Pertzepzioa

2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Keari putz egin, eta ilunabarra egin zaio begietan. Betaurrekoetan islatzen zaizkio pantailako irudiak, argazki bat bestearen azpitik. Oporretakoak dira. Kanaria uharteak. Duela hilabete baino ez, eta zer urrun. Pozik ageri da, edo hori oroitu nahi luke, terrazako eta hondartzako irribarreetan. Gaueko mozkorraldiak ez ditu erakutsiko.

Horrela eraikitzen du gure pertsonaiak bere pertsonaia: bizitza disfrutatzen dakien norbait. Inor balego axola zaionik bestaldean. Gustatuko ote zaio, edo bakarrik sentitzeak eraginda egingo du klik, bueltan klik jasotzeko esperantzaz, bakardadearen kontrako antidoto delakoan. Like zuri ere. Choose Life, choose Facebook, Twitter, Instagram, and hope that someone somewhere cares.

Trainspotting 2 filmaren trailerrean, Rentonen ahotsak adikzio sozial aktualizatuak zerrendatzen ditu. Oraingoan ez da ari korrika ihesean, denda batean lapurtu dutelako. Lehendabiziko filmaren aldean, diskurtso helduagoa dakar. Eta patetikoagoa ere bai, iruditzen zaio gure pertsonaiari. Maitasunarekiko adiktu izatearen eta etorkizuna hautatzearen aldeko aldarria. Zer memelokeria klase da hori. Aukeran, gurago film originaleko manifestua. Sinesgarriagoa iruditzen zaio. I choose not to choose Life.

Gure pertsonaiak nostalgia die 1980ko hamarkadako jarrera eta estetikei, laurogeiko urteak bizi izan ez bazituen ere.

Pastillak ditu akorduan, droga sintetikoak lehendabizikoz noiz probatu zituen. Atzo balitz bezala. Trebol berdeak eta Mitsubishiak dantza pistan. Kuartoetan partekatzen zituzten lagunek: pastilla laurden ahora, batak besteari. Batzuetan muxuak janez elkarri. Geroago etorri zen MDMA, estasi are handiagoa ei zekarrena. Maitagarriago ipintzen zintuela, sentiberago, katxondoago ere bai, puruagoa omen zelako. Nork asmatuko zuen halako propagandarik? Sentsazioa du jendeari ez ziola ardura egiaz purutasunak: kolokatzen ez badu, hartu gehiago, eta hegaz egitera.

Kontua da, ordutik, estasia hautsean hartzen dela, ez pastilletan. Baina ez da sudurzuloetatik sartzen, anfeta edo farlopa bezala. Zergatik? Arrastorik ez. Atzamar punta busti eta miazkatu egiten da, gero kubatari trago bat emanda irensteko, garratza baitago eme hori, Madre Del Amor. Edo zuzenean trago barrura botatzen da, artxila murtxila, mozkorraren ondorioz ahaztu zein zen noren edalontzia, eta magia: ez zenuen hartu nahi, baina daukazun zorabioa ez da normala.

Ikasi al du jendarteak ezer arriskuen prebentzioari buruz.

Nori bururatuko zitzaion edalontzira botatzearena estreinakoz. Bortxatzaileren bati agian. Hautsa ez baita hobeto disolbatzen tragoetan, erdia alferrik galtzen da basoaren hondoan. Nola erritualizatzen dira kontsumoak XXI. mendean. Onena, edozein substantziarekin (zenbat dakien gure pertsonaiak), ipurtzulotik hartzea da, bai psikoaktiboki zuku gehien ateratzeko eta baita gorputzaren kalteak minimizatzeko ere. Baina hori ez du inork egiten.

Zer ahora, zer sudurretik, zer komunean, zer dantza pistan; zergatik, zerk motibatuta, ebidentziatik ezkutatzea ez denean arrazoi nagusi distortsio normalizatuen plazan.

Sudurzuloa zuriz eta begi-niniak puztuta, domeka eguerdiko poteoan eta herriko parke nagusian, guraso bat bere umeari mobila ematen bideoak ikus ditzan, eta esanez «bai, laztana, laster goaz etxera, baina orain utzi, lagunekin nago-eta txakolintxo bat hartzen». Gero eta gutxiago asaldatzen da gure pertsonaia halako eszenen aurrean. Zer egingo zaio, bada, errutina ez bada nahi bezain kitzikagarria. Zer egin, kontrara, egoera ez denean arnasa lasai hartzeko bezain aterpe eta babesleku. Zer ez hartu.

Hamaika leiho ditu zabalik alde batera ordenagailuaren nabigatzailean, batetik bestera jaramon erdi eginez honi eta hari. Twitterren irakurri du:

Hiru heroinazale ikastetxe publiko baten atzealdean txutatzen.

Xiringek bai, ematen diote higuina. Azala zulatzen irudikatzeak. Ikusi izan du inoiz, umetan, ziudadeko pasabide ilun baten, norbait, anonimoa, pertsonaia bat baino gutxiago, inor ez izaten. Gogorra egin zitzaion irudia. Gaur ere bai. Irudipena du bere besoa kalean zulatzen duenak handik pasatzen ari den mundu osoari esaten ari zaiola «banoa, zuengandik ez dut ezer jakin nahi, baina ezin zaituztedanez guztiok popatik hartzera bidali, banoa ni». Mundu honetatik beste egingo balu legez. Une baterako bakarrik bada ere. Infinitura luzatu gurako balu ere tarte hori. Infinitua zulatu, besoa bezain gurin.

Eta ez al da ba edozein substantziari eskatzen dioguna hori: errealitatearen pertzepzioa aldatzen laguntzea, dela mina baretzeko, dela irudimena pizteko, dela gogoa aktibatzeko. Errealitatea aldatu gabe. Mundua aldatzea ahalegin handiegia baita. Derrota hori.

Keari putz egin dio gure pertsonaiak.

Zenbat hil ziren xiringarekin. Galdetu garaikoei. Erantzungo dizute baietz, poliziak sartu zuela heroina helburu politikoekin. Eta ekonomikoekin ere bai. Zertarako ilegalizatzen da, bada, droga bat, kontsumoa eragoztea lortzen ez badu. Zein da abantaila, kontrol eta aduanetan aberasteko inpunitatea eduki dezaketena ez bada, orduko gazte askatasun egarridunak batak besteari besoa zulatzen zieten bitartean. Izango ote zen egungo jendartea borrokalariagoa belaunaldi hura bizirik balego. Zer ote zatekeen baldin eta, zer ote ginateke gaur baldin orduan, zer oteko gara baldingo bagara. Galdetu hil zirenei. Asmamena behar da gero.

Goma, koilara, txiskeroa, zenbat parafernalia. Nork asmatzen ditu erritualak. Twitter zarratu eta Argia aldizkariko artikulu bat agertu zaio, irakurtzekoen itxaron zerrendan zeukana zabalik: Dopamina. Gure pertsonaia deseroso sentiarazi du, zerbikaletara eramanarazi dio eskua, ordenagailu aurrean zenbat ordu pasatzen dituen gogorarazi baitio, eta giharrak ditu korapiloetan minduta. Dopamina aktibatzen duten mekanismoa darabiltela aplikazio digitalek; zenbat eta denbora gehiago, orduan eta diru sarrera gehiago publizitatearen bidez. Ziria sartua digutela aspaldidanik, Aldous Huxley idazleak iragarri zuen eran: entretenimenduaren morrontza maite dugun esklaboak gara.

Gure pertsonaiak leiho guztiak itxi ditu, eta pentsatu du diruzalekeria dela mundu osoan dagoen adikziorik zabalduena, eta baita hiltzaileena ere. Google. Facebook. Amazon. Multinazionalak. Armadak. Bankuak. Adiktu handienak, bizio itsu baten atzetik: kapitala metatzea mugagabeki, planeta mugagabea balitz bezala. Infinitua zulatu, besoa bezain gurin. Agian keari putz larregi eman dizkio gure pertsonaiak, baliteke, baina ideia printza bat hauteman du ke artean, eta irudipena du baduela zerbait kitzikagarria.

Eta diruarekiko adikzioa estigmatizatuko balu jendarteak?

Betazalak zarratu eta asmamenari eman dio. Mundua alda dezakeelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.