Poesia gaur ere mailu bat da

2013ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Gabriel Aresti poetaren Harrizko herri hau liburuaren jatorrizko eskuizkribua itzuli diote familiari Arantzazuko frantziskotarrek. Eta Aresti aipatzen den orotan gertatzen zaizun gisan, gogora datorkizu hamahiru urteko ikasle batek emandako erantzun xelebrea, Tafallako Ikastolan irakasle zinela: ikasle horrek Gabriel Aresti poetari azterketa batean izena aldatu eta Garesti idatzi zuen, puntua ahaztuta.

Xelebrekeria gorabehera, Arestiren liburu bat hartzera zoaz: ez da Harrizko Herri Hau, Harri eta Herri baizik. Nolanahi, liburu hori gutxi gorabehera erditik zabalduta, ausaz, bigarren partearen T letra duen olerkia irakurri duzu: «Argia / ezta / ikusten». Eta paradoxaren harago joanda, gaur egungo egoerara zakartza olerki txiki ederrak, eta Nafarroa Garaian —oraindik— presidente den Barcina ze ustela den batzuek ez dutela argi ikusi —edo ez dutela ikusi nahi—. Olerki honek —eta onek— badu —eta badute— gaurkotasunik.

Orrialdea pasata, U letra duen olerkiak diosku: «Hobe / egia biribil bat / ezen ez mila gezur / ongi koadratu». Eta honek ere berriz lotzen zaitu gaurkotasunari, eta Barcina andreari poema hau ozenki aurpegira botatzeko gogoa damaizu, bere azal gogorrean hitzezko beste tarta gozo-gozo bailitzan. Eta ohartzen zara ze indarra duten olerkari honen —eta onen— hitzek.

Hori du on literatura onak: denbora aurrera joan ahala ere, indar bizi-bizia dakarkiola irakurleari, eta gaur goizean idatzita balitz bezala sentiarazten. Orrialdeari jarraiki, U-ren segidan V poema ezaguna dakusaku: «Esanen dute / hau / poesia eztela, baina nik / esanen diet / poesia mailu bat / dela».

«Poesia mailu bat da, kontzientziak astintzeko tresna bat» zioen poeta bilbotarrak, eta mailuka ari zaigu oraindik ere —eta oraindik orain— Harrizko Herri Hau, 40 urtez Arantzazun ongi zainduta eduki ostean, gure Herria, gure Harrizko Herri Hau, hemen izan, izaten eta izanen dela aldarrikatuz, Barcinaren aurpegi gogorra baino gogorragoa izaki. Barcinaren murrizketak geldiarazteko, herriaren harria, ukabila, harri-orri-har umeen jolasean bezala, gauza jakina baita guraizeek mozten dutela papera, baina ukabilak, harriak, menderatzen dituela guraizeak.

Baiki, Arestiren poesiak inoiz baino gaurkotasun handiagoa dauka eta, gainera, batere garesti ez: Gabriel Arestik berak diosku: «Nire poesia oso merkea da / herriaren ahotik / hartu nuen debalde, / eta debalde ematen diot / herriaren belarriari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.