Espainiako estatuan hizkuntza minorizatuak legez koofizialak bihurtu direnetik, euskara, katalanera eta galizieraren arazoa politizatu nahi izatea leporatzen dietenazio minorizatu bakoitzeko indar abertzaleei Espainiako alderdi ohikoek, PP eta PSOEk alegia.
Munduko edozein konstituzio irakurtzen badugu, bertan hizkuntzaren ofiziala edo koofizialak zeintzuk diren idatzita dagoela ohartzen gara. Konstituzioa estatu- nazio bakoitzaren oinarri politikoa den ber, ahoan bilorik gabe politika eta hizkuntza arazoak loturik daudela esan genezake. Estatu batean erabiltzen diren hizkuntzei dagokienez, bi muturreko jarrerak aurkitzen ditugu. Hoberena da estatuaren eremuko mintzaira guziei ofizialtasuna onartzen dieten konstituzioa, hala nola Suitzarena. Txarrena besteei kaltea eraginez hizkuntza bakar baten onartzen dutenak, Frantziakoa naski. Kasu bietan, nola Suitzaren jarrera baikorrean, hala Frantziaren eredu ezkor eta kaltegarrian, ekintza edo egin molde politikoak direla aitor dezakegu. Bien artean Belgikaren kasua dugu; estatu horren eraiki zutenetik, Flandriako abertzaleen lanari esker, Flandriako hizkuntza nahiko berreskuratua izan baita. Hasieran frantsesa Belgikako estatu hizkuntza ofizialtzat ezarri edo inposatu nahi zutenetik, gaurko egoera lortu arte hizkuntza-politika eraginkor bat beharrezkoa izan da.
Frantziako Iraultzaz geroztik jakobinoek hizkuntzen aniztasunaren aurkako diatribek mami politiko bat bazuten, askok uka duketen arren. Duela hamarkada batzuk, Bordeleko auzapeza zen Chaban Delmas jaunak, hiri honetako kultur zentro baten inaugurazioaren egunean esan zuen gauza gorrototsua zela kultura, hizkuntza eta politikaren nahastea. Hori esaten zuen, dudarik gabe, Bordelen eta Akitaniako herrialdean aritzen ziren euskaltzale eta okzitanitzale taldeei buruz. Baina ahanzten zuen auzapez horrek Frantziako eskoletan bertako hizkuntzaz mintzatzea ekintza politiko zapaltzaile bat zela aitortzea.
Baina gaurko garaietara itzul gaitezen. Maiz entzun dugu jelkideek eta ezkerreko abertzaleek euskara tresna politiko bat bezala erabiltzen dutela. Gauza normala dela ezin dute ulertu alderdi espainolistek? Ezin dute ulertu abertzaletasuna edozein herri zapaldutan bertako hizkuntza eta kulturaren berreskurapenean datzala, askapen politika borroka baten ondoan? Frantziako gobernuak ikastolen aurkakoak, euskara koofiziala izanen zela erabakitzeagatik Uztaritzeko Udaletxeari auzi baten egitea, eta Urquijo jaunak euskara akta ofizialetan erabili izateagatik kereilak aurkeztea ez ote dira hizkuntza eta politika lapiko txarrean sartzea?
Orain arte euskaltzale gehiengoa alderdi abertzaletako kideen artean aurkitzen baziren ere, nahiko pozgarritzat jotzen dut Laura Garrido PPko kidea eta Idoia Mendia Espainiako sozialista, beste batzuen artean, euskaraz ari izatea. Baliteke oportunista izatea haien euskaltzaletasuna, baina aurrerantz egindako pauso bat delakoan nago. Horrela, ezin dute esan beste PPko eta PSOEko euskotar erdaldunek euskara sekta politiko baten hizkuntza dela.
Nazio menperatu bakoitzean hizkuntza-politika bertako hizkuntza baztertua berreskuratzean datza, mintzaira menperatzailearen mailara iritsi arte. Eta horrek ez du independistak ez diren alderdien parte hartzea baztertzen. Har dezagun Puerto Rico uhartearen adibidea; espainiera ofiziala bihurtu da herrialde honetan, eta denek, independistek, statu quo aldekoek eta federalistek hizkuntzen berdintasun hori onartzen dute. Zergatik ez Euskal Herrian, Katalunian eta Galizian?
Politika hizkuntza eta hizkuntza politika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu