Ekainak 28, ostiralarekin, Gasteizko Legebiltzarreko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordearen gai zerrendako aurreneko gaia: Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren agerraldia. Agerraldiaren xedea zen Hizkuntza eskubideen egoera 2012 izenburuko txostena. Printzipioz, euskara hizkuntza ofizialetako bat duen Legebiltzarrerako gai interesgarria zitekeela zirudien. Zitekeela diogu Legebiltzarreko talde gehienek jarrera oso laidogarria erakutsi zutelako. Talde Mistoko legebiltzarkide bakarra ez zen agertu eta EAJ, PSE-EE eta PP alderdietako legebiltzarkideak zalantzaz eta, askotan, gutxiespenez hartu zituzten azalpenak eta Behatokiaren ordezkariak.
Legebiltzarreko ohiko kortesiatik harago PPko eta PSE-EEko legebiltzarkideen zakarkeria nagusitu zen Behatokiaren agerraldian. Harrokeria eta irainak jasan behar izan genituen. Fanatismoa, talibanismoa eta Behatokia gezurretan ari zela entzun behar izan genuen. Arartekoak Legebiltzarrerako 2012ko urteko txostenean hizkuntza eskubideen urraketa kasu batzuk aipatzen ditu, gehienak euskaldunei gertatutakoak. Bi bereziki lazgarriak aipatzen ditu, bat osasun zerbitzuetan gertatutakoa eta beste bat epaitegietan; txostenean agertzen den moduan, 51 orrialdean, ekarri ditugu hona. Osagile elebakarrak herritarrari: «Espainieraz hitz egiten ez badidazu, atera zaitez hemendik edo segurtasun zerbitzuei deituko diet». Fiskalak salaketa jarri duen herritarrari: «Interpretea eskatu behar zenuen, aurreko epaiketako emakume txinatarrak bezalaxe». Dena den, Gasteizko Legebiltzarreko Batzordeko agerraldian ez ziren aipatu Arartekoarenak. Agerraldia, esan moduan, Behatokiaren 2012ko txostena aurkezteko zen.
Bai Elebidek zein Behatokiak, biek egiaztatu dute euskararen erabilerarako oztopo eta kexa gehiago 2012. urtean aurreko urteetan baino. Kexa gehiago biltzen dira urterik urte. Batzuek horren gaineko irakurketa baikorra egin nahi dute, hiztunek kexak lasaiago aitortzen dituztelakoan. Uler daiteke adierazi nahi digutela lehen baino salaketa gehiago bai baina ez dagoela lehen baino arazo gehiago. Izan zitekeen. Edozelan ere, datu ukaezina da kexa gero eta gehiago dagoela eta gertatzen diren guztiak ez direla salatzen. Elebideren eta Behatokiaren txostenetatik ondorio zuzena atera daiteke: euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketa ohiko gertaera da.
Itxura denez, euskaldunok normaltasunez onartu behar dugu gure hizkuntza eskubideen urratzea, gertaera naturala izango bailitzan, euria bezala edo. PPko ordezkariak lotsa gorritu gabe galdetu zigun: «Horren larria al da eskatzea 'gaztelaniaz esango didazu, mesedez?'». Larria ez da, noski, mesedez eskatze hori kortesiazko formula besterik ez da. Larria dena da euskaldunen hizkuntza eskubideak behin eta birritan urratzen direla. Harrokeriaz irrigarri utzi nahi dituzte hizkuntza eskubideen urraketa euskarari dagokionez; gaztelaniaren kasuan, ustez, gertatzen direnean, ordea, entzun behar zaie.
Gauza bat da Espainiako Konstituzioak derrigortzea (3. artikulua) gaztelaniaz jakin beharra, eta bestelakoa euskaraz jakiteko eskubidea; bai, asimetria onargaitza da. Baina PPko eta PSE-EEko ordezkari horiek iradoki ziguten euskaraz ez jakitea eskubidea dela. Nola da posible hizkuntza bat ez jakitearena eskubide mailaraino ekartzea? Justu alderantziz baita, euskaraz jakitea eta erabiltzea denon eskubidea da, baita haiena ere.
Kezkatuta gaude euskararen erabilera maila txikia delako. Baina nola eragiten du euskararenganako gutxiespenak eta hizkuntza eskubideen urraketak euskararen erabilera mailan? Euskaldunok, oro har, erabiltzeko aukeren arabera ahal dena baino askoz gehiago erabiltzen dugu. Hori egiaztatze enpirikoa da; euskara egoeraren araberako erabilera probabilitatetik harago erabiltzen dugulako.
Euskararen erabileraren auzia ez da, soilik, euskaldunen arazoa, batez ere, euskaraz ez dakitenen auzia da. Nola eragiten dute hizkuntza eskubideen urraketek euskararen erabilera mailan? Begien bistakoa da euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzen diren une orotan euskararen erabilera eragozten dela. Are gehiago, euskaldunen hizkuntza eskubideen urratzeak, haren gertatze soilak, adierazten du badagoela euskararen erabilera eragozteko eta murrizteko intentzioa.
Hori horrela, euskaldunon eskubideak urratzen diren bitartean, iraingarria da esatea euskara gutxi erabiltzen dela. Administrazio publikoaren berariazko eginkizunen bat edo erantzukizunen bat bada, hori da herritarren eskubideak aitortzea, defendatzea eta errespetatzea. Euskara gutxiago edo gehiago erabiltzea, noski, arazoa da, nola ez, baina nola emendatuko dugu euskararen erabilera euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketen kasuak gero eta gehiago direnean? Kontua da aitortutako hizkuntza eskubideak errespetatu behar direla, hiztunen eskubideak pixka bat urratzea beti gehiegi da eta.
Pixka bat gehiegi denean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu