Piztia, olatuei atzaparka

2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Euskal Herriko gatazkaren konponbide prozesua geldirik, impasse-an dagoela irakurri berri dugu, berriro ere, Madrilgo analista politiko ustez zorrotz baten luman. Prozesu horren protagonista nagusiak «ez dira ari etxeko lanak egiten», dio, lehenengo eta bat Ezker Abertzalea eta ETA aipatuta. 2011ko urriaren 20tik honakoa ur geldoa da, bere ustez.

Bake prozesuaren benetako egoera aztertzeko baino, geldotasuna irudikatzeko eta kontadorea berriro ere hutsetik abiatzeko gogoa antzeman daiteke, ordea, behin eta berriro impasse ditxosozkoa aipatzen dutenengan. Zeren, azken urtean gatazkaren konponbidearekin lotuta egon diren gertaera nabarmenen egutegia marraztuz gero, inondik ere ez dut ur geldorik edo ustelik ikusten. Aitzitik, bake prozesu integral hori sendotu nahi duten era guztietako eragileen olatu gero eta zabalagoa ikusten da, eta bere aurrean, trinko, estatu baten tresneria guztia bere esku duelako, baina era berean egoera berrira ezin egokituta, Espainiako estatua. Piztia, olatuari atzaparka.

Impasse-a eragin nahi dutenen gezurra da impasse-a Euskal Herriko gatazkaren konponbideaz ari garenean. Izan ere, 2011-2012 urte politikoari begirada azkar bat egitea nahikoa da egiaztatzeko inflexio puntu historikoa markatu duela.

Marrazten hasia zen aro politiko berriak lerro sendoa hartu zuen. Konponbiderako kontadorea martxan hasi zen. Harrez gero, eskubideak eta elkarrizketa erreklamatu ditu, behin eta berriro Euskal Herriko herritar masa zabalak. Urtarrilaren 7ko herri mobilizazioa ahaztuko ez direnetakoak da. Kolosala hitzak giza olatuaren dimentsioa hartu zuen.

Gatazka armatuak eragindako biktimez bilatu beharreko egia, justizia eta erreparazio osoa ere agenda politikoaren erdigunean egon da. Ezker Abertzaleak otsailaren 26an Konponbide haizea dabil dokumentuaren bidez, oraindik eraikitzeke dagoen bakerako bere posizionamendua eta konpromisoa berretsi zuen. «Beste biktimak», berriz, estatuen indarkeriek eragindakoak, plazara atera ziren, egia osoaren erreklamazioan , Egiari Zor taldean bilduta. Errail berean, oraintsu ezagutu da Glencree ekimena, alde askotariko biktimen arteko elkar-onartze eta enpatia ariketa isila bezain eredugarria.

Nazioarteko eragileak ere ez dira geldirik egon urte politiko honetan. Aietekoa ez zen izan ostera bakarreko bidaia-txartela. Espainiako gobernuari bakearen aldeko urratsak emateko eskaerak errepikatu egin dira: Aieteko bultzatzaileen zentzu berean mintzatu dira harrez gero, adierazpen instituzional formalen bidez, Idahoko Estatu Legebiltzarra, Europako Parlamentuko arku parlamentario osoko 67 ordezkari ohi, eta Espainiako estatuko 500 pertsonalitate.

Konponbide prozesua sendotzeko urratsen artean aipagarria da ere ekainaren 2an EPPK-k eginikoadierazpena.

Beraz, ezin esan urriaren 20tik hona ezer ez dela mugitu. Mugimendurik nahi ez dutenek diote hori, bidenabar.

Zeren, tamalez, mugitu, Espainiako estatua ere mugitu da. Baina atzerantz. Zapatero-Rubalcabaren gobernuak bere azken asteetan Euskal Herrian ireki zitzaion urrezko aukerari muzin egin zion, Aietetik eta ausardia politikotik urrun. Bateragune auziko bost politikarien kontrako sententziarekin ireki zen Espainiako estatuaren kurtso politikoa, errepresio klabean, nola bestela...

Azaroan PP gehiengo absolutuz jantzia iritsi zen Moncloara, eta lehen asteetako epea igarota, laster hasi zen erakusten Euskal Herriko bake prozesuarekiko hartuko zuen jarrera: usteltzen uzteko ahalegin immobilista lehenengo, eta atzerapausoak gero, konponbidearen kontrako estrategia, bete-betean: Auzitegi Konstituzionalaren aldetik 197/2006 dotrinaren berrespena, atxiloketak,espetxe politikaren gogortzea....

PPren gobernuak PSOE eta PNVren sostenguarekin diseinatutako bakearen kontrako agendan, ordea, bi ustekabeko argi gorri piztu dira epaitegietatik azken hilabetean. Epaile bakar baten aldearekin izan bada ere, Sortu legeztatu egin dute, eta hamar urteko ilegalizazioen aroaren amaieraren hasiera markatu du. Eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, Estrasburgok, Espainia jipoitu egin du, Parot doktrina deritzona eskubide urratzailea dela ebatzita. Kasu batean zein bestean, piztiak atzaparkada oso urduriekin erantzun du: Sorturen legeztapena ez du begiko izan, eta berehala Bildu eta Amaiurren kontrako ilegalizazio mehatxuak bota ditu, ridikuluaren marrak ukituz, bost presoren inguruko dokumentalaren subentzioa eraso duenean bezala. Estrasburgoko epai bati, berriz, espainiar estilo peto-petoan erantzun dio PPk: «Ez dugu beteko», paparra aterata. Baina oilar-hizkera hori ez da ulertzen Europan. Honez gero, jakin beharko lukete.

Urte politikoaren errepasoa eginda, beraz, geldotasuna ez beste edozer irudika daiteke. Ez, ez dago inolako impasse-rik. Konponbiderik eza nahita eta indarrez bilatzen duen estatu batdugu aurrez aurre, inolaz ere geldirik ez dagoena. Piztia atzaparkari eta arriskutsua, areago kaos egoeran dagoen estatua izanik. Euskal Herrian, berriz, jendarte osoarentzako onuragarria izango den konponbide demokratiko justu, integral eta behin betikoa nahi duen jendetza, askotariko jendetza, gero etazabalagoa.

Jendetza horretatik asko eta asko, gainera, indarrak biltzearen eta artikulatzearen aldeko olatua osotzen doaz, goaz. Eta urte hau ez da, horretan ere, ur geldoaren urtea izan, olatuarena baizik: ezkerreko indar independentisten batura izan da ordezkari gehien lortu duena Madrilgo Kongresu arrotzerako; EHBai koalizioak inoizko emaitza onenak lortu ditu, Ipar Euskal Herrian etorkizunez betetako aukera marraztuz; Ipar eta Hegoaldeko bost indarren arteko elkarlan estrategikorako konpromisoa sinatu da, eta bertatik eratorri da EHBildu, Hego Euskal Herrirako erronka politiko nagusiak lideratzeko aukera bezala. Nazio mailako instituzionalizazio prozesua berriro abiatu da, Udalbiltza berrosatu eta indartzeko lehenengo urratsak emanda.

Eta hau hasi baino ez da egin... Mugimenduan, gogotsu, indarrak bilduz hazten ari den olatuari alperrik ari da atzaparka piztia. Eragingo dizkigu zauriak, hori seguru, baina herri indarraren uretan itotzear da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.