Arnaldo Otegi askatu, politika askatu! aldarria entzun eta errepikatu dugu maiz euskaldunok azken sei urteotan. Hurrengo asteartean, urriaren 13an, izango dirasei urte, sei,Arnaldo Otegi bera, Rafa Diez Usabiaga eta beste zortzi kide atxilo hartu zituztela, orduan ere Madrileko Auzitegi Nazional hura tresna, orduan ere Baltasar Garzon epaile makurraren aginduz.
Caceres urruneko kartzela hartako txaboloan ikusi nituen, gaueko telebista-albistegian, esku lotuta zeramatzatela, polizia kaputxadunez inguratuta. Berehala hedatu zen komunikabide guztietan Estatuaren propaganda-ildoa: heriotza kolpea zela hura, libre gelditzen ziren azken arduradunak zirela, hortik aurrera ez zela gehiago ezker abertzalearen ordezkari politikorik izango kalean libre.
Modu horretan nabarmentzen zen Estatu espainiarrak azken hamarkadetan duen helburu obsesiboa: politikaren eremua Trantsizioaren Estatu horretaramoldatzen diren indar eta ordezkarietara murriztea, muga horiez haratago alternatiba zehatzak eskaini nahi dituzten indarrak modu batean edo bestean birrinduz. Helburu horren atzetik ari ziren orduan, motibazio berberaz jokatzen dute gaurKataluniako prozesu demokratikoa errotik zapuztu nahi dutenean, edota gurean gatazkaren konponbiderako zutabeak, behin eta berriro, blokeatu eta kolpatzen dituztenean.
Joan dira sei urte atxiloketa haietatik, eta politika-bideak berrasmatzeko erronkak irekita dirau une honetan. Arnaldo Otegiri, Rafa Diez Usabiagari eta orduko atxilotuei zor diegu, neurri handi batean, politika-bideak Euskal Herrian berrasmatzeko ahalegin erraldoiaren lehen arnasa, lehen bultzada hura, Estatuaren plan ilunak, neurri batean bederen, desaktibatzea lortu zuena. Haiek kartzelan diren bitartean, sei urteotan, bide berrietatik ekin diogu eta pauso ikusgarriak eman dira: Sortu erakundearen sorrera bera; zer esanik ez, Euskal Herria Bildu koalizioaren antolaketa eta ondorengo emaitza arrakastatsuak; Iparra-Hegoa lotura estrategikoak eta Iparraldearen aitortzaren aldeko mugimendu zabala; Nafarroako aldaketa-zikloaren hasiera; herri-mugimendu zibil eta zabalen aktibazioa dira Euskal Herrian politika askatzeko bide horretako mugarri batzuk.
Ez dira, hala ere, nahikoak izan. Euskal Herriko politika askatzeko bide horretan gainditu beharreko trabak ad extra eta ad intra ere badirelako, kanpotik jarritako trabak bai, baina etxe barrukoak ere hor direlako.
Lehenak, ad extra jarriak errazak dira identifikatzen. Estatu espainiarrak lehengo estrategia zaharrari eusten dio, bide guztiak blokeatu eta kolpeak nonahi jo, modu horretan etsipenera eramango gaituelakoan. Estatu espainiarrak Estatufrantziarra berekinbat eginda daukala dirudi, estrategia horren laguntzaile. Baina ez dira bi estatu horiek bere kontu hutsean ari, gaur egungo Europar Batasuna dute aterpe, aingura eta babesleku, nola politika neoliberal gordinenak eta menperatzaileenak inplementatzeko orduan, hala Estatu bakoitzak bere barnean prozesu demokratikoak indarrez eta itxikeriaz itotzeko lanean.
Bateragune kasuari berari begiratuz, ulertezina da, bestela, etxe barruan zeinnazioartean hedatu den salaketa zein elkartasun kanpaina zabalari muzin eginez, Estatu espainiarreko erakunde guztiek Arnaldo Otegiren eta gainontzeko kartzelaratuen zigorrei eutsi ahal izatea, epaitegi guztietatik pasa etabakoitzean giltzarrapo berria jartzea, bai Auzitegi Nazionalean, bai Auzitegi Gorenean, bai Auzitegi Konstituzionalean, kartzelan segi dezaten luzaro eta isilik. Hori, eta modu orokorragoan, euskal presoekin eta senideekin daramaten eskandaluzko politika ezingo lukete goi agintari eta botere faktiko komunitarioen konplizitaterik gabe mantendu.
Politika askatzeko prozesu horiek dituzten kanpo-trabak, Estatuek edota Europar Batasunak berak jarriak, argi nabarmendu dira azken hilabeteotan Europan ezagutu ditugun hiru gertaera hauetan: Greziaren krisiari alde desberdinetatik eman zaion erantzuna; errefuxiatuen etorrera Europara eta bertoko agintarien jarrera; Kataluniako prozesu demokratikoa eta alde desberdinen erreakzioak. Azken hau aipatuko dut orain, ez soilik kanpo-trabak, nahiko agerikoak berauek,baizik gure etxe-barruko arazo, oztopo eta mugak agertzeko eta zuzentzeko baliagarria eta pedagogikoa izango delakoan.
Kataluniaren ispiluan begiratzen badugu geure burua, errazago ikusten dugu non dauden gurean politika askatzen oraindik uzten ez diguten korapiloak. Ariketa pedagogikoa ondoko hau: Kataluniako norengan ikusten du euskal alderdi, indar sozial edo banako bakoitzak erretratatua bere burua?Norekin parekatzen da han EAJ? Eta norekin Sortu? Eta EH Bildu? Edo ELA? Gure Esku Dago, non?
Naziogintza demokratikoa sistema sendo bezala eratzeko eta estatugintza alternatiba egingarri egiteko estrategia falta nabarmena da gure indar politikoen eta sozialen artean. Hurbilenetik hasita, uste dut ezker abertzalean asmatu dugula Estatu espainiarraren hesi hilkor horren gainetik salto egiten, baina ez dugu oraindik etxe barruan politika askatzeko egitura eta praktika egokirik sortzen asmatu. Koalizioan jokatu dugunean ere, begirada eta ekinbide estrategikoaren ordez, hegaldi laburreko politika lehenetsi dugu maiz, bai helburuetan, bai alboko indar politikoekiko harremanetan, mokoka arituz, balizko hegemonia elektoral baten atzetik. Hortik ez dugu ezer irabazi, eta bai aukerak galdu.
Politika zentzu zabal eta sakonean askatzeko garaia da. Euskal Herria askatzeko estrategia partekatua behar dugu, gure herriari nazio antolaketa demokratikoa emango diona. Estatugintza eratu behar dugu, gizarte erakunde zibilei protagonismoa eman; alderdien bizitza demokratikoa bermatuz, politika parte hartzailea gauzatu. Bateragune demokratikoak, etxetik hasita.
Politika askatu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu