Gosari oso bat auzoko taberna batean. Horixe ordaindu nion anaiari bozkatu zuen lehenengo aldian. Azken urteetan, hainbeste hauteskunderekin, tradizio bihurtu da auzora igo eta kuadrilla erdiaren gosaria ordaintzea. Sumatzen dut PSE-EEren alde bozkatu zutela, auzo erdiak bezala. Behin, Pablo Iglesiasek auzoan mitin bat eman zuen urtean, gosariaz paso egin eta bozkatzera joan ziren errefortzu barik. Badut irudipena urte horretan ikusiak sentitu zirela. Aurten, ordea, etxean geratu dira. Auzora etorritako horiek ez zaizkie jada interesgarriak iruditzen, eta pandemiak nagikeria sortu die. Baten bat EH Bildura pasatu da, eta eskuina, oro har, arrotza egiten zaie. Denek 30 urte baino gutxiago dituzte.
U-12ko lerroburu nagusia, dudarik gabe, abstentzioarena izan da, baina badago azpititulu bat: errenta txikiko auzoetan abstentzioa handiagoa izan da. Alegia, aberatsek pobreek baino gehiago bozkatzen dute. Kontua ez da berria, egiturazkoa baizik. Hauteskunde orokorretan hala gertatu zen, eta eredu errepikakorra da Europa osoan; beraz, ez da pandemiaren kontua. Pobreek urteak daramatzate gutxiago bozkatzen. Kitto!
Oro har, zenbat eta kapital kultural txikiagoa izan, orduan eta txikiagoa da politika konbentzionalean dagoen parte hartzea, eta agerikoa da auzo pobreetan ikasketa maila baxuagoa dela, behintzat belaunaldi zaharrenen artean. Auzo periferikoetan, jendeak instituzioekin duen egunerokoa oso burokratizatuta dago, oso lengoaia kodifikatuarekin eta estigma sozialez beteta. Normalean, instituzioek ez dizkiete beren beharrak konpontzen.
Ez dira alderdiak urrunak eta zorrotzak egiten zaizkienak, erakunde publikoak beraiek baizik. Batzuetan gertatzen dena da, ordea, alderdiek erakundeen forma konplexu eta kodifikatuak erreproduzitzeko joera dutela —bai beren egunerokoan, bai kanpainan—. Eta horrek, azkenean, baldintzatu egiten du, uste dugun baino gehiago, botoa ematea ala ez. Beste batzuetan, arrazoia sinpleagoa da. Batzuek ez dute botorik ematen boto eskubiderik ez dutelako, eman behar zizkieten lau ordu libreak eman ez dizkietelako, edo, besterik gabe, leher eginda atseden hartu behar dutelako. Jende hori ez da bizi errenta handiko auzoetan, eta igandeetan lan egiten du.
Ez da politikarekiko desatxikimendua, ezta lengoaia politikoaren ulermen falta ere. Izan ere, auzo pobreetako tabernetan zerbaitez hitz egiten bada, politikaz eta ekonomiaz hitz egiten da, batez ere diruaz. Ez da buruzagi politikoekiko identifikazio falta ere, ezta proposamenekiko urruntasuna ere. Erakundeekiko neke orokorra da. Pobreak etxean geratzen dira behar dutena iritsiko ez den sentsazioa — eta segurtasuna— dutelako, behintzat behar duten urgentziarekin. Gainera, gutxitan parte hartzen dute haiei zuzendutako eskaeraren definizioan. Konbo perfektua etxean geratzeko.
Pobreek gutxi bozkatzen dute. Egia. Baina aberatsek eskuinaren alde bozkatzen dute. Paseo bat besterik ez da eman behar Neguritik, Mendizorrotzatik edo Aietetik. Pandemian, abstentzioa desberdina izan da, eta zaharrak izan dira, batez ere, etxean geratu direnak. Belaunaldi gazte pobrea eta prekarioa, baina kapital kultural handiagoa duena eta teknologiarako eta informaziorako sarbide normalizatua duena, batetik; eta komunitate berri bat, diru gehixeago duena baina gentrifikazioagatik auzo periferikoetara joan dena, bestetik: horiexek izan dira aurten botoak eman dutenak.
EH Bilduren garaipena Bilboko San Frantzisko eta Gasteizko Abetxuku langile auzoetan, eta Gipuzkoako Lasarte-Orian: horra hor aurtengo sorpresak. Badirudi belaunaldi berriek ezker independentistaren aukera erakargarri ikusten dutela, eta horrek lekuz aldatzen du ardatza. Gainera, ideia hori indartu besterik ez du egiten Otxarkoaga bezalako gotorleku sozialista batean bigarren indarra izateak eta langileen auzo berrietan —Zabalganan eta Salburuan, kasurako— berriz ere aukera gogokoena izateak.
Baina pobreek boto gutxi ematen jarraitzen dute; beraz, ez da nahikoa aldaketa gauzatzeko. Hortxe baitago arazoa. Euskal Herriko ezkerrak —Espainiakoa nahiko subsidiarioa da— oraindik badu lana; handia, gainera. Klase diskurtsoa indartuz, zentral bihurtuz, agenda politikoan txertatuz eta langile tradizionalaren eredura (txanpiñoi langile zuria) ez mugatuz soilik lor dezake bere oinarria zabaltzea. Auzo pobreak ez erromantizatzea eta mitinero den klase diskurtso hutsa ez sortzea ere funtsezkoa da.
Oinarrizkoa dirudien arren, auzo pobreak askotarikoak dira, eta iruditegi homogeneizatu bat sortzea kaltegarria izan daiteke. Ezkerrak langile auzo fetitxeak sortzeko mania du, borroka ibilbide historikoa dutenak; baina auzo pobrea definitzen duen bakarra zera da, bertan pobreak bizi direla. Sinple-sinple. Mitifikaziotik eta fetitxizaziotik urruntzea ezinbestekoa da, bidean indarra ez galtzeko, auzoen arteko hierarkiak eta lehiak ekiditeko, eta eskuinak onura atera dezakeen leku ahaztuak ez elikatzeko. Jakina da eskuina dela haserrea ondoen kapitalizatzen duena, baita auzo pobreetan ere. Eta haserrea orain sobran dugu.
Gainera, ezkerrak datozen lau urteetan gobernuarekin zer-nolako harremana duen, horrek aski markatuko du auzo pobreen ezkerrarekiko identifikazio sentimendua. Proposamen sozioekonomiko antagonikoetatik polarizatu edo gutxieneko akordioak adostu. Hortxe dago gakoa. Ezkerrak pobreen beharra du, eta pobreek ezkerraren beharra dute ezinbestean. Ezkerra auzoetan egotea eta pobreak alderdien zerrenden parte izatea oraindik kostatzen ari da. Lasterketa luzea eta motela da, baina auzo horietan dauden larrialdiek ezin dute itxaron, eta krisia gogorra izango da. Dena dago jokoan.
Pobreak, abstentzioa eta ezkerra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu