Pobretu nahi gaituztenei aurre egiteko, azaroaren 19an kalera

2022ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Pobreziaren aurkakonazioarteko egunean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun sindikatu eta eragileok dinamika berria iragarri genuen, Pobreziari stop! Bizi baldintza duinak eta prezioen kontrolalelopean. Askotarikoak gara Karta osatzen dugun eragileak, errealitatea aztertzeko begirada anitz ditugu, eta egungo egoerari aurre egiteko kasu askotan proposamen desberdinak ere. Izaera hau, ahultasuna baino gehiago, bertute dela deritzogu, elkarrekin urratsak egiteko konbentzimenduak gure indarrak biderkatu egiten dituelako.

Oinarrizko adostasunak biltzen ditugunez, sendoak dira hauek. Sinetsita gaude, saltzen digutenaren kontrara, langile eta herritarrok bizi dugun prekarizazio eta pobretze prozesua ez dela fenomeno meteorologikoa, erabaki politikoek eragindakoa baizik. Are gehiago, jakin badakigu aberastasunaren banaketa injustua ez zela pandemiarekin hasi, ezta Ukrainako gerrarekin ere, lehenagotik datorrela.

Egiturazkoak diren krisien ondorioak bizitzen ari gara; zaintza lanak pribatizatu dira emakumeon bizkar utzita, planetaren muga biofisikoei so egin gabe hazkunde amaigabearen mantran oinarritutako produkzio, banaketa eta kontsumo ereduan sakontzen ari da, eta aberastasuna geroz eta esku gutxiagoetan pilatzen jarraitzeko erabakiak hartzen ari dira. Ez da ezer berria, baina azken hilotako gertakariek egoera azkartu eta larriagotu egin dute.

Inflazioaren gorakadari, langileon eta herritarron diru sarrerak eta beharrezkoak ditugun zerbitzu publikoak murriztuz erantzun nahi dio kapitalak, langile klasearen pobretze prozesua areagotuz. Europako Banku Zentralak interes tasak igo ditu, Madriletik hartutako neurriak epe laburrekoak eta eznahikoak dira, eta Urkullu eta Txibiteren gobernuak ez dira erabiltzen ari indarrean dauden eskumenak herritarren bizi baldintzak ziurtatuko dituzten politikak egiteko. Finantza sektorea, oligopolio energetikoa, patronala eta oro har elite ekonomikoak dira gehiengoaren pobretzea eragin eta egoera honekin etekinak pilatzen ari direnak.

Panorama honetan, errezeta magikorik ez, baina bai eraginkorra den proposamena: kalean mobilizazioak indartu eta erroko aldaketa eragiteko alde anitzetako aliantzetan sakontzeko unea dela uste dugu. Bide-orri integralak beharrezkoak dira, orain arteko lehentasunak aldatu eta langileon, emakumeon*, pertsona migratu edota arrazializatuon eta planetaren zaintza eta interesak erdigunean jarriko dituztenak.

Sei aldarrikapen nagusitan bildu dugu gure proposamena: langileon lana duintzeko neurriak, tartean 1.400 euroko gutxieneko soldata eta 1.260 euroko gutxieneko pentsioa; baita zaintza lanak aitortu eta banatzeko zein soldata eta pentsio arrakala amaitzeko politikak ere; energia eskubidea ziurtatzeko sektorearen kontrol publikoa, produktuen prezioen mugapena eta trantsizio ekologikorako bide-orria; osasungintza, hezkuntza eta oro har zerbitzu publikoen defentsa; etxebizitza, herritartasuna, elikadura edota garraiorako oinarrizko eskubide eta behar materialen bermea; bakea eta burujabetza. Horiexek elkarrekin borrokatzeko gida lerroak.

Hasi gara bidea egiten, eta azaroaren 19an, larunbatean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarekin zein beste eragile eta sindikatu batzuekin batera kalean elkartuko gara aldarri hauen defentsan. Zatiturik eta otzan nahi gaituzte, datorrena onartzeko besterik ez dugula sinetsarazi nahi digute, baina elkarrekin eta bidea partekatuz merezi dugun etorkizuna borrokatu dezakegu. Ez hutsik egin!

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE SINATZEN DUTE: Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako kide Gotzone Sestorain Zabaleta, Manu Martinez Agirre, Marije Etxebarria Ezpeleta, Jabier Saenz Sanchez, Elene Lopetegi Olea eta Leire Gallego Lopez de Goikoetxea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.