabak garen heinean, horren arrastoak gure baitan identifikatzen. Beraz, gure arlo pribatua berriro politizatu behar dela proposatzen dugu, begirada horren filtrotik pasatzea ezinbestekoa baita. Botere harremanak, menderatzeak, amodio erromantikoarekiko lilura, behar bezalako emakumea izateko grina, benetako gizona ez izatearen beldurra, deseroso sentiarazten gaituzten jarduera sexualak, atsegin ez ditugun xantaia emozionalak... Pribatua politizatu behar da ulertu ahal izateko guztiok dugula emakume biktima eta gizon erasotzaile bihurtzeko aukera.
Politikoa pribatua da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu