Sentitzen dugu, baina berri txar bat eman behar diogu presidenteari:borroka iraultzailea bizirik dago, eta bizirik egongo da gatazka piztu zuten kausek bere hartan dirauten bitartean.
Bada Kolonbian ohitura zahar bat, gerrillari talderen bat desmobilizatzea lortzen duen bake prozesu partzial bakoitzaren ondoren betetzen dena: erregimenaren kontrako matxinadaren zilegitasuna amaitutzat emateko ohitura, hain zuzen. Halaxe gertatu zen, adibidez, 1991ko konstituzioari bide eman zioten desmobilizazioen ondoren, eta halaxe 2016an ere, FARCekin egindako bake akordio polemikoaren ondoren.
Errepublikako presidentea, Gustavo Petro, tradizio horri leial izan zitzaion militarrei esan zienean, jeneral eta almiranteen aurrean eginiko konferentzia magistral batean, ez dagoela matxinadarik, Kolonbiako bide eta oihanetan ez dagoela traqueto-ak besterik, hots, legez kanpoko ekonomiak kontrolatu nahian dabiltzan taldeak. Paradoxaz, gatazkari buruz hitz egiteko darabilen kontakizun garaikidean ere etengabe agertzen dira matxinadaren kontrako aspaldiko borrokako jargoiaren zipriztinak—esate baterako, nekazarien eta indar militarren arteko aliantzaz mintzo denean—.
Gure ustez, ikuspegi hori okerra da, baina, batez ere, engainagarria. Kolonbiako erregimenak, bizio kolonialen ondorengoa izanik, gutxi batzuen eskuetan pilatzen du boterea, indarkeriaz erasotzen dio auzitan jartzen duen orori, eta ondasunak pilatzen ditu gehiengoak gabetuz, oinarri gisa harturik elite horien menpeko hiruzpalau hedabide handik zabaltzen duten narratiba bat. Hain zuzen ere, erregimen horren ondorioak sufritzen ari da Kolonbia.
Juan Manuel Santosek lelo hau saldu zion munduari: FARC amaituta, akabo gaitza. Eta munduak atseginez erosi zion leloa. Santosek akordio luze bat sinatu zuen, literaturaz josia, hitzematen zuena zer-eta 1991ko konstituzioa betearaztea! Baina, tradizioari men eginez, paper errea izan zen akordioa, hura sinatzeko tinta lehortu orduko. Hau da, Alvaro Uribek herrialdeari etsai bakarra erakutsi ondoren, egin beharrekoa egina zegoen. FARCek bere burua entregatzeko negoziazioek zirauten bitartean, eliteak eta narkoparamilitarismoa —ezin daiteke bata bestea gabe ulertu— prestatzen hasi ziren gerrilla hark utzitako lekuak hartzeko, hain justu 2016aren bukaeran hitzarmena sinatu ondoren agudo utzi zituen leku haiek. Eta halaxe egin zuten, nahiz eta ELNren matxinada armatua aurrez aurre azaldu zitzaien eta gauzak ez zitzaizkien uste bezala atera. Poeta handi batek zioen bezala, berretsi zen ezen, Kolonbian, gerraoste baten ondoren beti hasten dela gerra bat.
Hortaz, Petrok hain ziur dioen moduan... bukatu al da boterea lortzeko borroka? Eginkizun bakarra zera al da: narkotrafikoari eta bestelako ekonomia legez kanpokoei gerra egiteko formatu berriak pentsatzea?
Sentitzen dugu, baina berri txar bat eman behar diogu presidenteari: borroka iraultzailea bizirik dago, eta bizirik egongo da gatazka piztu zuten kausek bere hartan dirauten bitartean. Hori ez da aldatu, erregimena sostengatzen duen ekonomia aldatuagatik ere. Errealitate hori ez onartzeak agerian uzten du edo itsukeria arriskutsu bat, edo benetako bake prozesu baterantz aurrera egitea galarazten duen negazionismo bat.
Erregimenak alimaleko indarkeria darabil, eta herriak askotariko eta ustekabeko moduetan antolatzen dira indarkeria horri erantzuteko; horren erakusgarri dira, hain zuzen, 2021eko eztanda soziala eta eztanda haren aurreko protestak, haren ernamuina izan zirenak. Gustavo Petro presidenteak zera galdetu behar lioke bere buruari: ea bere gobernualdi progresistan erregimenak aukera baliatuko duen bere moduak, diskurtsoak eta praktikak berritzeko. Kontuan eduki ezen, krimen antolatuaren kontrako borrokan, ultraeskuineko diskurtsoak atera ohi direla garaile eta, gobernuak lelo humanistak haizatuagatik, estatuaren aparatua gehiengoen etsai dela oraindik; izan ere, aparatu hori gaitzak jota dago: ustelkeria izugarria, zigorgabetasun amaigabea eta bere funtzioak betetzeko utzikeria. Guzti-guztia lege arkitektura perbertso batean oinarritua.
Ezin diogu Petrori eskatu egoera guztia aldatzeko; ez hari bakarrik, behintzat. Horregatik, ELNk eskaera bat egin du gobernuarekin bakeaz hitz egiteko mahaian: akordio nazional handi bat egitea, behar ditugun eraldaketak sustatzeko gai izango diren gehiengo batzuk sendotuko dituena. Badakigu halako eraldaketak ez direla egun batetik bestera egingo, eta badakigu erregimenak bortitz defendatuko duela bere burua, baina ekin beharra daukagu, oraintxe ekin ere.
Ulertzen dugu presidentea gauza batzuekin zapuztuta egotea; ulertzen dugu nolako arriskuei aurre egin behar dien eta nolako mehatxu politikoak sumatzen dituen ematen duen pauso bakoitzeko, baina eskatzen diogu saia dadila elkarguneak sortzen herrialdeak behar dituen aldaketak egitearen alde gaudenokin, lagundu diezagula gizartearen benetako parte hartzea sustatzen —ez parte hartze eszenikoa bakarrik—, eta uler dezala ezen, eskura dituen epealdi politiko errealetan, bake akordio integral eta zorrotz bat dela indarkeria estrukturalez eta eguneroko indarkeriaz nekatutako herrialde honi utz diezazkiokeen legatu printzipaletako bat.
Bide horretan, ELNrekin bat egingo du. Gure talde matxinatu, armatu eta errebeldea irrikaz dago boterea lortzeko norgehiagokaren historiaren amaiera ikusteko, baina oraindik ez da iritsi horretarako garaia. Denok ari gara boterea kendu nahian herrialdea dozenaka urtez odoleztatu duten familiei, taldeei eta inperioei. Ez badugu hori ulertzen, Kolonbiako botere faktikoa —ez Nariñoren Etxeak darabilen boterea— lehen bezalaxe geratuko da zure gobernualdiaren ondoren. Eta matxinatzea, presidente, aurrerantzean ere beti izango da herrien eskubide ezin kenduzkoa.
(Erredakzioan itzulia)
Petro edo nola amaitzen zaion historia... matxinadari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu