Pipia eta euskal oasia

2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Eremu askotan nabarmendu eta iruzkindu dute eskuin muturraren populismoak ez duela lortu ordezkaritzarik EAEn, eta horrek esan nahiko luke, itxuraz, gure lurraldean sendoagoak direla balio demokratikoak, estatuan eta maila globalean sendotu diren jarrera autoritario eta baztertzaileen aldean. Hala ere, ordezkaritzarik ez izateak ez gaitzala engaina. Litekeena da luze gabe are arriskutsuagoa gertatzea eskuin muturrekoak ordezkaritzarik ez izatea, baldin eta oker pentsarazten badigu: alegia, uste badugu ezen, instituzioetan talde horiek garrantzi txikikoak direnez, ez dela izango halakoen baliorik eta kontraesanik ere. Egia da: tokian tokiko eta autonomia erkidegoko gure sistema politikoetan eskuin muturreko hautetsirik ez dagoenez, ez gara lotsatuko ikusirik eskuin muturrak nola guztiz urratzen dituen instituzioetan politika instituzionalak babestu beharko lituzkeen adostasunak: pluraltasuna, berdintasuna eta justizia.

Hala ere, gauza bat da hori, eta oso bestelako zerbait da pentsatzea gure erkidegoan ez dutela tokirik mugimendu muturrekoen erreakzioa egituratzen duten osagaiek. Badute eta. Gure lurraldea ere, ikusi ahal denaz harago, lurpeko ur lasterrek zeharkatzen dute, gainerako gizarteetan bezalatsu zeharkatu ere. Pultsio xenofoboa, zigor populismoa, pobreen gerraren logika eta erreakzio matxista —kasu honetan, mugatua, euskal aktibismo feministaren ahalmen pedagogikoari esker— existitzen dira gure lurraldean ere, gure elkarrizketetan, lanean egiten ditugun iruzkinetan, memeetan, kalean, eta beren lana egiten dute, mantso, ia ikusgaitz, baina ezin saihestuzko moduan. Neofaxismoa egituratzen duten osagai horiek guztiak (matxismoa, arrazismoa, autoritarismoa eta klasismoa) ziurgabetasunaz elikatzen dira. Buru askoko hidra baten moduan, ziurgabetasuna areagotu egiten da, besteak beste, globalizazioak eragindako bertigoaren bidez —hark dakartzan populazio eta belaunaldi aldaketen bidez—, neoliberalismoak sustatzen duen indibidualismoak eta bakartzeak erakarritako larritasunaren bidez, austerizidio politikek dakarten segurtasun faltaren bidez, ezagutzen ez den horri zaion beldurraren eraginez, babesgabeen lehiak nahitaez dakarren oldarkortasunaren bidez. Eta larritasun, ziurgabetasun, bakartze eta amorru hori—berriro diogu, eskuin muturrekoen balioen erregaia— benetakoak dira, egunerokoak eta etengabeak euskal biztanleriaren zati handi-handi batean, zeina oso urrun bizi baita —ongizate halako bat baduela jakinagatik ere— euskal instituzioek saltzen duten ongizate oasi fikziozko horretatik.

Argi dago ez arrazismoa, ez matxismoa eta ez klasismoa ezin direla legitimatu gure lurrean, arranoaren bandera altxatuta. Baina faktore horiek ezegonkortu eta desegituratu egiten dute, eta zenbait euskal hedabidek arduragabeki elikatzen dituzte egunero, morboaren bidez audientzia lortzearren —ikus nola tratatu duten, berriki, legez kanpo okupaturiko etxebizitzen gaia—, edo manipulazioaren bidez aurreiritzi batzuk legitimatzearren —nabarmena da laguntza sozialen kasua, emigranteen kolektiboari lotua, baita terrorismoari berari ere—. Horregatik, hain zuzen ere, frustrazioaren, ziurgabetasunaren eta haserrearen arteko nahasketa hori suzko koktel bat da, «herrialde» politiken eta jendearen premien artean desatxikimendu handia eta alde izugarrizkoa dagoen jokaleku batean. Halako eran, non litekeena baita edozein gertakarik haserre zigortzaile edo xenofobo bat aktibatzea, eta horrek gero, baldin eta muturrekoek bideratua bada, gure herrietako auzo mugimenduak zipriztintzea. Batik bat langile auzoetan, non desindustrializazioak kolapsatu egin baitu proletarioen nortasuna, eta gu-aren beste definizio baten bila dabilenaren sirena kantara lerraraz baitezake, norbere jatorrian oinarritutako horretara, eta ez larruazal kolore guztiak zeharkatzen dituen klase zapalkuntzan oinarriturikora.

Hala, bada, nahiko argi dago neofaxismoa ez dela sartuko gure udalerrietan hauteskundeen bidez, baina baliteke borroka ideologikoan gailentzea eta atzealdeko atetik sartzea: alderdi tradizionalek beren gain hartuta haren postulatuak. Ikusirik alderdi klasikoek gero eta zilegitasun txikiagoa dutela hondamendi neoliberala kudeatzen, eta ikusirik ez dagoela politika sozial eta fiskal ausartik, litekeena da tokian tokiko alderdiek sirena kanta muturrekoak besarkatzea eta «babesa» eskaintzea «segurtasun» aparatua —hots, kalitateko osasuna, kalitateko hezkuntza— desegina dagoen tokietan. Zilegitasuna eskuratzeko, frankotiratzaileak eskain ditzakete gure erkidegoak pipiak jota uzten ari diren gaitzak —hala nola ziurgabetasuna, itxaropenik eza, pobrezia eta segurtasunik eza— zigorrezko homeopatia autoritario baten bidez leuntze aldera. Horren ondorioz, baldin eta aurrerantzean ere epe laburrera begira eta balizko euskal ongizate bereizgarri horren ilusionismo horretan segitzen bada, litekeena da euskal oasiaren ikuskizunetako alfonbra gorrien azpian ezkutatzen den pipiak lanean segitzea, elkarbizitzarako zorua mantso-mantso janez, eta honelakoak ernaraziz: amorrua, ondoeza, herri patruilak, zigor eskeak, gu-ren definizio baztertzaileak eta gure herriko kaleak edertzen dituzten pintaketa zorigaiztokoak («etorkin gehiago» diotenak).

Hala behar izanez gero, oso litekeena da alderdi tradizionalak tentatuta egotea pipi estremistak bere ibilian uzten duen zoru usteletik elikatzeko, haren balioak eta diskurtsoak bereganatuz. Horregatik, bi konponbide bakarrik daude, epe laburrari begirako jokoa baztertzea galdegiten dutenak. Alde batetik, erantzukizunez eta marketin gutxiagoz aurpegi ematea gure gizarteen ondoezari; hura aintzakotzat hartzea, alfonbrak altxatuz, geure miseriak harrotuz, gero politika sozial berdinzaleak ezarri ahal izateko. Beste alde batetik, instituzioek babestu, aintzatetsi eta mimatu egin behar dituzte talde feministak, antirrazistak, berdinzaleak eta aurrerakoiak, horiek jartzen baitiote hesia pipiari. Sistema politikoak aukeratu egin behar du: espazio sozial eta komunitarioan zubiak marraztearen alde egiten dutenak aintzatetsi, edo lubakiak egiten dituztenak elikatu. Lur erre instituzionalak luzaroan jardun du sareak ehuntzera bideraturiko erantzun aurrerakoiak (esaterako, Kukutza) ezereztatuz eta zapalduz, eta horixe da lurrik emankorrena faxismorako. Litekeena da euskal alderdiek Voxekin ez eztabaidatu behar izatea, baina hautatu egin beharko dute: sufrimendu sortzaile den eredu hau aldatu eta gizarte justu bat nahi dutenak babestu eta zilegiztatu, edo epe laburreko jokoan segitu, behar izanez gero pipiaren diskurtsoa onartzeraino.

Eta onartzen badute, jakin bezate elikatzen aritu diren piztia horrek inolako beldurrik gabe irentsiko dituela.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.