Pete Cenarrusa, adiskidantza baten bizipenak

Nekane Oiarbide
2013ko urriaren 11
00:00
Entzun
Zarautzen izan zen, eta gero Donostian, 1971. urteko abuztuan, Pete Cenarrusa eta Freda emaztea Euskal Herrira etorri zireneko lehen bidaian. Ez Dok Amairu eta Argia dantza taldeko kide batzuk joan ginen, Xabier Unzurrunzaga arkitektoak harrera moduan antolatutako festatxora. Egarriz zegoen hemengo berriak bertatik bertara ezagutzeko. Izenez-eta entzuna bagenuen ere, izanaren mailaz orduan hasi ginen jabetzen.

Egiten genuenaren berri zuzena izan zuen, kantagintza berria, zenbait dantza... Solasen bidez, Euskal Herriaren egoerarena, arlo guztietan gertatzen ari zen berpiztearena. Niretzat, bestalde, inoiz eten ez den harreman eta adiskidantza handi baten hasiera izan zen. Izan ere, hurrengo urtean, lan-ikasketak tarteko, Philadelphiara joan nintzen urte baterako. Ikasturtea amaituta, mendebaldera joan nintzen. Lehenik, Renora. Jon Bilbaok bere ordez lehen mailako euskarazko klaseak emateko eskaturik, ustekabean Bill Douglassek zuzentzen zuen Basque Studies Program dinamikan murgilduta aurkitu nuen neure burua. Yosy Tezuka, Eloy Placer eta Robert Laxalt ere lehen harreman interesgarri eta babesgarriak izan ziren niretzat; ondotik, euskaldungoaren inguruko beste hainbat. Eguberrietan, baina, Boisera joan nintzen, Pete eta Fredaren etxera. Eta, hain zuzen, han pasatutako asteetan mamitzen hasi zen gutarteko adiskidantza. Etxean sentitzen nintzen, hango euskal jendearekin ere bai; askoren artean, nola ez aipatu Miren Rementeria, Peteren idazkaria Capitolion izateaz gain, harekin batera, arnas-emaile nekaezina hango euskaldungoaren dinamikan. Asteburuetan Petek Careyn zeukan rantxora joaten ginen… hegazkinez, pilotu trebea baitzen (2. mundu gerlan ibilitakoa), eta oso gustukoa zuen Piper Twin Comanche hegazkin txikia pilotatzea.

Handik lau urtera, Pete eta Freda berriz etorri ziren Euskal Herrira, lehenengo aldian ezagututako bideak berriz jorratuz eta beste zenbait berri ezagutuz. Ni urte baterako kanpora joateko zorian nengoen, eta orduan beren etxerako gonbita egin zidaten. Pete eta Fredarekiko adiskidantza areagotzeaz gain, jada ezagutzen nuen giroan gehiago murgiltzeko aukera izan nuen. Giroaren muinean Euskal Herriarekiko kezka eta zubi-lana egitearen premia, kulturgintzatik jaietaraino… politikan barrena. Hain zuzen, Petek sustaturik, besteak beste, Dave Bieter eta Gloria Totoricaguenarekin batera, Euskal Herria aske izateko eskubidearen aldeko Joint Memorial 114 azalpen-mugarria, Idahoko Kongresuan aurkeztuz eta oniritzia jasoz, Washingtonekora eramatea lortu zuen, eraso, presio eta zailtasun guztien gainetik. Irakaspen ederra, hain beharrezkoak ditugun indar metaketa eta maila estrategikoari dagokienez.

Euskal Herrira etortzen zirenean Gernika hitzordu nagusia zen, noski, ahaideak, adiskideak... 1981ean Gernikako haritzaren kimu bat birlandatu zuen Boiseko Capitolioko lorategian. Gaur egun zuhaitz mardula da, Petek beti Euskal Herriarentzako eredu gisa aldarrikatzen zuen: haziz joan beharra dela askatasuna lortu arte.

Ez da unea zerrendatzen hasteko zenbat ekimenetan lagundu duen, baina ez nuke aipatu gabe utzi nahi, besteak beste, 1971n jada Errenteriako Orereta Ikastolako bazkide egin zela, Sartaguda-Lodosako Ikastola eskuzabaltasunez lagundu zuela 2001eko Nafarroa Oinez-en (hori dela-eta, berak ere jaso zuen oso maitea zuen Herria da gorputza, hizkuntza bihotza zilarrezko domina).

1989an Renon kokatu zen Euskal Artzainaren Monumentuaren alde ere lagundu zuen —Nestor Basterretxeak egin zuen—. Besteak beste Carmelo Urza eta bion ardura izatea suertatu zen sustapen eta kudeaketa lanean, besteak beste, Robert Laxalt eta Warren Lerude (Pullitzer price eta euskaldunen laguna zen Renoko kazetaria) nabarmendu ziren. Pete, betiere, hurbil eta lagunduz, artzaintza oso berea zuelako; izan ere, aita artzain moduan joana zen Ameriketara, eta bere rantxoan, artzain euskaldunek zaindua beti, artalde ederra zeukan.

Orain eta hemen, baina, ezin ahaztu Peteren heriotzak utzitako hutsa, eragindako mina. Aspaldi honetan, Fredak maiz ematen zizkidan haren osasun berriak. Azkenekoa izan zen larria —zure «aitari» (to your Dad) orduak besterik ez zaio geratzen… oso momentu larrian dago—. Handik gutxira, larriena, zendu zela. Oroitzapenak trumilka heldu zaizkit. Baina orain azpimarratu nahi nuke zeinen pertsona senzilloa zen, fermu bere iritzietan, atsegina eta oso eskuzabala. Funtsean, pertsona ona, ahaztu gabe haren umore zentzua eta barre bizigarria. Heziketan, amerikarra zen, jarduteko seriotasunean, besteekiko eta legeekiko errespetuan; bihotzean, euskalduna. Haren bizitzaren ardatz nagusia gure herriarenganako maitasun eta atxikimendua zen. Horretan beti erakutsi zuen lege eta arauen gainetik legitimotzat jotzen zuenaren alde jarduteko adore eta nortasuna, alderdikerien gainetik jarduteko gaitasuna. Beste irakaspen bat.

Pertsonal mailaz harago, hori da niretzat garrantzizkoena. Hasierako hango euskal dinamikan jardutea suertatu zitzaidala, zorte eta ohore handiz. Eta hor, nirean bezala, Estatu Batuetako euskaldungoaren erdigunean, muin-muinean, Pete zegoela… eta Freda. Emaztea baitezpadakoa izan baita beti Peteren ibilbidean, funtsezkoa Euskal Herriaren egoeraren konprensioan eta senarraren jardunean.

Euskal Herria beti egongo da zorretan Jose Mari Zenarruzabeitia munitibarraren eta Ramona Gardoki gernikarraren semearekin, gure «enbaxadore» maitearekin. Ni ere bai, zorte handia eta ohore handiagoa izan baitut Pete Cenarrusaren adiskidea izanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.