Azken bizpahiru hamarkadetan, politikagintzaren testuingurua itxuraldatu egin da. Hori dela eta, auzi kolektiboei politika publikoen parametro tradizionaletatik erantzuteak huts egiten du. Herritarren gogo-aldarteak ere sarritan iruditeria zaharkituekin du zerikusia. Bauman zenaren metaforarekin adierazteko, politikagintzan ura gure eskuetan gordetzeko ahaleginean bezala gabiltza.
Lehen aldaketa espazioaren eta denboraren eskalei loturikoa da. Alde batetik, politika tokiari ainguratua dagoen bitartean, boterea, edo erabakiak hartu eta baldintzatzeko gaitasuna, planetarioa da. Ingurumari berrian, politika izaera globaleko auziei eremu lokaletik erantzutera behartua dago. Esate baterako, korporazio globalek, ekonomiaren hiper-finantziarizazioak, arrisku ekologikoek eta terrorismo indibidualizatuak alde batetik bestera mugei izkin eginaz mugitzeko gaitasuna dute. Politika eta boterea disoziatu egin dira. Eskala fisikoarena gutxi ez, eta politikagintzari denbora-erritmoek buruko mina sortzen diote. Mundu azeleratuak ez du aski pazientzia aukerak patxadaz egosteko. Gainera, auzi publikoen identifikazioa, agenda politikoaren formazioa edota erabakien inplementazioa komunikabideen buru-kolpeei zeharretik begiratuz osatzeak ere politika kontsumorako truke modura galbideratzen du.
Bigarren arazoa ekonomiaren kolonizazioari loturikoa da. Alde batetik, ekonomiak gaina hartu dio politikari eta politika ekonomikoaren argitan erabakitzen dira gehientsuenetan beste politika publikoak ere. Beste aldetik, politika publikoen buruhaustea adierazle ekonometrikoak txukun betetzea da. Horrek kontraesanak eragiten dizkigu. Esaterako, azken boladan politikariei sarri exijitu zaie enpresariak bailiran aritzea (efizienteak izatea, kontuak errenditzea), baina euren jarduna hala zuritzen dutenean, interes orokorraz ahaztea eta tentazio klientelarrean erortzea aurpegiratzen diegu. Neurri batean, herritarrokin ere antzekoa gertatzen da. Iritzi inkestetan herritar modura adierazten duguna (interes orokorra, kezka publikoa) eta bezero modura politikariei exijitzen dieguna (interes partikularra, ondorioekiko erantzukizunik eza) arrazionalitate bi dira. Anbibalentzia hori, gaur egungo testuinguru sozialean, politikagintzaren elementu konstitutiboa da.
Hirugarrena da gure mundu fisiko eta sozialaren konplexutasuna. Izan ere, politika batek dimentsio ugari ditu (osagai fisikoak, muga juridikoak, bitarteko ekonomikoak, botere asimetriak, konpromiso elektoralak, lehentasun sozialak) eta horien arteko harremana askotarikoa eta bizia da. Haatik, kultura politiko eta administratiboari erreparatuz gero, erabakiak hartzeko modu asko (prozedura administratiboa, efizientzia, adituaren rola —one best solution—, auzien deskonposizio sektoriala) sarritan arazoaren esplikazioa ere badira. Azken urteotan gobernantza bezalako diskurtso eta praktikak indarrean jartzeko ahaleginetan gabiltza, baita administrazioen zerbitzuak ikuspegi erlazionalago batetik antolatzen ere, baina ezagutzen fluxua eta zerbitzuen koordinazioa fundamentuz egitea nekeza da. Gainera, kultura administratibo segmentatuari lidergo politikoaren ahulgunea eta osotasuneko ikuspegiaren gabezia erantsiz gero, aukerak urritu egiten dira, eta politikagintzak galdu egiten du gainera behialako erakarpena.
Laugarren ezaugarria ziurgabetasuna da. Herrigintzaren fenomeno ugari zerrendatu daitezke: herritar, erakunde eta profesionalek muga kognitiboak ditugu; erabakitze-prozesuetan parte hartzen duten aktoreak eta aktoreen ikuspegiak aldakorrak dira; aterabideak eta ondorioak aurreikustea zaila da; erabakiguneen dilatazioa ari da gertatzen (gobernu-maila edota eremu geografiko diferenteak eta izaera ugariko aktore publikoak, komunitarioak eta pribatuak integratu dira erabakimenetan); helburuen artean gatazkak daude; edota helburua erdiesteko metodoen artean liskarrak sortzen dira. Hori dela eta, erabakimen eta ekinbide klasikoek huts egiten dute eta gure hautuak modu efektiboan orientatzeko aukerak urriak dira. Orain zaurgarriak sentitzen gara. Izan ere, kontrolaren mitoak hezi gaitu, politikak ere formulazio matematikoen pareko aterabideak balitu bezala.
Aldaketa horiek aski pista dira politikaren ezintasunak eta bereziki politika publikoen inpotentziak azaleratzeko. Irudikatu besterik ez dago aurretik ditugun erronkak: auzi demografikoa, lanaren mutazioa, baliabide naturalak, enpleguaren konposizio berria, aberastasunaren sorrera, errenta-mailen dibergentzia lokala, Ongizate-Estatua, segurtasunaren estatus subjektiboa, migrazioak eta Europa, besteak beste.
Ondorio nagusi batzuk ere konpartitu ditzakegu. Alde batetik, politika publikoen mugak eta kolapsoa ulertzea ezinbestekoa da, herritarren desertzioa (erantzukizunak aldaratzea) auto-justifikatzen duten zuribideak ezbaian ipintzeko. Izan ere, errealitate politikoa ulertzeko irakurketa berezia nagusitu da, azalekoa, politikaren kolapsoaren errua politikariei leporatzen diena, eta (egia) horrek sakoneko zioak bigarren mailan uzten ditu. Beste aldetik, zioetako batzuek harremana kapitalismoarekin duten arren, zio garrantzitsuenak modernizazioari eta demokratizazio prozesuei lotuak daude. Bereizketa hori oso labainkorra da, baina eremu ekonomikoa, kulturala eta politikoa guztia batean pilatzea baldarkeria da. Hirugarrenik, sistema politikoa eta horren legitimazioaren krisia ulertzeko, sistemaren input-ei (politikariak, erakundeak, hauteskunde sistema) ez ezik, arreta ipini behar diegu sistemaren output-ei ere, alegia, jardun politikoak garapen ekonomikoan edota herritarren ongizatean dituen eragin-gaitasunei eta emaitzei. Alde honetatik, krisi politikoaren esplikazioetako bat azken hamarkadetako aldaketei eta hedaduraz politika publikoen inpotentziei dago lotua. Hau guztia, gainera, testuinguru sozial eta historiko konkretu batean gertatzen da: herritarren balioak aldatu ez ezik lehentasunak ugaritu egin dira, espektatibak betetzea exijitzen dugu, eta, beraz, logiken konkurrentzia gauza arrunta da.
Muga politikoen kontzientzia, politika publikoen izaera poliedrikoa eta gatazkatsua (aktore ugari, interes kontrajarriak, askotariko erakundeak) eta errepertorio politiko berritzaileak esperimentatzea XXI. mendeko herrigintzaren dimentsio inportanteak dira. Mundua bestela narratu behar dugu. Izan ere, erabaki konplexuen aurrean, joera dugu itxiera, bihurgune administratiboak, argudio teknikoak edota diskrezioa hobesteko, baina hobe da zaurgarritasunean hezi, eta inklusioa edota deliberazioa sustatu.
Politikagintzaren kolapsoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu